Apaiz bat epaituko dute Baionan, adingabe bati eraso egitea leporatuta

Jean-François Sarramagnan Baionako apaiza akusaziopean jarria zuten 2016ko apirilaz geroztik
Marc Aillet apezpikuak 2009tik zuen erasoaren berri, baina ez da damutzen ez salatu izanaz.
Marc Aillet apezpikuak 2009tik zuen erasoaren berri, baina ez da damutzen ez salatu izanaz. I. MIQUELESTORENA

Nora Arbelbide Lete -

2018ko maiatzak 9
Baionako auzitegian apaiz bat epaituko dute irailean, adingabe bati abusuak egitea leporatuta. Pederastia akusazioak 1990eko garaikoak dira, eta, horregatik, hau da akusazioa: «Limurkeriazko atentatua egiteagatik 15 urte baino gutxiago dituen adingabe bati». Orduko legeen araberakoa da izendapena. Akusazio horren pean dute epaituko Jean-François Sarramagnan apaiza, irailaren 11n, Baionako auzitegian. Bost eta hamar urte arteko presondegi zigorra ezar diezaiokete.

Gizonaren iloba da biktima, eta garai hartan 12 urte zituen. Biktimaren amak 2015eko irailean jarri salaketaren haritik dator auzia. 15 urte baino gutxiago dituzten adingabeen kasuan, biktimak 38 urte bete arteko epea dauka salaketa jartzeko. Clermont-Ferrand hirian jarri zuen salaketa, han bizi baita gaur egun. Eta handik zuten bideratu Baionara.

Samuel Vuelta Simon Baionako prokuradoreak 2016ko apirilean iragarri zuen inkesta ireki zuela. Ekainean, instrukzio epaileak hartu zuen auzia bere gain. Sarramagnan apaiza auzipetua da ordutik, kontrol judizialpean. Lourdes iparraldeko Tournay hiriko abadian da; hara bidali du Marc Aillet Baionako apezpikuak.

Aillet, hain zuzen, aferaren parte ere bada. Baliteke bere erantzukizunaren berri eman behar izatea auzi denboran, erasoaren berri izan eta justiziari ez esan izanagatik. Baina akusaziopean ote den ala ez, horretaz ez du deus zehaztu nahi izan Vuelta Simon prokuradoreak: «Segur aski auziak erantzunen die zure galderei». Horixe erantzun dio BERRIAri.

Argazkiak haurrekin

Izan ere, Aillet apezpikuak 2009tik ezagutzen du erasoa. Biktimaren amak gutun bat bidali zion orduan. Sarramagnan apaizak ere aitortu zion. Funtsean, jakinean zen 1990ean Baionako apezpiku zen Pierre Moleres ere.

2007an neska gazte bati eraso izana ere jakinarazi zion Sarramagnanek Ailleti, baina afera horrek ez zuen segidarik izan. Geroztik, ordea, ilobaren amaren gutunak eraso hori izan zuen nolabaiteko abiapuntu, 2009an. Mediapart aldizkariak argitaratu zuen. Hauxe idatzi zion Ailleti: «Eskandalu horrek ez zukeen gertatzerik; horren arduradunak gara, partez». Gainera, eskutitz horretan ditu salatzen apaizaren «ekintza pedofiloak». Polonian egin bidaia bat aipatzen du, non «nire semea egunero «erabili zuen». Geroztik, prokuradoreak aipatu izan du gertakariei buruz zenbait itzalgune badaudela. Baliteke zenbait gertakari Hazparnen (Lapurdi) gertatu izana. Ailletek berretsia du ez dela damutu erasoa ez seinalatu izanaz, «biktima ez zedin berriz ere hobendun senti, bere borreroak bere buruaz beste egin izanagatik». Gaineratu zuen apaiza bi aldiz saiatu zela bere buruaz beste egiten, sendatzen laguntzen zutela, eta haurrengandik urrun atxikitzen. Alta, argazkiak badaude, bai 2011koak, bai 2013koak, non apaiz hori haurrekin agertzen den.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna