Langabeziatik suizidiora

Langabezia tasa igotzeak suizidioak handitzen dituela frogatutzat jo du ikerketa batek, Frantzian

Iker Aranburu -

2015eko urtarrilak 7
Langabezia tasak gora egin ahala, suizidioenak ere gora egiten du. Uste zabaldu hori egiaztatutzat jo du Inserm Frantziako Osasun eta Ikerketa Medikoaren Institutu Nazionalak egindako ikerketa batek. Zenbaki batzuk eman ditu Insermek: 2008 eta 2010 artean lanik ez izateari lepora dakioke Frantzian 584 lagunek beren buruaz beste egitea.

«Jakina zen langabeek beren buruaz beste egiteko arrisku handiagoa zutela aktiboek baino, baina orain, ikerketa honekin, zehatzago izan gaitezke», azaldu dio Moussa Laanani Le Parisien egunkariari. Ikerketaren arabera, langabezia tasa %10 handitzen den aldiro suizidio tasa %1,5 hazten da. Ehuneko horiek handiagoak dira 25 eta 49 urte arteko gizonezkoen artean, %1,8tik %2,6ra igotzen baita haien suizidio tasa.

Insermen lanak dio langabezia tasa jaisten denean behera egiten dutela suizidioek ere. Hori gertatu zen, esaterako, 2000 eta 2001 urteetan, eta 2003-2007 epean.

Edonola ere, ikerlariek nabarmendu dute lanik ez izateak ez duela zertan lotura zuzena izan bere buruaz beste egiteko erabakiarekin. Pertsona bat erabaki hori hartzera bultzatzen duten faktore bat izan daiteke. Esaterako, pertsona batek arazo psikiatrikoak izateak aldi berean handitzen du pertsona hori langabezian izateko eta bere buruaz beste egiteko arriskua. Beren ikerketan aipatu dituzten 584 kasu horietan, «suizidioa azaltzeko beste arrazoirik» ez zuten ikusi. Ehunekoetan, suiziden %1,9 dira. Urtero Frantzian eta Ipar Euskal Herrian urtero 10.500 lagunek egiten dute beren buruaz beste. Europako suizidio tasa handienetako bat du Frantziak, bere buruaz beste egiten baitu urte batean hiltzen diren 50 lagunetik batek. Gizonezkoen artean handiagoa da suizidio tasa: 100.000 heriotzetatik 27,7 dagozkio kausa horri, eta 8,1 emakumeen artean.

France Telecomeko auzia

Langabezia ez ezik, lana ere izan daiteke bere buruaz beste egiteko arrazoi bat. Frantzian suizidio olde bat izan da azken urteotan La Poste edo Areva enpresetan, baina kasu sonatuena France Telecomena da (gaur egun, Orange). Sindikatuek eta zuzendaritzak kalkulatu dutenez, 2008 eta 2009 urteen artean telekomunikazio enpresako 35 langilek beren buruaz beste egin zuten. Enpresa berregituraketa bortitzean zegoela gertatu ziren kasu horiek. Enpresa publiko izateari utzita enpresa pribatu izateko prozesuan zegoen France Telecom, eta milaka lanpostu gutxitu nahi zituen. Langile gehienak funtzionarioak ziren, eta, haiek zuzenean botatzerik ez zuenez, enplegua beren kasara utz zezaten haien gaineko presioa handitu izana egozten diote zuzendaritzari. Suizidio olde horregatik ikerketa zabaldu zuen epaitegi batek, eta orain amaitu du. Didier Lombard orduko presidentea eta beste bi arduradun auzipetuta daude, jazarpen moralagatik. Guztira, 22.000 langile kaleratu zituen enpresak, eta beste 10.000 lanpostuz aldatu.

Orduz gero enpresa barruko giroa baretu bada ere, suizidio asko gertatzen dira oraindik Orangeko langileen artean. Hamarren bat izan ziren 2013an, eta beste hainbat 2014 hasieran. Horietako asko arrazoi pertsonalengatik izan zirela onartuta ere, kasuek enpresako buruen eta sindikatuen alarma piztu zuten.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna