Sindikatuen lankidetza nahi du LABek Arcelorren geroa ziurtatzeko

Euskal plantak «arrisku larrian» daudela eta, inbertsioetarako estutu nahi du konpainia

LABen prentsaurrekoa, atzo, Bilbon. LUIS JAUREGILATZO / ARGAZKI PRESS.
Jon Fernandez.
2017ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Arreta mediatikotik aldendu dira Zumarragako (Gipuzkoa) Arcelor Mittalen iazko itxiera —315 behargin zituen— eta Sestaoko (Bizkaia) plantaren jarduera murrizketa handia —346 langileetatik 180 dabiltza lanean—, baina LABek ohartarazi du altzairuaren krisia ez dela desagertu. «Arrisku larrian» ikusten du Arcelor Mittalek Euskal Herrian dituen 11 lantegien etorkizuna. Jonan Goñi LABeko Industria federazioko kidearen esanetan, Mittal multinazional indiarrak 2007an Arcelor bereganatu zuenetik, 1.758 lanpostu desegin ditu Euskal Herriko lantegietan, bertako langileen %51. «Joera berari eusten badio, 2027rako Euskal Herrian ez da langile bakar bat ere geratuko»,

Horrelakorik ez gertatzeko, sindikatuen arteko lankidetza eta instituzio publikoen inplikazioa eskatu zuen atzo sindikatuak, Bilbon egindako prentsaurrekoan. «Lan bateratua» lortzeko ahalegina egiteko prest dago LAB, bereziki ELArekin, baina baita CCOO eta UGT sindikatuekin ere. «Ez gaude ezeri itxita. Uste dugu herrialde mailako arazoa dela, eta jarrera irekia daukagu sindikatu guztiekin».

Sindikatuei lankidetza eskatzearekin batera, erakundeei eskatu die ez diezaiotela babesik eman multinazionalari, «langileei esfortzu gehiago eskatuz, noiz eta langileek etengabe jasan dituztenean murrizketak».

Bereziki Eusko Jaurlaritzari eskatu dio inplikazioa LABek, eta galdetu dio ea zein den gobernuaren politika industriala altzairuaren sektorea lehiakorra izan dadin Euskal Herrian eta etorkizuna izan dezan. Goñiren arabera, sektoreko langileek ez dute nabari altzairugintza «defendatzeko eta sustatzeko moduko sektore estrategikoa denik gobernuarentzat».

Sektorea indartzeko gakoa «kontratazio berriak eta inbertsioak egitea da», LABen aburuz. Goñik salatu du multinazionalak ez duela konpromisorik bertokoplantekin, lan baldintzak prekarizatzen jarraitzen duelako eta inoiz baino handiagoa delako azpikontratazioa. «Betidanik Arcelorrek egin izan dituen lanak azpikontratatzen ari dira».

Egoera ulergaitza da sindikatuarentzat: izan ere, altzairuaren erraldoiak azken bost urteetan soilik 4,6 milioi euro inbertitu ditu euskal lantegietan —3,5 milioi Etxebarrin (Bizkaia) eta 1,1 milioi Lesakan (Nafarroa)—; Asturiasen, berriz, 270 milioi inbertitu ditu.

Nolanahi ere, Goñik azpimarratu duenez, Arcelor Mittalen «jarrera krudela» Txinako altzairuaren eta argindarraren prezioaren krisiaren aurrekoa da. Gainera, ohartarazi du multinazionalak Ilva altzairutegi italiarra erosteak euskal planten etorkizuna «gehiago gaiztotzea» ekarriko lukeela, «2.300 milioi euroren inbertsioak egingo bailituzke han».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.