Atutxak dio badagoela aukera eta beharra abertzaleen elkarlanerako

Aste honetan harremanetan jarri dira Bizkaiko EAJ eta Sortu, EAJren BBBko buruaren esanetan

Erredakzioa
Bilbo
2014ko urriaren 11
00:00
Entzun
Hobetzen ari dira berriz EAJren eta EH Bilduren arteko harremanak. Hala sumatu daiteke, behintzat, bateko eta besteko bozeramaileek azken egunetan emandako mezuak ikusita. EAJren Bizkai Buru Batzarreko buru Itxaso Atutxak ere era berean hitz egin zuen atzo, Euskadi Irratian. Autogobernu handiagoa edo prozesu subiranista bat bultzatzeko aukeraz galdetuta, «elkarrizketarako eta elkarlanerako gune baten» aukeraz aritu zen: «Alderdi politikoak baino gehiago, herria izango litzateke horren onura nabarituko lukeena. Uste dut beharra ere badagoela». Gainera, Bizkaiko EAJ eta Sortu harremanetan jarri direla jakinarazi zuen.

Aste honetan egin dute bilera Bizkaiko zuzendaritzek, Atutxaren esandakoaren arabera: «Nik uste dut hitz egiteko bidea zabaldu dugula, eta hori da garrantzitsuena». EBB eta Sorturen Nazio Kontseilua ere harremaniraunkorrean dira uztailetik. Astelehenean, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin egindako bileraren ondoren, EH Bilduko legebiltzarkide Hasier Arraizek nabarmendu zuen «jarrera aldaketa» sumatu dutela, eta posible dela «luze gabe» akordioak egitea.

Eusko Jaurlaritzan PSE-EErekin egin zuten akordio nagusia jeltzaleek, eta Bizkaian ere PPri eta sozialistei esker onartu zituzten aurrekontuak. Atzo, bereneurrian jarri nahi izanzuen Atutxak adostasun hori: «Garbi gelditu zen [EAJ-PSE] akordioa ez dela gobernua iraultzeko akordio bat. Astero gabiltza akordioak lortu nahian, ez daukagu egonkortasun handiagoa».

Aldebikotasuna eta PSOE

Urkulluk bezala, Gipuzkoa, Bizkai eta Arabaren eskubide historikoen bidea defendatu zuen Atutxak: aldebikotasunetik, «estatuaren beste egituraketa bat» baliatzea, erabakitzeko eskubidea legean txertatzeko. PSE-EEri eta PSOEri begiratu zien horretarako: «Zain gaude ea sozialistek beste jarrera bat erakusten duten Espainian. (...) Ez dakit horretarako dauden orain, baina etorriko balitz, aldebikotasun horretan sakontzeko aukera izan daiteke».

Bake prozesuaren inguruan ere ireki da aukera EAJ eta EH Bilduren elkarlana sakontzeko. Zehazki, Eusko Legebiltzarreko lantaldean. Lokarriren agurra baliatuz, Atutxak nabarmendu zuen «bizikidetzaz» ere hitz egin behar dela «bakeaz» aritzean, eta horretan badagoela zer egin alderdien artean. PSE-EEri leporatu zion, gehienbat, bake lantaldea geldirik egotearen ardura: «Hutsik handiena PSE-EEk egin du».

Lantaldearen martxa berreskuratzeko «zoru etikoaren birdefinizio bat» egiteko aukera mahai gainean dago, eta prest agertu da EH Bildu. Pausoa «alderdi espainolistek» eman behar dutela dio Atutxak: «Hori lortzeko besteok berridazketa bat egin behar badugu, egingo dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.