Txinaren hedapena trenez doa

Txinako bi tren konpainia handienek bat egiteko prozesua abiarazi dute, nazioartekotze prozesu ikusgarrian indartsuenak bihurtzeko xedez. Europako Alstom eta Siemens gaindituko lituzke CSR eta CNR enpresen fusioak, 38.400 milioi euroren aktiboak elkartuko bailituzkete.
CSRk Ningbo hirian duen fabrika; langileak, metrorako trenak egiten.
CSRk Ningbo hirian duen fabrika; langileak, metrorako trenak egiten. ZIGOR ALDAMA

Zigor Aldama -

2014ko abenduak 26
Aurreko hilera arte odisea zen kasik Lanzhoutik, Txinako Gansu probintziako hiriburutik, Urumqira joatea, Xinjiag eskualde autonomikoaren hiriburura. 24 ordu baino gehiago behar zituzten basamortu menditsuko 1.775 kilometroak betetzeko ibilbide hori egiten zuten tren berde zaharrek. Ez alferrik, haize indartsuko eremuetatik eta 3.000 metroko altuerako mendietatik doa bidea. Zailtasun geografikoak gaindituta, aurki denboraren herena baino ez da beharko hura egiteko. Egun gutxi barru, urruneko mendebaldean Asiako erraldoia eraikitzen ari den AHTko lehen linearen tartea inauguratuko dute. Mugarria izango da zetaren bide zaharra berpiztu nahi duen proiektuan. Asiako herrialdeak Europako atearekin lotzeko merkataritza bide nagusietako bat izan zen hura.

Haatik, tren negozioaren arloan Txinak duen anbizioa harago doa. Herrialdeak argi eta garbi erakutsi du mota guztietako trenbideak eraikitzeko gai dela; jadanik badu bere trenak airean eramateko teknologia, orduko 350 kilometro abiaduran. 11.000 kilometroko abiadura handiko trenbide sarea eraiki du, munduko sare osoaren herena, eta datozen bost urteetan 75.000 milioi euroko inbertsioa egingo du, urtero beste 3.000 kilometro eraikitzeko. Horiek horrela, datorren urte amaieran AHTaren sarea 16.000 kilometrokoa izango da; 3.000 milioi erabiltzaile izango ditu urtero, eta 4.800 milioi tona garraiatuko ditu. Pekinen planak betez gero, 2020rako orduko 200 kilometroko abiaduran doazen konboiek munduko populazio handienaren %90 hornituko dute.

Eta, hala ere, hori hasiera baino ez da. Pekinek mundu osora eraman nahi baititu bere trenak, eta itxuraz lortzen hasi da. Nigerian sinatu duen azken kontratua adibide ona da; Txinak inoiz sinatutako handiena da. 1.400 kilometroko trenbidea izango da Lagos hiriburua eta Calacar lotzeko. 9.500 milioi euroko inbertsioa aurreikusi dute azpiegitura eraikitzeko. China Railway Construction Corporation (CRCC) enpresak 200.000 lanpostu sortuko direla aurreratu du.

Nigeria, Angola, Etiopia...

«Herrialde bientzako akordio onuragarria» dela dio CRCCko presidente Meng Fengchaok. Ez alferrik, Txinak lehengaiak eta hornidurak esportatuko ditu 3.000 milioi euroko balioarekin, eta Nigeriak azken belaunaldiko trenbidea izango du kostaldean. Baina, beste ezeren gainetik, proiektua jauzi izugarria da Txinako enpresentzat, garatzeko bidean dauden herrialdeetan negozio aukerak bilatu ondoren.

Nigeriakoa CRCCk jo duen kolpe handiena den arren, ez da bakarra. Adis Abeban (Etiopia) martxan dagoen tranbiaren eraikitzailea da; Thailandian 867 kilometroko trenbidea eraikiko du; eta Angolan 1.344 kilometroko sarea bukatu berri du, 1.365 milioi euroren truke. «Bertako 100.000 langile enplegatu ditugu; 10.000 trebatu ditugu, gainera, tekniko gisa lanean jarrai dezaten», azpimarratu du Liu Feng Angolako proiektuaren arduradunak. Txinako enpresek Afrikan errezeloa eragiten dutela jakitun da CRCCko buru hori, askotan txinatarrak eramaten baitituzte hara beharrera.

Tren egile handiena

Horrez gain, Turkian, Istanbul eta Ankara lotzen dituen CRCCren trenbidea inauguratu zuten orain hilabete batzuk. 615 milioi euroko kreditua eman zuen Pekinek proiektu hori egin zedin. Hain zuzen, teknologia eta finantzaketa erraza uztartzen dituen konbinazioak egiten ditu hain erakargarri Txinako proposamenak.

Trenbideak ez dira, ordea, negozio bakarra. Txinak mota guztietako trenak saldu nahi ditu. 2019rako Bostonen (AEB) izango diren metroetako konboietatik hasi eta Pekin eta Singapur lotzeko nahi dituen AHTak arte, Txinak eskaintza handia du; jadanik Argentina zeharkatzen duten eskualdeko trenak ere katalogoan sartzen dira.

Gainera, makina horiek guztiak eraikitzen dituzten enpresa nagusiek, CNRk eta CSRk, bat egitea komeni zaiela erabaki dute, mundu mailan arrakasta izango badute. Hala, hil hasieran korporazio erraldoi bihurtzeko plana plazaratu zuten. 38.400 milioi euroren aktiboak batuko lituzkete, eta, Europako Siemens eta Alstom gaindituta, munduko tren egile handiena bihurtuko litzateke. CSRk CNR-ren akzio guztiak erosiko lituzke, eta, Liu Youmei analista txinatarraren aburuz, «atzerrian bien arteko gehiegizko lehia saihestuko lukeen operazioa gauzatuko litzateke, Txinako industriaren mesedetan».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna