Errefuxiatuak. Korridore humanitarioak

Tanta bat ozeano zabalean

Italiako Gobernuak mila bisa humanitario banatuko ditu aurten; San Egidio komunitatearen laguntzaz, 800 siriar iritsi dira Erromara Libanoko kanpalekuetatik.

Erromara iritsitako haur errefuxiatu siriarrak. Beirutetik iritsi ziren Erromara. SAINT EGIDIO.
Ane irazabal
Turin - Erroma
2017ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Ahmed Yahia eta haren familia duela urtebete iritsi ziren Turin ondoko Leini herrixkara. Hamar kideko familia zabala da yahiatarrena, eta dagoeneko ospetsu egin dira Leiniko biztanleen artean. Ahmeden sendiak denbora luzea igaro zuen Libanoko Bekaa haranean, Siriako mugatik gertu, kanpadenda batean bizitzen. Guztiak Homsetik atera ziren 2012an, gerra betetik ihes betean.

Ahmedek eta haren emazteak bi seme-alaba dituzte, eta ondo moldatu dira Italiara: «Leiniko herritarrek asko babestu gaituzte. Azkar sentitu gara komunitate txiki honetako kide», adierazi du errefuxiatuak. Siriako gerraren aurretik, lege islamiarra irakasten zuen Ahmedek unibertsitatean. Libanora iritsi zenean, ordea, eraikuntza alorrean hasi zen lanean. Izan ere, Bekaa haranean, pobrezian bizi zen familia. Ahmedentzat ezinezkoa zen kide guztiak batu eta haien kabuz Europara iristen saiatzea.

Yahiatar sendiko hiru kidek elbarritasunen bat dute. Ahmeden bi arreba gor-mutuak dira, eta anaia zaharrenak distrofia muskularra du. Ahmedek Abu Antar ezizenarekin deitzen du anaia, Siriako telesailik famatuenaren protagonistaren omenez. «Ez dut inoiz ahaztuko Homsetik alde egin genuen eguna. Gurpil aulkia etxean utzi, Abu Antar bizkarrean hartu, eta 40 kilometro egin genituen oinez Libanora iritsi arte», gogoratu du asilo eskatzaileak.

Bekaa haranean, ordea, ahanzturara kondenatuak zeuden yahiatarrak. «Libanoko kanpaleku inprobisatuen egoera benetan tamalgarria da. Higiene arazoak daude, eta, hori gutxi ez, eta asilo eskatzaileak esplotatu egiten dituzte», gogoratu du Ahmedek. Halere, 2015eko udan, San Egidio komunitateko hainbat boluntariok haien kanpadenda bisitatu zuten. Errefuxiatuen artean elkarrizketak egiten ari ziren egoerarik tamalgarrienean zeuden familiak aukeratu eta modu seguruan Italiara ekartzeko. Yahiatarrak ezagutu bezain laster, zerrendan lehenak jarri zituzten.

Erromako San Egidio komunitate katolikoa aitzindaria izan da pasabide seguruen ideia egia bihurtzen. «Mediterraneoko eta Egeo itsasoko heriotzak ekidin nahi genituen, eta erantzun baten bila hasi ginen. Europako herrialdeek mugak ixten zituzten bitartean, Europako araudia arakatzeari ekin genion, eta korridore humanitarioen errealitatea ezagutu genuen» azaldu du Daniela Pompei proiektuaren kudeatzaileak.

Araudia

«Araudia aztertzea besterik ez dago», erantsi du Pompeik. Izan ere, Europako Batasuneko estatu kide bakoitzak eskumenak ditu arrazoi humanitarioengatik bisak emateko. Hala, Bruselaren gelditasunaren aurrean, pasabide seguruen proposamena egin zion San Egidiok gobernuari. Erromak onartu egin zuen, eta, trukean, San Egidioren eta hainbat eliza protestanteren ardura izan da proiektu guztia antolatzea eta ordaintzea. «Libanon egindako aukeraketa prozesua, bidaia, eta, batez ere, hona iritsi osteko ostatua, hizkuntza ikastaroak eta integrazio prozesua gure ardura dira», adierazi du Pompeik. Estatuak ez du zentimo bat ere jarri.

Hori hala, Italiako Gobernuak 800 bisa humanitario eman ditu, eta beste 200 banatuko ditu urtea amaitu baino lehen. «Ehunka pertsonak hegazkinez bidaiatu dute Libanoko kanpalekuetatik Europara. Ez dira trafikatzaileen eskuetan jarri, eta ez dute itsasoan bizitza arriskatu», erantsi du Pompeik.

Korridoreek Europako Batasuneko hamalau estatu kidek baino asilo eskatzaile gehiago hartu dituzte. Tanta bat ozeano zabalean? «Agian bai», erantzun du proiektuaren kudeatzaileak, «baina aurrekaria ezarri du; izan ere, aurki Frantziako Gobernuak Irakeko eta Siriako 500 asilo eskatzaile jasoko ditu Libanotik».

Bestalde, bisa humanitarioek segurtasuna berresten dutela uste du San Egidiok. «Alderdi politiko askok errefuxiatuen drama erabiltzen dute eraso jihadistekin lotzeko, baina korridoreen bidez iritsi diren asilo eskatzaileei kontrolak egin zaizkie. Libanotik heldu diren pertsona guztiak erregistratuta daude, eta jakina da haien nortasuna», adierazi duPompeik.

Horregatik, korridore humanitarioen esperientzia Ekialde Hurbiletik Afrikara zabaltzeko prest agertu da Italia. Hala, pasabide seguru bat irekiko du Etiopiatik Europara, eta Erromako gobernuak Hego Sudango, Eritreako eta Somaliako iheslariak hartuko ditu. Pompei pozik agertu da: «Urte hasieratik, 2.000 lagun baino gehiago ito dira Libiatik Italiara iritsi nahian. Gure esku dago Mediterraneoko hilobia ez handitzea».

Gizartean lekua bilatu

Baina dena ez da urre kolorekoa. Lehenengo 800 errefuxiatuak Italiara iritsi zirenetik urtebete pasatu da, eta balantzea egiteko unea dela uste du San Egidiok. Izan ere, hasierako poztasunetik harago, errealitate gordinarekin topo egin dute familia guztiek. «Agiriak behar bezala dituzte, baina gizartean lekua bilatzea ez da erraza izan haientzat», adierazi du Pompeik.

San Egidio komunitateak udalerri askotan banatu ditu errefuxiatu familiak, eta batzuen eta besteen esperientziak oso desberdinak dira. Oro har, herri txikietan bizi direnak hobeto moldatu dira hiri handietan daudenak baino. Korridore humanitarioek bi urteko ostatua eta soldata aurreikusten dute familia bakoitzarentzat, baita lan munduan sartzeko laguntza ere. Halere, gehienek lanpostu bat aurkitu dute lehenago. Ahmed, adibidez, Leiniko udal administrazioan ari da lanean, eta mila euro irabazten ditu hilabetero. Yahiatarrek ondo baino hobeto hitz egiten dute italieraz eta haurrak erraz moldatu dira hezkuntza sistema berrira.

Beste askorentzat, ordea, oso zaila izan da sustraiak urrun uztea. Pompeik hala dio: «Familia gehienek bizi kalitate handia zuten Sirian, eta, Europarekin amesten zuten arren, hona iritsi direnean jabetu dira ezinezkoa izango dela aurreko bizitzara bueltatzea. Heriotza atzean utzi dute, baina Europa arrotza zaie».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.