Katalunia

Prozesua abiatu du fiskaltzak

Puigdemont Espainiaratzeko eskatu du Alemaniako Fiskaltzak. Ihes egiteko arriskua dagoela argudiatuz, espetxean mantendu du. Gehienez 90 egunen buruan ebaztekoa da Lurralde Auzitegia

Wiebke Hoffelner, Schleswig-Holsteingo fiskal nagusia, atzo, azalpenak ematen. JENS SCHLUETER / EFE.
Igor Susaeta.
2018ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Baikorra da Jaume Alonso Cuevillas Carles Puigdemonten abokatua. Espainiako Auzitegi Gorenak duela hamar egun eman zuenKataluniako presidente ohia Espainiaratzeko agindua, baina Alemaniako Justiziak eskaera uka dezakeelakoan dago; uste du horretarako «elementu sendoak» daudela. Baina Kataluniako prozesu subiranistaren hariramatxinada eta diru publikoaren erabilera okerra delituak leporatuta, Schleswig-Holstein landerreko fiskaltzak eskatu du Puigdemont Espainiaren esku uztea. «Albistea izango zen eskaera tramiterako onartu ez izana», nabarmendu zuen Alonso Cuevillasek atzo, erabakiaren berri eduki ondoren. Gertatu beharrekoa gertatu dela, alegia, haren iritziz. Fiskaltzak argudiatu du Puigdemontek ihes egiteko arriskua dagoela; beraz, Neumuensterreko kartzelan jarraituko du preso, behin-behinean. Han dago joan den martxoaren 25etik.

Schleswig-Holsteingo Lurralde Auzitegiko hiru epaile 90 egunen buruan ebaztekoak dira presidente zena Espainiari entregatzea onartuko duten. Defentsaren argudioak ere hartuko ditu kontuan hemendik aurrera. Jens Bahr auzitegiko bozeramaileak atzo jakinarazi zuenez, «bizpahiru» egunetan erabakiko dute prozesua amaitu bitartean Puigdemont kartzelatuta mantendu ala ez. Atzokoa, hortaz, hiru hilabetez luza daitekeen prozesu juridikoko lehen pausoa da.

Dokumentazioa aztertzen bederatzi egun pasatu eta gero, fiskaltzak, hasteko, ontzat eman ditu Espainiako Estatuak presidente ohiari egozten dizkion delituak. Matxinadari dagokionez, fiskaltzaren txostenak dio delitu hori Alemaniako Zigor Kodearen 81. eta 82. artikuluek jasotzen duten goi traizioa delituaren «baliokidea» dela. Txostenean zehaztapena egin du: «Alemaniako eta Espainiako arautegien bat-etortze berdin-berdina ez da beharrezkoa legez». Fiskaltzaren aburuz, Espainiako Auzitegi Gorenak matxinada egozten dio Puigdemonti, «konstituzioaren kontrako» erreferendum bat egiteagatik, «nahiz eta aurreikusita zegoen istilu biolentoak egongo zirela».

Diru publikoaren erabilera okerrari dagokionez, fiskaltzak zigor kodeko 266. artikuluan topatu du baliokidea. «Agintari espainiarren esanetan, Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren begietara konstituzioaren aurkakoa zen erreferendumaren prestaketa eta gauzatze gastuak 1,6 milioi eurorenak dira».

Alonso Cuevillasek nabarmendu duenez, «auzitegiak aztertuko du euroaginduan deskribatutako delituek zigorra merezi ote duten haien herrialdean, ez egiazkoak diren ala ez». Orain, ikusteko dago Puigdemontek kartzelan jarraituko duen ala ez. Puigdemont beraren audio grabazio bat zabaldu zen atzo; Alemaniako justiziak aske utziko balu ez lukeela ihes egingo azaldu du. Die Linke alderdiko bi kidek egindako bisitan grabatu zuten elkarrizketa. Alemanian elkartasun handia jaso duela jakinarazi du, eta bide demokratiko eta baketsuen aldeko jarrera berretsi du. Abokatuak lanean ari zaizkio, aske utziko balute, Alemanian egoitza aurkitzeko.

Lurralde Auzitegiak kartzelan mantentzea erabakitzen badu, Wolfgang Schombug Alemanian haren abokatua denak iragarri du helegitea jarriko duela Alemaniako Auzitegi Konstituzionalean.

Bruselan erbesteratua zegoenean ere, haren kontrako euroagindua ezarri zuen Auzitegi Nazionalak, eta Puigdemont Espainiaratzea agindu zuen Bruselako Fiskaltzak. Baina epaileak erabaki aurretik, euroagindua bertan behera utzi zuen Auzitegi Gorenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.