Israelek 3.500 etxebizitza eraiki ditu jada palestinarren lur pribatuetan

Nazio Batuen Erakundeak Benjamin Netanyahuri egotzi dio bake prozesuaren alde pausorik ez ematea. Netanyahu Vladimir Putinekin elkartu da Iranek Sirian duen presentziaz jarduteko

Israelgo hondeagailuak, etxebizitzak egiteko lurra prestatzen, Zisjordanian, ekainaren 21ean. ATAF SAFADI / EFE.
2017ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Palestinarren lur pribatuetan Israelek 3.500 etxebizitza eraiki ditu de facto, Israelgo Administrazio Zibilak egindako txosten baten arabera. Kokaleku horiek, berez, legez kanpokoak dira, baina Israelgo Parlamentuak otsailean onartutako Erregularizazio Legeak gobernuaren onespena eman zien: Zisjordaniako lur okupatuetan «fede onarekin»—Palestinako lur pribatuak direla jakin gabe— eraikitako kokalekuek Israelen onespena izan dezakete, betiere palestinarrek ordainsaria jasotzen badute.

ACRI Israelgo Eskubide Zibilen aldeko Erakundeak eta Bakea Orain erakundeak lege hori bertan behera uzteko eskaera egin zioten martxoan Israelgo Auzitegi Gorenari, eta, astelehenean, eskaerari kasu eginez, saioa egin zuten neurri hori aztertzeko. Gobernuak lege horren babesean hitz egin zuen, eta adierazi zuen arau horrekin palestinarrak onuradun aterako direla jasotzen duten ordainsaria dela eta. Kolonoak okupatutako lurretan «tokiko biztanletzat» hartu ditu gobernuak. Eskaera sinatutako erakundeek gogor kritikatu dute gobernuaren erantzuna, eta Erregulazio Legeak nazioarteko araudiak urratzeaz izateaz gain, Israelgo Konstituzioa ere urratzen duela salatu dute, lege oinarrizkoena «bortxatzen» duelako: «Giza duintasunaren eta askatasunaren aurka doa, erakundeek ahalbidetzen baitute palestinarrei lurrak edukitzeko eskubidea ukatzea. Gobernua oso urruti joan da oraingoan, lurrak lapurtu dizkieten palestinarrak onuradun aterako direla esatean».

Nazioartean ere, gogor jo dute Israelgo Gobernuaren aurka. NBE Nazio Batuen Erakundeko Miroslav Jenca Gai Politikoetarako idazkariordeak Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroari egotzi dio bakearen aldeko pausorik ez ematea. Segurtasun Kontseiluan astelehenean egindako agerraldian, azkenaldian Israelen izandako zenbait gertakariren inguruan mintzatu zen, eta garrantzi berezia eman zion Netanyahuk kokalekuei emandako babesari. «Gertakari hauek erakusten dute bi estatuen konponbidearen kontra daudenak nagusitzen ari direla». Kolonoek Hebron hiriko eta Halamish kokaguneko eraikinak «ilegalki okupatzea» ere salatu zuen Gai Politikoetako idazkariordeak. Aldi berean, gogoratu zuen uda honetan Jerusalemgo Meskiten Zelaigunean izandako gertakariek agerian uzten dutela beharrezkoa dela konponbidea. 1967 urtetik, 500.000-600.000 israeldar inguru mugitu dira Palestinako lur okupatuetako kokalekuetara.

Bestalde, Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidentearen aholkulari eta suhi Jared Kushner Jerusalemera iritsi zen atzo, bake prozesuan laguntzeko asmoarekin, eta gaur elkartuko da Netanyahu lehen ministroarekin eta Mahmud Abbas Palestinako Aginte Nazionaleko presidentearekin. Hala ere, hainbat buruzagi palestinarrek ez dute konfiantzarik AEBetako ordezkariek bake prozesuan izango duten rolarekin: «Palestinarrok ez negoziatzeko erabakia hartu dugu Israelek etxebizitzak eraikitzen jarraitzen badu, eta AEBetako ordezkariek ez dute jarrera argi bat erakutsi bake prozesuari berriz ekiteko».

Netanyahu-Putin

Israel eta Palestinaren arteko gatazkak amaierarik ikusten ez duen bitartean, Netanyahu Vladimir Putin Errusiako presidentearekin elkartu zen atzo, Itsaso Beltzaren ertzean dagoen Sotxi hirian. Hala ere, ez dirudi bere herrialdeko gatazkak asko kezkatzen duenik Netanyahu, beste gai batez hitz egiteko elkartu baitziren. Gaur egun, gehiago kezkatzen du Iranek Sirian duen presentzia gero eta handiagoak.« Iran sekulako esfortzua egiten ari da Sirian bere presentzia herrialdean indartzeko. Hori arrisku handia da Israelentzat». Baina, kontuan izanda Iran Moskuren aliatua dela Sirian, pentsatzekoa da Putinek ez duela esfortzu handirik egingo Iran estutzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.