Mezua usteldu du polemikak

Zalaparta sortu du Bilboko Udalak jaietan banatutako material batek: droga kontsumoan arriskua murrizteko xedea zuen. Polemika ezjakintasunak sortu duela salatu du Ai Laket-ek.
Jaietako droga kontsumoaren inguruan kezka agertu du Bilboko Udalak; irudian, Aste Nagusiko une bat.
Jaietako droga kontsumoaren inguruan kezka agertu du Bilboko Udalak; irudian, Aste Nagusiko une bat. M. RAMIREZ / ARP

Asier Arrate Iruskieta -

2017ko urriak 6
Droga kontsumoa eta haren arriskuak murrizteko kanpainek polemika piztu izan dute hainbatetan. Mezua helarazteko moduek, proposatutako neurrien inpaktuak edota talde batzuenganako eraginek ekarri dute kanpainak eztabaidagai bihurtzea. Bilboko Udalak informazio pertsonalizatuko guneen kanpainaren barruan banatutako material batek sortu du azkena. Zehazki, kokaina edo speed lerroak birrintzeko txartel batek: Birrindu ongi zure marra lelopean, substantziak ondo txikitzeko txartelak banatu zituzten, baita turuloak ere, ez partekatzeko gomendioarekin.

Udalaren kanpainaren helburua zen droga eta sexu gaietan orientazioa eta aholku pertsonalizatua eskaintzea. Yolanda Diez Osasun eta Kontsumo zinegotziak azaldu du materiala ez zela unibertsala: «Erabiltzaileei soilik eman zitzaien; pertsonalizatua eta selektiboa izan zen». Zinegotziak gogoratu du informazio guneak 2008tik ari direla lanean, eta bertako metodologia, materialak eta edukiak «une oro» ikuskatzen dituela adikzioen inguruan udalak duen aditu taldeak. Edonola ere, material horren irudiak testuingurutik kanpo hedatu ziren, eta kanpaina hedabideetan agertzeak PPren eskaera bar ekarri zuen: kanpaina bertan behera uzteko.

Informazio pertsonalizatuko guneak Bilboko Udalaren programa baten barruan daude: droga eta sexu gaietan aholkularitza pertsonalizatua eskaintzen du. Gazteentzako da, eta aurten zapatuero egon da programako furgoneta gazteak presente dauden gaueko aisialdi guneetan. Lau langilek osatzen dute taldea, eta kontsulta indibidualak, analisiak eta informazio orokorra jasotzeko aukera eskaintzen dute. Kanpainaren aurkezpenean, Diezek azpimarratu zuen programa «ezinbestekoa» dela: «Gazteek zerbitzu dinamikoa eta euren beharretara egokitua izatea nahi dugu, jarrera afektibo-sexualetan eta drogen kontsumoaren inguruan dituzten jokabideen inguruan pauta osasuntsuagoak, seguruagoak eta arduratsuagoak proposatzeko». Zinegotziak programa defendatu du, gogoratuz 2017an onartutako adikzio planak dakarrela halako kanpainak martxan jartzeko konpromisoa.

Edonola ere, Bilboko Udalak jakinarazi du material horiek ez direla berriz erabiliko, «soilik Aste Nagusirako» prestatu zelako. Dena den, informazio guneekin jarraituko dutela berretsi du. Horrek ez du saihestu, ordea, eztabaida piztea udalean eta hedabideetan.

Arrisku murrizketa

Auzia «testuingurutik atera» egin dela uste du Ai Laket elkarteko kide Unai Perez de San Romanek. Azaldu duenez, material horren helburua prebentzioa lantzea zen; zehazki, arriskua murriztea. Esnifatzeko modu seguruagoen aholkuak alkoholaren inguruan ematen diren gomendioekin alderatu ditu: «Edanez gero ez gidatzea gomendatzea arriskua murriztea da, eta kasu horretan ez dago txarto ulerturik. Material horiek helburu bera zuten». Azpimarratu duenez, helburua ez da «kontsumitu daiteken edo ez esatea», baizik eta kontsumituz gero «ahalik eta modu seguruenean» egiteko giltzarriak ematea.

Ai Laket 2002an hasi zen arrisku murrizketa programekin, eta Perez de San Romanek adierazi duenez, prebentzioaren beste pauso bat da. «Garai batean debekua zen nagusi, eta kontsumitzailea baztertu egiten zen. Nahiz eta beste leku batera begiratu eta kanpainak egin, beti egongo da kontsumitzen jarraituko duen jendea. Haiengan pentsatzen du arriskuen prebentzioak». Egun, estrategia hori oso hedatua dagoela nabarmendu du, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan oso aurreratuta dagoela. «Adikzioen legean sartuta dago: legez arrisku murrizketa jorratu behar dute udalek».

Dena den, Perez de San Romanek ulertzen du polemika sortu izana. «Material hori testuingurutik kanpo ikusteak dakar jendeak ez ulertzea helburua, baina gauza bera gerta daiteke ez bada azaltzen jendea toki batzuetara joaten dela xiringa berriak lortzera, gaixotasunak ez kutsatzeko». Hedabideen jarrera kritikatu du polemika areagotu dutelako. «Kontsumoa sustatzen dela zabaltzeak erakusten du zein handia den prebentzio mota horren gaineko ezjakintasuna».

Adikzioaz aparteko arazoak

Ildo horretan, gaineratu du adikzioan arreta jartzea prebentzio mota hori ez ulertzearen gakoetako bat dela. Izan ere, arrisku murrizketak substantzia kontsumitzeko moduan jartzen du arreta, ez kopuruan. «Kokaina urtean behin kontsumitzen duenak ez du adikziorik, baina hepatitisa harrapa dezake turuloa partekatzeagatik», azaldu du Ai Laket elkarteko kideak. «Kokaina edo speed zati handiak esnifatuz gero, sudurrean zauri txikiak sor daitezke, edo ultzerak». Gogoratu du adikzioez gain badaudela beste osasun arazo batzuk. Legez kanpoko drogen inguruan mito asko ere badagoela erantsi du; tartean, droga kontsumitzen dutenak ez direla euren osasunaz arduratzen. «Alkohola edaten dugunean jakin nahi dugu kalte egingo digun edo ez; bada, honekin berdin».

Programa horien arrakasta neurtzea oso zaila dela onartu du Perez de San Romanek, baina «bere esperientzian oinarrituta» baieztatu du kualitatiboki «oso lagungarriak» direla: «Jende askok kanpainetako jarraibideak segitzen dituzte, eta euren ohiturak aldatu dituzte». Hori dela eta, berretsi du halakoak «beharrezkoak» direla, kontsumituz gero ahalik eta arrisku gutxien izateko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna