Andre bati jaietan egiten saiatu zaizkion sexu erasoa salatu du Getxoko Udalak

Igandean egin zioten eraso emakume bati.Gasteizen erasotzaile bat atxilotu dute; jaiek iraun duten bitartean, bost gizon atzeman dituzte

Gasteizko jaietan eraso sexisten aurka egiteko protokoloaren aurkezpena. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
2015eko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Emakume batek joan den igandean Getxoko (Bizkaia) jaietan salatutako sexu erasoa gaitzetsi du Getxoko Udalak. Itzulbatzeta auzoan gertatu zen erasoa, goizaldean. Erasoa jasan zuen emakumeari «laguntza» eskaini eta «elkartasun osoa» adierazi dio Udaleko Bozeramaileen Batzordeak. Halaber, kasua «lehenbailehen» argitzeko eskatu dio Ertzaintzari. Udalak getxotar guztiei dei egin die emakumeen aurkako «eraso guztiak» salatu ditzaten, «berdintasunean oinarritutako gizarte bat lortzeko».

Gasteizen, berriz, udaltzainek gizonezko bat atxilotu zuten atzo, 00:30 aldera, eraso sexista egotzita. Polizia iturrien arabera, gizonezkoak garaje batera sartu zuen bere bikotekidea, ileetatik tiraka, eta jipoitu egin zuen. Liskarraren lekukoek deitu zioten Udaltzaingoari. Emakumea anbulantzian eraman zuten erietxera, eta gertaturikoa salatu zuen. Gizonezkoak 33 urte ditu.

Gasteizen Andre Maria Zuriaren festak hasi zirenetik indarkeria matxista egotzita atxilotu duten bosgarren gizonezkoa da atzokoa. Lehendabizikoa ostegunean atzeman zuten, eta beste hirurak, igandean. Bost atxilotuetatik hiruk 21 eta 22 urte bitartean dituzte.

Sexu erasoen kezka

Gasteizko Udaleko EH Bilduk eta Irabazik «kezkatuta» hitz egin dute eraso sexista horien inguruan, hiriko festen balorazioa egitean. Miren Larrion EH Bilduko bozeramaileak arreta berezia jarri du atxilotuen adinean. Erasotzaileak «hain gazteak» izatea kezkagarria dela uste du. Oscar Fernandez Irabaziko zinegotzia «festetatik haratago» iritsiko den protokolo baten alde azaldu da, «pedagogiatik salaketaraino eman beharreko pauso guztiak bilduko dituen» protokolo baten alde.

Ernai gazte antolakundeak ere gertaturikoa salatu du, eta «erasoen eta erasotzaileen aurka agertzeko» exijitu die instituzioei, baita horien kontrako «neurriak» hartzeko ere. Gainera, Gorka Urtaran Gasteizko alkatearen jarrera gaitzetsi du: «Jaiak lasaitasun osoz gertatu direla esateko azal gogorra izan du, hainbat eraso sexista izan arren».

Bai Gasteizko Udalak eta bai Ernai gazte antolakundeak azken egunotan mugimendu feministaren eta Blusen eta Nesken Batzordearen arteko ika-mikei erreparatu diete Gasteizko eraso matxisten eta festen balorazioa egitean.

Ernai gazte antolakundeak «elkartasun osoa» agertu die Gasteizko mugimendu feministako kideei. «Gogor» salatu ditu mugimenduari egindako erasoak: «Bai fisikoak eta bai komunikabideetatik eratorritako manipulazio eta kriminalizazio saialdiak ere».

Bestalde, Larrionek eta Fernandezek ez dute kasu horretan «tematu» nahi izan. Larrion «atsekabetuta» azaldu da, emakume bat iraindu zuten sei blusen kasua festen erdigunean kokatu delako. Fernandezek, berriz, uste du ez dela ondo jokatzen ari «erasoa jasan zuen emakumeaz oso gutxi hitz eginda eta sei blusen inguruan, ordea, horrenbeste».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.