Enpresa txikien alde ezer ez egitea egotzi dio LABek FVEM patronalari

Metaleko enpresa askori babesik ematen ez dielako, sindikatuak FVEMen existentzia zalantzan jarri du.Patronalaren jarrerarekin bat egiten ez duten enpresaburuekin hitz egiteko prest dago LAB

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2015eko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Zuzena eta argia izan da Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiaren adierazpena: «Ez dugu arrazoirik ikusten FVEMek existitzen jarraitzeko». Ez du arrazoirik ikusten, Bizkaiko metaleko patronalak enpresa txikien interesak «ez dituelako Eusko Jaurlaritzaren aurrean defendatzen», eta ez duelako «inongo proposamenik aurkeztu» euren egoera hobetzeko. «Askotan, enpresa txiki horiek euskarri bakarra dute aurrera ateratzeko: jabeek eta langileek egiten dituzten ahaleginak. Eta askotan eginahal horiek ez daukate behar bezalako babesik». Horren guztiaren aurrean ezer aurkeztu ez izanagatik jarri du Etxaidek FVEMen existentzia zalantzan.

Duela bi aste egin zuen patronalak prentsaurrekoa, eta han azaldu zuen aurten mila lanpostu inguru sortuko dituztela metalgintzako enpresek. Jose Luis Lopez presidenteak ondoren adierazi zuen enplegu gehiago sortzen den garairako arazoak izan ditzaketela, kualifikazio maila txikiegia dagoelako. Adierazpen horiek ere «larriak» iruditu zaizkio Etxaideri, egoeraren erantzuleak langileak egin zituelako Lopezek. Eta ondoren datuak jarri ditu mahai gainean: langileak kaleratzeko batez beste 616 euro bideratzen dituztela enpresek, eta heziketara, berriz, 175 euro. «Beraz, era horretako adierazpenak egin beharrean, hobe lukete langileen heziketara diru gehiago bideratuko balute».

Patronaleko buruak, bestalde, gazteek «moketa lantegiak baino nahiago» dutela esan zuen, eta horri ere erantzun dio Etxaidek. «Ez da egia lanik gabe dauden pertsonek ez dutela lanik egin nahi, eta horren adierazle da Mercadonan 80 lanpostuetarako 2.000 pertsonak izen eman izana». Eta hori agerian uzteko, iraupen luzeko langabe eta kontratu partzialak dituzten gazte eta emakumeen sinadurak bilduko ditu LABek ondoren lan eskaera hori enpresa eta patronalera bidaltzeko.

Hainbat aurreikuspen

Patronalari egindako kritikak ez dira hor amaitu, ordea. Aurten ekonomia hazi egingo dela esaten ari dira enpresariak eta Jaurlaritza, baina ikuspegi baikor horri errezeloz begiratu diote sindikatuetako ordezkariek. Hala azaldu du Asier Imaz industria federazioko idazkariak: «Krisia hasi zenetik EAEko ekoizpen sarea %20 murriztu da, eta soldaten jaitsiera prozesua handitu egin da». Horrez gain, langabeziari ere begiratu dio. Iaz 38.000 pertsona ari ziren industriari lotutako lan baten bila, eta 25.000 eraikuntza arlokoan. Bestalde, gogorarazi du enpresa baterako behar egiten duten 1.636 autonomo berri egin zirela ere 2014an, «eta ez du horrek lan baldintzarik bermatzen». Azkenik, negoziazio kolektiboaren egoerari ere begiratu dio, hitzarmen gehienak blokeatuta daudelako, eta metaleko itun «duina» eskatu. Hala ere, Etxaide jakitun da patronalaren adierazpen eta jarrera horiekin ados ez dauden enpresariak badirela, eta eurekin hitz egiteko asmoa erakutsi du «harremanetarako esparruak» sortzeko. Baldintza hobeak eta irtenbideak bilatzea da asmoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.