Zerbitzuek eta industriak %1,5eko hazkundea ekarriko dute 2015erako

Laboral Kutxak dio aurten %1,1 igoko dela Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako BPGa.%1,2ko igoera aurreikusi du Nafarroarentzat; %1,4koa 2015erako.Zalantzak eta kezkak ez dira desagertu, ordea

Xabier Egibar eta Joseba Madariaga, atzo, euskal ekonomiaren txostena aurkezteko ekitaldian. LUIS JAUREGIALTZO / ARP.
Bilbo
2014ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Barne Produktu Gordinak %1,1 egingo du gora aurten eta, datorren urtean, %1,5 eta %1,8 artean igoko dela aurreikusi du Laboral Kutxak. Nafarroaren aurtengo igoera %1,2koa izango da, eta datorren urtean, joera bera izango da, %1,4ra heldu arte. Halaxe adierazi zuten Laboral Kutxako arduradunek atzo Bilbon aurkeztutako Euskadiko ekonomia txostenean.

BPGari dagozkion aurreikuspen horiek beteko balira, langabezia tasari zuzenean eragingo liokete. Urte bukaerarako, Hego Euskal Herriko langabezia tasa 0,5 puntu jaits daitekeela azaldu zuen Joseba Madariagak, Laboral Kutxako Ikerketa Departamentuko zuzendariak. 2015ean, ordea, %1 jaits daitekeela diote txostenean.

INEk emandako datuen arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langabezia tasa %17koa zen 2013aren amaieran, eta hurrengo hilabeteetan jarduera ekonomikoa maila berean mantenduz gero, 2015eko langabezia tasa %15,5 izatera pasatuko litzateke.

Hala eta guztiz ere, sektore industrialaren, zerbitzuen eta kontsumoaren portaerek bereziki baldintzatuko dute langabezia tasaren bilakaera. Hori dela eta, balorazioak «tentuz» egin behar direla gogoratu zuten hizlariek. «Lan merkatuaren portaerari begiratzen badiogu, ez dugu baikorrak izateko arrazoirik; izan ere, lurralde eremu guztietan behera egin du enpleguak», adierazi zuen Xabier Egibarrek, Laboral Kutxako zuzendariordeak.

Iazko urtean, hiru sektore ekonomikoetan jaitsi zen enplegua. Batez ere, lehen sektorean —nekazaritzaren esparruan—, industrian eta eraikuntzan— eta zerbitzuen eskaintzan gertatu ziren jaitsiera handienak.

Nazioarteari begira

Madariagak azaldu zuenez, 2013. urteko bigarren seihilekoan hazkunde fase bat hasi zen, eta geroztik «susperraldia» igartzen ari dira. Aurten erregistratzen ari diren datuek «hobekuntza» islatzen dute. Bi arrazoi azpimarratu dituzte hori azaltzeko: barne eskaria eta kanpoko merkatuak Hego Euskal Herriko ekonomiari egiten ari zaizkion ekarpena. Adituen arabera, inbertsioak handitzen direnean egongo da bermatuta hazkunderako bidea.Madariagak azaldu zuenez, inbertsioekin enplegua igo egingo litzateke eta, aldi berean, barne eskaintzak ere gorantz egingo luke.

«Aurreikuspenek norabide egokia adierazten dute, baina zalantzak daude oraindik ere», gaineratu zuen Madariagak. Etapa berri horren «sendotasunak» kezkatzen ditu adituak. «Gizarte Segurantzan dagoen afiliatuen kopuruari eta langabezia tasaren datuei erreparatuz gero, lan merkatuak hobekuntza batzuk erakusten ditu», azaldu zuen Madariagak.

Edonola ere, nazioarteak hartzen dituen erabakiek Hego Euskal Herriko ekonomian eragina izango dutela azpimarratu zuten. AEBetako Erreserba Federalak, Europako Banku Zentralak, Asiako merkatuen zorpetzeek, defizit publikoen eboluzioak edota Espainiako lan merkatuaren bilakaerak egungo aurreikuspen onak alda ditzakete.

Adibide moduan, Europako bi merkatu hartu zituzten. Izan ere, Frantziako eta Alemaniako merkatuetan «motelaldi bat» gertatzen ari dela igarri dute, eta horrek hurrengo hilabeteetan Hego Euskal Herriko BPGaren garapenean eragina izan dezakeela azaldu zuten. Horrez gain, zor pribatuaren tasa oraindik ere altua dela gogoratu zuten, eta horrek atzo jakinarazitako aurreikuspenetan eragina izan dezakeela argitu zuten.

Duda gabeko ondorio bat atera zuen Egibarrek: «2007ko egoera ekonomikoa berreskuratzeko, krisialdia hasi baino lehenagoko garaietara heltzeko, urte asko behar izango dira oraindik ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.