Siriako kurduen miliziak heldu dira EIren 'hiriburu'-ko alde zaharrera

AEBetako koalizioaren ordezkariak adierazi du harresia zeharkatzea «mugarri garrantzitsua» dela Raqqa «askatzeko» ahaleginean

Soldadu bat Raqqan, joan den hilabetean, metraileta batekin tiro egiteko prest. YOUSSEF RABIE YOUSSEF / EFE.
Igor Susaeta.
2017ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Irakeko armadak herenegun jakinarazi zuen «hurrengo egunetan» espero duela Mosulen, Iraken, EI Estatu Islamikoari «behin betiko» irabaztea. Bada SDF Siriako Indar Demokratikoak eman zuten, atzo, albistea: EIk 2014ko urtarriletik Sirian daukan hiriburu-ko, Raqqako, harresian bi zulo egin dituztela eta lortu dutela hango alde zaharrean sartzea. Nagusiki kurduen miliziek osatzen dute SDF koalizioa, eta AEBen laguntza du. Brett McGurk AEBek EIren aurka zuzentzen duten koalizioko ordezkariaren esanetan, «mugarri garrantzitsua» da hiria «askatzeko» ahaleginean.

SDFak joan den azaroan hasi ziren Raqqarantz hurbiltzen, eta joan den ekainaren 6an iragarri zuten hiriburua askatzeko «gudu handia» hasiko zutela. Deir ez-Zor probintzia muturreko islamisten kontrolpean dago oraindik, eta, horregatik, EIren buruzagiek harantz alde egin dute azken hilabetean, koalizioaren iturrien arabera.

Gerra hegazkinekin egindako «eraso zehatzekin» lortu dute SDFkoek 25 metroko bi zulo egitea XII. mendeko harresiaren hondakinetan, eta horietatik sartu ahal izan dira alde zaharrera. Telegram bidez emandako informazioan diote estrategia hori erabiliz harresiko zuloetan jarritako minak eta leherkariak saihestu ahal izan dituztela.

EIko 34 kide eta koalizioko zazpi hil ziren atzoko borroketan. SDFren hitzetan, oraindik ere 2.500 bat muturreko islamistak jarraitzen dute borrokan, eta 100.000 lagun inguru daude hirian harrapatuta.

NBE Nazio Batuen Erakundeak han daukan misioak adierazi zuen, lehengo astean, 173 zibil hil dituztela borroketan. AEBen koalizioak dio, ordea, «EIk ez bezala», haiek «ahalegin handia» egiten dutela zibilak babesteko.

«Eremu seguruak» helburu

Sirian bakea lortzeko bosgarren bilera sorta hasi zuten, atzo, Astanan (Kazakhstan), eta horretan parte hartzen ari direnen helburua da borrokarik gabeko «eremu seguruak» lortzea. NBEren babesarekin, Errusia, Iran eta Turkia dira bileraren bultzatzaileak, eta Siriako Gobernua zein haren aurka borrokan ari diren talde armatuen ordezkaritza bat bildu dira Astanan. Gaur amaituko da batzarra.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.