Pentsiodunek indarra erakusten jarraitu nahi dute bihar ere

«Pentsio duinen aldeko» manifestazio jendetsuak espero dituzte bihar Bilbon, Donostian eta Gasteizen. Iruñean ez da mobilizaziorik egingo

Martxoaren 17an jendetza bildu zen Bilbon pentsio duinak eskatzeko. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Irune Lasa.
2018ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Espainiako aurrekontuekin batera irits daitekeen pentsio igoera «ez da nahikoa» euskal pentsiodunentzat. Ez behintzat bihar Bilbon, Donostian eta Gasteizen egingo diren manifestazioetan parte hartzera deitu duten pentsiodunen elkarteentzat. Haiek akordioa bere horretan gaitzetsi egin dute aste honetan egindako mobilizazio eta prentsaurrekoetan. «Pentsio publiko duin baterako eskubidea ez da negoziatzen, gauzatu egiten da». Aldarrikapen hori behin eta berriz entzun da, hasi astelehenean Bilbon egindako elkarretaratzetik eta atzo Gasteizen egindako prentsaurrekoraino.

Adibidez, Arabako Pentsionistak elkarteak atzo prentsaurrekoan azaldu zuenez, murritza da EAJk eta PPk adostutako pentsioen %1,6ko igoera, besteak beste, hurrengo bi urteetarako soilik delako. Gero, airean gelditzen da nola egingo diren 2020. urtetik aurrerako pentsioen eguneratzeak. Izan ere, aurrekontuak egin arren, ez dira desagertuko ez %0,25eko eguneratze indizea, ezta pentsioak bizi-itxaropenaren arabera egokitzeko —murrizteko— iraunkortasun faktorea ere. Azken hori, EAJren eta PPren gobernuaren itunaren arabera, 2023. urtean hasiko lirateke aplikatzen, 2019an hasi beharrean.

Horrez gain, deitzaileen arabera, %1,6ko igoerarekin ez da berreskuratzen pentsioek 2013. urteaz geroztik galdutako erosteko ahalmena, galera hori %1,8koa izan baita, haien arabera.

Aurrekontuen inguruko akordio horren ondoren, pentsiodunak biltzen dituzten zenbait elkarte mobilizazioetatik bereizi badira ere —adibidez, Gipuzkoako Agijupens—, elkarte horiek askatasuna eman diete euren kideei biharko eta maiatzaren 26rako deitutako manifestazioetan parte hartzeko.

Hala eta guztiz ere, deitzaileek espero dute jende asko bilduko dela biharko manifestazioetan; izan ere, Gipuzkoako Adinekoen Plataformaren arabera, haiena ez da pentsiodun elkarteen mugimendu bat, «pentsiodunena baizik».

Gasteizen, manifestazioa eguerdiko hamabietan abiatuko da, Artium plazatik, eta hiriko erdigunea igaro eta Andre Mari Zuriaren plazan amaituko da.

Donostian, 17:30ean hasiko da manifestazioa, eta Cervantes plazatik Bulebarrerainoko bidea egingo du.

Bilbon, berriz, joan den martxoaren 17ko manifestazio handi haren ibilbide bera egingo dute azkenean. 18:00etan hasiko da, udaletxearen parean, eta Jesusen Bihotzaren plazan amaituko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.