Pamplonica enpresan lanera itzuliko dira gaur, akordioa lortu ondoren

2012ko hitzarmena oinarri hartuta, urtarrilaz geroztikako soldatak %20 igoko dizkiete langileei, eta apiriletik zor dietena ere pagatuko diete

Pamplonicako langileek maiatzean egindako protesta bat. ELA.
Arnaitz Lasarte.
2015eko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Soldatak igota, eta atzerapenak ordainduta, gaur itzuliko dira lanera Pamplonica enpresako langileak. Azken hiru hilabeteak greban igaro dituzte, baina zuzendaritzak eta langileen batzordeak akordioa lortuta, beren lanpostuetara itzuliko dira. Pamplonica txerri haragiaren sektorean oso ezaguna da. Batez ere, bere produktu izarrarengatik: txorizoarengatik. 1927an jarri zuten martxan enpresa, eta Nafarroako enpresa historikoetako bat da. Egun, 70 langile inguruk egiten dute lan, Noainen eta Beriainen dituen lantegietan.

ELAk ohar batean azaldu duenez, zuzendaritza eta langile batzordea ados jarri dira. Ondorioz, apiriletik zor dizkien soldatak ordainduko dizkie langileei, eta 2015eko urtarrilaz geroztikako diru sariak ere %20 igoko dizkie, 2012ko hitzarmena oinarri hartuta. Langileek maiatzaren 14an hasi zuten greba mugagabea. ELAren arabera, zuzendaritza ez zen betetzen ari 2012an bi aldeek lortutako akordioa. Nafarroako Gobernuaren oniritzia izan zuen hitzarmen hark, eta besteak beste, soldataren inguruko neurriak adostu zituzten. Urte hartako ekainetik 2014ko abendura arte soldatak %20 jaistea adostu zuten, eta aurtengo urtarriletik aurrera berriro igotzea, batez besteko horretan.

Enpresak, ordea, beste proposamen bat egin zion langileen batzordeari, 2012an hitzarturikoa ezin zuela bete argudiatuta. Soldaten %20ko murrizketak beste urtebetez luzatzea nahi zuen, eta datorren urtean itzultzea lehengo soldatetara. Langileek ez zuten onartu proposamen hori, apirileko soldatak ere ez zizkien ordaindu, gainera, eta langile batzordeak greba mugagabea hastea erabaki zuen. ELAk gehiengo osoa du batzordean eta ordezkari bana dute UGT eta CCOO sindikatuek. Lehenak ez zuen babestu greba, eta bigarrenak langile bakoitzaren esku utzi zuen greba egin edo ez.

Azkenean, baina, akordioa lortu dute bi aldeek. ELAk ez du eman xehetasun gehiagoren berri, baina jakinarazi du zuzendaritzarekin adostu duela behintzat bi eskaera nagusiak betetzea; hau da, urtarrilaz geroztikako soldatak %100 ordaintzea, eta apiriletik zor dietena ere ordaintzea. Sindikatuak azken hilabeteetan egindako mobilizazioak goraipatu ditu: «Langileen batasunarekin lortu dugu zuzendaritzaren intrantsigentziari aurre egitea».

Laguntza publikoa

ELAren arabera, lantaldeak hitzartutakoa bete zuen 30 hilabetez soldatak %20 jaitsita, eta zuzendaritzari zegokion orain urratsak egitea. Are gehiago, kontuan hartuta Nafarroako Gobernuak 500.000 euro bideratu zituela enpresara 2012ko akordioa lortzeko. 2008tik 2010era bitartean ere 16 milioi euroko laguntza publikoa jaso zuen enpresak, Iruñeko Zaragoza etorbideko lantokia eraitsi, eta jarduera Beriainera eta Noainera lekualdatzeagatik.

Greba bertan behera utzita, zuzendaritzaren aldetik aurrerapauso gehiago nahi ditu sindikatuak, bertako jarduera bermatu, eta enpresa «behin betiko» suspertu dadin —konkurtso legean dago uztailaren 23az geroztik—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.