Sanferminetako bortxaketa genero indarkeria gisa epaitzeko eskatu dute

Espainiako legediak ez du aitortzen izaera hori; Nafarroakoak, bai. Auzipetuek deklaratu dute

Uztailaren 8an Iruñeko Udaletxe plazan sexu erasoa salatzeko egindako elkarretaratzea. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Ibai Maruri Bilbao.
2016ko irailaren 3a
00:00
Entzun
«Espainiako legediak ez du genero indarkeriatzat jotzen bortxaketa. Nafarroakoak, ostera, bai. Horregatik, Nafarroako Genero Indarkeriaren Legea erabilita epaitzea nahi dugu, kasu honetan ez dagoelako inolako zalantzarik: bortxaketa hau genero indarkeria da», aldarrikatu du Tere Saez ekintzaile feminista eta Ahal Dugu-ko parlamentariak. Zehaztu du NBE Nazio Batuen Erakundeak genero indarkeriatzat daukala bortxaketa. Nafarroako Justizia jauregiko atarian egin zituen adierazpen horiek, atzo. Izan ere, Iruñeko 4. Instrukzio Epaitegiko epaileak deklarazioa hartu zien aurtengo sanferminetan emakume bati eginiko sexu erasoa leporatzen dieten bost gizonei. Bost sexu eraso delitu eta indarkeriaz edo larderiaz egindako lapurreta delitu bat egozten dizkie epaileak guztiei. 500.000 euroko bermea ipini zien instrukzio epaileak joan den abuztuan.

Bost auzipetuetatik bakar bat ere ez zen epaitegian egon: guztiek bideo konferentziaz erantzun zituzten epailearen galderak. Abokatuak baino ez ziren egon aretoan. Gainera, euretako bi espetxe berezietan dituzte, bata militarra delako eta bestea guardia zibila: Madrilgo espetxe militarrean dago aurrenekoa; Logroñoko (Errioxa) funtzionarioentzako espetxean bigarrena. Haiek deklaratu bitartean, Astelehen Lilak, Andrea eta Betaurreko Moreak talde feministek elkarretaratzea egin zuten epaitegiko atarian. Saez izan zuten bozeramaile.

Besteak beste, «pribilegiotzat» jo zuen auzipetuek epaitegira joan gabe deklaratu ahal izatea. «Ez dugu ulertzen nola onar daitezkeen halakoak. Nahikoa pribilegio sufritu genituen Nagore Laffageren kasuan». Hiru elkarteek auziari adi erreparatzeko asmoa dute. Iragarri dute epaiketak irauten duen bitartean atzo bezala elkarretaratzeak egingo dituztela, erantzunik gabeko erasorik ez dutela nahi aldarrikatzeko. Hain zuzen, lelo hori zuen haien pankartak.

Saezen esanetan, haientzat lehentasuna biktimaren ongizatea bermatzea da; horrek kezkatzen ditu gehien. «Gogoratu nahi diogu behar dituen baliabide guztiak eskura izan behar dituela. Horretarako eskubidea duela. Badakigu baliabide asko jarri dizkiotela, baina bide horretan jarraitu behar da. Beharrizan guztiak ase behar dizkiote erakunde publikoek». Era berean, mugimendu feminista «ondoan» izango duela adierazi zioten.

Auzipetuetako batzuen abokatuak ere hitz egin zuen epaitegi atarian. Haren arabera, bost gizonak «errugabeak» dira. «Epaiketan argi geratuko da gertaera ez zela salaketak jasotzen duen moduan izan. Sexu harremanak baimenduak izan zirela frogatuko da, eta ez bakarrik bideo batek hori erakusten duelako. Badira beste froga batzuk».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.