Emazte bat hilik topatu dute Miarritzeko aparkaleku batean

Auto baten maletategian aurkitu dute gorpua. «Suizidio bikoitzaz» mintzatu da haren senarra

Emaztearen gorpua Cent Marcheseko aparkalekuan aurkitu zuten, ibilgailu bateko maletategian. ISABELLE MIQUELESTORENA.
Baiona
2018ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Larunbat arratsaldean, Poliziak40 urte inguruko emazte baten gorpua atzeman zuen Miarritzeko (Lapurdi) Cent Marcheko aparkalekuan. France Bleu irratiak zabaldu duenez, aldez aurretik gizon bat hiriko kaleetan«noraezean eta egoera depresiboan» ikusi zuten, eta, poliziak harengana hurbiltzean, «suizidio bikoitzaz» hitz egin zien, besteak beste. Horrek alerta piztu zuen, eta gizonak gidatuta, aparkalekura hurbildu ziren, autoa zuen tokira. Irratiko iturrien arabera betiere, poliziek maletategia irekitzea galdegin zioten, eta bertan aurkitu zuten haren emaztea, hilik.

Emaztearen gorpua Bordeleko Medikuntza Forentseko Institutura eraman dute; autopsiaren emaitzak bihar edo etzi jakinaraziko dituztela adierazi du France Bleuk. Gizona Baionako ospitalera eraman zuten, baina ezin izan zioten galdeketarik egin. Baionako Fiskaltza ari da kasua ikertzen.

Indarkeria matxistaren ondoriozko hilketa bat izan dela baieztatuko balitz, Euskal Herrian aurten hildako bosgarren emakumea litzateke; denak hilabete batean hil dituzte. Apirilaren 20an, gizon batek bikotekide ohia eta haren ama hil zituen labankadaz Gasteizen. Hilaren 28an, berriz, gizon batek bere bikotekide ohia autoz harrapatu eta hil egin zuen, Donibane Garazin. Handik gutxira, maiatzaren 2an, Bidarteko (Lapurdi) etxebizitza batean emazte bat tiroz hilik topatu zuten; haren senarra espetxeratu zuten, hilketa leporatuta.

Atxilotu bat Gasteizen

Bestalde, 27 urteko gizonezko bat atxilotu zuen Gasteizko Udaltzaingoak larunbatean, bikotekide ohiari eraso egitea leporatuta. Emakumea lagun batekin zegoen erasotzailearen autoan, eta gizonak mehatxu egin zien ibilgailua hormaren kontra eramango zuela; autotik ateratzea lortu zuten bi andreek. Udaltzainek atxilo hartu zuten gizonezkoa, genero-indarkeria delitu bat egotzita. Epaileak urruntze agindua ezarri dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.