Gipuzkoako hondakinak Bizkaian hartzeko hainbat era aztertzen ari dira

Gipuzkoako Diputazioko buruek adierazi dute negoziatzen ari direla Bizkaiko Foru Aldundiarekin
Mallabiko hondakindegia, artxiboko irudi batean.
Mallabiko hondakindegia, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Arantxa Iraola -

2018ko maiatzak 16
Gipuzkoan egun instituzioek 60.000 tona hondakin kudeatzeko ezintasuna dutela gogorarazi zuen atzo Gipuzkoako Diputazioko eledun Imanol Lasak: «Aurreko legealditik datorkigun arazo larria da». Hori dela eta, Bizkaiko Foru Aldundiarekin harremanetan dira, eta hara hondakinak bidaltzeko hainbat modu aztertzen ari dira: «Bi instituzioentzat onena dena aukeratuko dugu».

Hizpide hartu zuen atzo gaia, hainbat hedabidek balizko konponbideen berri eman zutelako. Hain zuzen ere, adierazi zuten Bizkaiak egin duen proposamenetako bat dela hondakinak Zabalgarbiko errauste plantara bideratzea, eta hortik ateratako frakzioa gai inerteentzako Mallabiako hondakindegira eramatea. Albiste horien arabera, Bizkaiko Foru Aldundiko buruak prest daude erre gabeko hondakinak ere hartzeko; baldin eta aurrez tratatzen badira. Irtenbide horien arabera, kanon bikoitz bat pagatu beharko du Gipuzkoak: hondakinak tratatzeagatik pagatzen dena, eta hondakindegira gaiak bidaltzeagatik ipintzen dena. Biak ere «epe baterako» irtenbideak izango direla esan dute Bizkaiko Diputazioan; alegia, amaiera datadunak. Atzo zabaldutako albisteen arabera, astean Gipuzkoatik eramandako 1.200-1.450 hondakin tona tratatu edo erreko lirateke Bizkaian, baldin eta akordio hori gauzatzen bada.

Ez zuen berri horien inguruan baieztapenik egin nahi izan, ordea, Lasak. «Auzi tekniko eta ekonomikoei buruz mintzatzen ari gara». Adierazi zuen, gainera, atzerrian dabilela Ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensio —Munichen da, uraren kudeaketari buruzko azoka batean—, eta hari dagokiola elkarrizketa fasea noiz amaituko den ebaztea.

Zubietan eraikitzen ari diren errauste planta amaituta, horrelako arazoak bukatuko direla esan zuen Lasak. Usu aritu dira horrela foru agintariak, hondakinen arazoaren errua EH Bilduri egozten baitiote, aurreko legealdian errauste planta egiteko egitasmoa bertan behera utzi zuelako. Kritikak badira azpiegitura horren inguruan, ordea. Berritu egin zituen atzo ELA sindikatuak: «Zaborraren tratamenduan Gipuzkoa beste lurraldeen menpeko omen da; badirudi hori dela larriena, ez hondakinak modu iraunkorrean ez kudeatzea». Hondakinak tratatzeko plantak egiteko planak geraraztearen errua jeltzaleena dela esan zuen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna