«Autodefentsa» argudiatuz bota du Ipar Koreak misil bat Japoniarantz

Piongiangek adierazi du «nahikoa arrazoi» dituela «neurri gogorrekin» erantzuteko. Donald Trumpen esanetan, «aukera guztiak mahai gainean» daude. Txinak elkarrizketara deitu du

«Autodefentsa» argudiatuz bota du Ipar Koreak misil bat Japoniarantz.
Igor Susaeta.
2017ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Ipar Koreak botatako gerra misil batek Japoniako zerua zeharkatu du aurrenekoz. Sunanetik jaurti zuen atzo, 05.57 zirenean —ia gauerdia Euskal Herrian—; 2.700 kilometroko ibilian, Hokkaido (Japonia) uhartearen gainetik igaro zen, eta hango kostaldetik 1.200 bat kilometro ekialderago itsasoan erori zen.

Programa nuklear bat garatzen ari da Piongiang, eta, horren ondorioz, tartean-tartean, probak egiten ditu misilekin; uztailean, kontinenteen arteko bi jaurti zituen, irismen ertainekoak (1.000 kilometro). Hori dela eta, abuztu hasieran NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak Ipar Koreari zigor ekonomiko gehiago jartzea erabaki zuen. Orduz geroztik, are gehiago gaiztotu dira Ipar Korearen eta AEBen arteko harremanak, eta bi estatuetako liderrek epelak bota zizkioten elkarri duela hiru aste, dialektika beliko batean murgilduz eta gerra hotsak ozenduz.

Bazirudien baretu zirela, Kim Jong-un Ipar Koreako liderrak jakinarazi zuenetik «pixka bat gehiago» begiratuko zutela «ekintza gehiago» egin aurretik. Poztu ziren AEBak horregatik, baina, uztailean bezala, Piongiangek irismen ertaineko beste misil bat jaurti zuen atzo, eta hori egiteko «autodefentsa» argudiatu du. «Nahikoa arrazoi ditugu neurri gogorrekin erantzuteko», adierazi zuen atzo Han Tae-Song Ipar Koreak NBEn daukan ordezkariak. Urtero bezala, Hego Korea eta AEBak maniobra militarrak egiten ari dira Korea bien arteko mugan, eta Piongiangek «probokaziotzat» hartzen ditu; Seulek, gainera, misil batekin probak egin zituen joan den ostegunean.

Donald Trumpek gerra diskurtsoari heldu zion atzo, eta Etxe Zuriak kaleratutako ohar batean ohartarazi «aukera guztiak mahai gainean» daudela. Misila jaurti zutela jakin ondoren, AEBetako presidentea eta Shinzo Abe Japoniako lehen ministroa jarri ziren harremanetan, eta biek NBEri eskatu zioten Ipar Korearekiko presioa areagotzea. Washingtonek, Seulek eta Tokiok eskatuta, NBEren Segurtasun Kontseilua atzo iluntzean zen New Yorken biltzekoa.

Txinaren eztena

Txina, aldiz, ez da presioa areagotzearen aldekoa. «Ekintzek erakutsi dute zigorrek eta presioek ezin diotela auziari irtenbiderik eman», nabarmendu zuen atzo Atzerri Ministerioak. «Elkarrizketa da bide bakarra». Azpimarratu zuen Piongiang garatzen ari den programaren kontra dagoela Pekin, baina eztenkada eman zien AEBei: «AEBek eta Hego Koreak maniobra militarrak egiten dituzte behin eta berriz, eta presio militarra eragin diote Piongiangi. Txinak elkarrizketa proposatzen du, eta beste batzuek irtenbide militarrak». Errusiak, Sergei Lavrov Atzerri ministroaren ahotik, «NBEren erabakiei heltzea» gomendatu dio Ipar Koreari.

Misilak 550 kilometroko garaiera lortu zuen unerik gorenean. Ez zuen, hortaz, kalterik eragin, eta Japoniako autodefentsa indarra ez zen ahalegindu hura eraisten. Dena den, agintariek eskatu zieten Hokkaidoko herritarrei «eraikin gotorretan eta sotoetan» babes hartu zezatela.

Aberen esanetan, Ipar Korearen azken probak «inoiz ez bezalako larritasuna» du. Ez da, ordea, lehen aldia Piongiangek misil bat bota eta horrek Japonia zeharkatzen duela. Gertatu zen 1998an, 2009an eta 2012an, eta Ipar Koreak orduan argudiatu zuen misil horiek ez zutela helburu militarrik, sateliteak orbitan jartzeko zirela eta Japonian abisatuta zeudela. Bien bitartean, 2012an kargua hartu zuenetik, Abe tematuta dabil herrialdearen gaitasun militarra areagotzearekin.

Kim Jong-un 2011ko abendutik da Ipar Koreako liderra, eta, geroztik, 80 misil jaurti ditu hango armadak. Orain arte botatakoen ibilia oso bertikala zen; atzokoak, baina, beste ibili bat marraztu zuen. Hego Koreak ez du baieztatu, baina litekeena da Ipar Koreak jaurtitakoen artean ibilbide luzeena egin duena izatea.

Duela hiru aste, Trump eta Kim elkarri mokoka ari zirenean, bigarrenak iragarri zuen Guam AEBen menpe dagoen Ozeano Bareko uharteari eraso egiteko intentzioa zuela. Atzoko misilak 2.700 kilometro ibili zituen, eta Guam Ipar Koreatik 3.200 bat kilometrora dago.

Ekaitz dialektikoa baretu zen, baina Piongiangek erakutsi du baduela determinazioa, Trumpen mehatxuek ez dutela kikiltzen, eta garatzen ari den programa nuklearraren emaitzak ikusi nahi dituela misilak probatuz.

Asteburuan bertan, hiru jaurti zituen, irismen laburrekoak (250 kilometro ). Hori egin ohi du tentsio uneetan, eta oraingoa tentsio une bat da Ipar Korearentzat. Izan ere, maniobra militarrak egiten ari dira mugan Seul eta Washington —bihar bukatuko dituzte, hamar egunen ondoren—, 50.000 eta 17.500 soldadurekin hurrenez hurren, eta Moon Jae-in Hego Koreako presidenteak lehengo astean esan zien tropei erakusteko haien «indarra» eta «errepresaliak» hartzeko duten gaitasuna.

Azken misilaren ostean, «zerbait serioak» gertatu beharra dauka, Nikki Haley AEBek NBEen duten enbaxadorearen hitzetan. Trumpek ere esana dauka «borrokarako prest» daudela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.