Lagun zaharren kontseilua

PSNren ekimenez eta UPNren botoekin, prozedura azkar bidez onartu dute gizarte elkarrizketaren kontseiluaren legea.

CCOO, UGT eta CEN finantzatzea egotzi diete EH Bilduk, Geroa Baik eta PPk
UPNko Carlos Garcia Adanero, PSNko Roberto Jimenez, PPko Ana Beltran eta Jose Javier Esparza, atzo.
UPNko Carlos Garcia Adanero, PSNko Roberto Jimenez, PPko Ana Beltran eta Jose Javier Esparza, atzo. I. ZABALETA / ARP.

Joxerra Senar -

2014ko azaroak 7
«UPNrekin, ezta oinordetza jasotzera ere». Juan Jose Lizarbek parlamentuan adierazpen arranditsu hori egin eta gutxira, PSNk eta UPNk bat egin zuten gizarte kontseiluaren foru legea aurrera ateratzeko. Lege proposamenak marka guztiak hautsi ditu. Urriaren 4an aurkeztu zuen PSNk, eta prozedura azkar bidez onartu zen atzo, osoko bilkuran 90 minutuko eztabaida egin ostean. Gainerako alderdiek aurkeztutako zatikako zuzenketa guztiak atzera bota zituzten UPNk eta PSNk. Gizarte elkarrizketaren eredua «instituzionalizatu» nahi du kontseiluak, eta han eserlekua izango dute gobernuak, CEN Nafarroako Enpresaburuen Elkarteak eta «ordezkaritza handieneko sindikatuek»; hots, CCOOk eta UGTk. Hiru erakundeok UPNren eta PSNren arteko gerturatze politikoak txalotu dituzte, eta PSNk zein UPNk legealdiaren hondarrean oparia eskaini diete lagun zaharrei.

Prozeduraren tramitazioa hain azkarra izateak gainerako alderdi ia denen susmoa piztu du. Nafarroako Gobernuak berak ez du azterketarik aurkeztu, eta denborarik ez diola eman arrazoitu du. Gainera, legeak ez du parlamentuko talde juridikoaren ebazpenik, Nafarroako Kontseilua organo aholku emaileak ez du bere iritzia eman, eta, azkenik, legeak ez ditu aintzat hartu Kontuen Ganberaren irizpideak. Izan ere, Kontuen Ganberak 2012an egindako txosten baten arabera, CCOOk, UGTk eta CEN elkarteak 2008tik 2010era bitartean 61 milioi euro jaso zituzten lanbide heziketako laguntza moduan.

EH Bilduko bi taldeek, Bilduk eta Aralar NaBaik hitz egin dute gogorren legearen aurka. Bilduko Maiorga Ramirezen esanetan, «lotsagabekeria hutsa da, prozedura azkar bidez eta ezkutuan onartu nahi izan dutelako 545 milioi euro kudeatzea helburu duen kontseilua». Zifra hori aipatuta, Ramirezek erreferentzia egin dio urriaren 3an Nafarroako Gobernuak, CENek, CCOOk eta UGTk hitzartutako 545 milioi euroko planari. «Nafarroako Gobernuari denborarik ez badio eman legea aztertzeko, nolatan onar dezake parlamentuak? Lege honen helburua da negozio bat sortzea eta erregimena sendotzea».

Aralar NaBaiko Txentxo Jimenezek ere erregimenaren sostengu izatea aurpegiratu die CCOO, UGT eta CENi: «Haiek hitzartzen dute, haiek diseinatzen dute, haiek esaten dute zenbat diru behar den, haiek diote zer programa ezarri, haiek diote zer eskaintza egin, eta haiek jasotzen dute dirua». Haren esanetan, «ustelkeriaren oinarria» da gizarte elkarrizketaren eredua, «borondateak erosi eta pagatzeko balio duelako». Adierazgarria iruditu zaio legea «PSNren eskutik» etortzea eta «UPN pozarren izatea». Haren esanetan, ohiko prozedurak ere ez dituzte errespetatu: «Ez dut pentsatu nahi onuradunek dirua berehala behar dutela».

Ezkerraren ohartarazpena

EH Bilduren kritikak ez ditu gustuko izan Ezkerra koalizioak. «UGT eta CCOO ez dira ezeren sostengu». Bere erabakiak, eztabaidagarriak izanagatik, zilegizkoak direla deritzo: «Erabaki horiekin bat egiteak ez du eskubidea ematen irainen edo delitu inputazioen eremuan sartzeko». Hala, maiatzeko hauteskundeei begira ohartarazpen argia igorri dio EH Bilduri. «Aldaketa diferenteen arteko akordiotik pasatuko da, eta jarrera horiekin UPN dago kontentu. Posizio horiekin, diferenteen arteko akordioa oso zaila izango da». Ezkerrak, dena den, lege proposamenaren aurka bozkatu du. Haren ustez, heldu behar zaio erakundeak finantzatzeko eztabaidari, baina ez horrela.

PPko Ana Beltranek, Nafarroako gizarte elkarrizketaren eredua defenditu arren, oso gogor hitz egin du kontseiluaren aurka. «Lotsatu egin beharko zenukete lege hori babesten duzuenok. Nafarrei dirua kentzen ari zarete, beste batzuei emateko». Haren irudiko, kontseiluak ez luke kosturik izan behar, eta ez luke izaera betearazlea izan behar. «Nafarroako Gobernuari funtzioak kendu nahi al dizkiote?».

Geroa Baik ez ditu gustuko izan «ez moduak, ez edukia». Manu Aierdiren irudiko, gizarte elkarrizketaren instituzionalizatzeko mozorroarekin, «sindikatuen eta enpresa elkarteen finantzaketa ekarri nahi da eztabaidara», eta erakunde horien diru arazoak konpondu.

UPNk eta PSNk entzungor egin diete kritikei. Juan Jose Lizarbek eta Coro Gainzak nabarmendu dute Europako herrialde aurreratuenetan administrazio publikoen, sindikatuen eta enpresa elkarteen arteko elkarrizketaren gune iraunkorrak daudela eta krisiari «hobeto» aurre egiteko balio izan dutela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna