Macronen gobernua nahitaezko soldadutza nola ezarri aztertzen ari da

Daniel Menaouine jeneralak gazteria kontsultatu nahi du; besteak beste, ikasle sindikatuak

Emmanuel Macron, lurreko armadari egin bisitan 2018an. YOAN VALAT / EFE.
Eneko Etxegarai Urain.
Baiona
2018ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
«Soldadutza nahitaezkoa» nola jarri aztertzen ari da Frantziako Gobernua. Daniel Menaouine jeneralak hartu du lantaldearen ardura, eta gazteak kontsultatzea aurreikusi du. Soldadutza ez diote deitzen, ordea, baizik eta Zerbitzu Nazional Unibertsala. Menaouinek uste du nahitaezkoa izateak arazoak sor ditzakeela. Izan ere, gobernuaren erreformen kontra jadanik mobilizatzen ari da gazteriaren parte bat, eta soldadutzarekin kontu handiz ibili nahi dute haren eramaileek, lizeoko zein unibertsitateko ikasle gehiago karrikara ateratzen ahal lituzkeelakoan. Gerta ez dadin, «Zerbitzu Nazional Unibertsala definitzeko» gazteria kontsultatzea proposatu du generalak, eta Emmanuel Macron Frantziako presidenteak onartu egin du. Erreferendumaren ideia baztertu bada ere, gazte antolakundeen iritzia eskatzea aurreikusi dute: ikasle sindikatuak, Gazte Langile Kristaua... Baina gazteria osoaren iritzia eskatzeak baditu bere arriskuak, eta oraindik ez da argi nola iragango den.

«Nazioa egiteko hilabeteko zerbitzu militar nahitaezko eta unibertsala» nahi zuen Macronek hauteskunde kanpainan. Udaberri honetarako espero ziren lehen pausoak, baina inolako egutegirik ez dago oraingoz, eta lantaldeak eginiko txostena gobernuan aztertzen ari dira.Txostenak «nahitaezko» zerbitzua izateak dakarren arriskuaz ohartarazi du gobernua, nahiz eta aldi berean zerbitzu militarrak derrigorrezkoa izan beharduela dioen lantaldeak. Honela formulatzen dute egitasmoa: «Zerbitzu Nazional Unibertsala ez da pentsatua edo ulertua izan behar gazteria bihurriari epe batez egiazko balioak eta autoritatea irakasteko, helduen proiektu arrazoizko eta zaharkitu bat bezala».

«Nahitaezkoa» izateak FAGE, eta UNEF unibertsitateko ikasle sindikatuen aurkakotasuna eragin du. Le Monde egunkariari egin adierazpenetan, Jimmy Losfeld FAGEko lehendakariak adierazi du: «Nahitaezko zerbitzua jasango du gazteriak, eta porrotera kondenatua da. Engaiamendua derrigortzen bada, gazteek ahal duten guzia egingo dute ihes egiteko». Lehen ministroari lotutako Gazteriaren Politiken Orientazio Kontseiluak ere borondatezko zerbitzu baten alde egin zuen urtarrilaren 30ean.

Lantaldeak aurkeztu txostenak proposatzen du «Zerbitzu Nazional Unibertsal derrigortua» bi txandatan egitea: hamabost eguneko bi aldi, 15 eta 18 urte bitartekoentzat. Lehen bi asteak oporretan igaroko lirateke, «balioetan zentratuak», «kohesiorako» eginak; gazteak elkarrekin aterpetzea aurreikusten du txostenak. Beste hamabost egunek «engaiamendurako proiektu kolektibo bat» muntatzeko balioko lukete. Ondoren engaiamendurako bigarren fase baterako aukera izango lukete gazteek, hiru edo sei hilabetez, 25 urtetik aitzin, eta norberaren borondatearen araberakoa.

Boluntariotzarako prest

Gazteriaren Zuzendaritzaren 2016ko inkestaren emaitzen arabera, 18 eta 30 urte artekoen %56 prest agertu dira elkarteetan boluntario izateko. Are gehiago, France Benevolat erakundeak azaldu du 2010etik 2016era 15 eta 35 urte bitartekoen boluntario kopurua %33 emendatu zela. Olivier Galland CNRS ikerketa zentroko zuzendariaren arabera: «Zappinga egiten dute: engaiatzen eta desengaiatzen dira; eskaintza erakargarri egin behar zaie».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.