Navalen azken flotagailua beste draga baten balizko kontratua da

Tapia sailburua «duela hilabete baino baikorragoa» da ontziolaren etorkizunari dagokionez. Bidean legokeen beste kontratu batek hogei hilabete emango lizkioke ontziolari inbertitzaileak bilatzeko

Living Stone kable ontzia Navaletik ateratzen, orain urtebete. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
xabier martin
2018ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Navalek Baleariarentzat egin behar zuen ferry handiaren kontratua galdu duela jakin zenorain hamabost egun —175 milioi euro—, eta galera hori Sestaoko ontziolaren lurperatzea izango zela zabaldu zen. Baina ez. Navalek beste flotagailu bat dauka gertu: beste draga baten eraikuntza. Arantxa Tapia Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko sailburuak berretsi zuen atzo: «Bigarren draga egiteko kontratua sinatzen bada, hogei hilabeteko epea zabalduko da inbertitzaile berriak bilatzeko, ontziola berriro martxan jar dezaten».

Baikortasun zipriztinak busti dituela Naval, alegia, berez ilun jarraitzen duen geroaren koadroan. «Duela hilabete baino baikorrago» dago Arantxa Tapia, dena den, ontziolaren geroa margotzen ari diren eragile guztiak «norabide berean» ari direlako. «Gauzak konpontzen doaz, poliki-poliki», esan zuen Tapiak, nahiz eta oraindik ez dagoen behin betiko soluzio bat, «ezta gutxiagorik ere».

Naval konkurtsoan dago iazko urriaz geroztik, epaitegiek jarritako kudeatzaile baten zaintzapean. Zor handia pilatu du azken urteetan, tax lease auziaren osteko kontratu batzuetan emaitza ekonomiko txarrak harilkatu eta gero. Eta langileak aldi baterako erregulazioan daude. Horrek guztiak amildegira eraman du ontziola historikoa, eta inbertitzaile berrien behar gorrian da.

Draga berriz, Sestaon

Azken asteetan, ordea, airean zeuden lau ontziren kontratuak «ordenatzea» lortu du zuzendaritzak, Tapia sailburuak berak azaldu zuenez, eta Navalen egoerak beste itxura bat hartu du, batez ere eraikuntzan dagoen draga bukatu ahal izango delako, eta oso litekeena delako beste draga bat egiteko kontratua lortzea. Jose Escribese Navaleko zuzendari nagusiak jakinarazi zuen albistea herenegun, eta berri horrekin batera ontziolari haizea emango lieketen beste aldagai batzuk ezagutarazi zituen.

Adibidez, Suedian eraikitzen ari diren ontzi baten hainbat pieza egiteko kontratua du Navalek; itsas sorgailu eolikoen piezak egiteko parada dauka, era berean. Horrez gain, Frantziako itsas armadaren hamar ontzi desegiteko proiektuan parte har dezake Navalek. Ez dira draga berri bat hasi eta bukatzearen adinako lanak, baina denak laguntzen du.

Van Oord Herbehereetako bezeroarekin akordioa lortu du Navalek, harentzat egiten ari den draga Santanderko ontziolan burutzeko. Draga berria ere harentzat litzateke, baina Sestaon eraikiko litzateke, eta horrek Navalek hain beharrezkoa duen beta ekarriko luke, enplegua bermatua legokeelako inbertitzaileak bilatzen diren bitartean.

Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko sailburuak onartu zuen ez dela batere erraza izango ontziola historikoari gihar finantzarioa emango liokeen inbertitzaile bat topatzea, baina «hainbat pertsonaren interesa» badagoela esan zuen; «Naval bisitatu duten taldeak» aipatu zituen Tapiak. «Lan izugarria dago egiteko oraindik, egoera hori benetako borondate bat dagoen egoera izatea bihurtzeko». Ezeren aurretik draga berriaren kontratua lortu behar da, apirila amaitu aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.