Lan istripuak %22 urritu dira joan den 25 urtean, Osalan sortu zenetik

2017an erregistratutako lan istripuek %6,6 egin dute gora, baina heriotza kasuek %20 egin dute behera. Osalanek dio behin-behineko kontratuen tasa handiak eragina duela istripuetan

San Jose eta Alonso, atzo, Osalanen egoitzan. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Barakaldo
2018ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
«Prebentzioa». Azken 25 urteotan lan osasunean izandako bilakaera hitz bakar horretan laburbildu zuen Maria San Jose Eusko Jaurlaritzako Lan sailburuak. Istripuak eta gaixotasunak murrizteko neurriek fruitua eman dutela esan zuen San Josek, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen mende laurdeneko ospakizun ekitaldian. Datuekin justifikatu zuen bere tesia. Lan istripuen kopurua %22 gutxitu da 1993tik hona: 1990eko hamarkadan batez beste urtean 42.000 lan istripu izaten baitziren, eta 35.000tik behera daude orain.

Mila langiletik 53,29 beharginek zuten istripuren bat garai hartan, eta egun 43,30era jaitsi da. Baina datu nabarmenena heriotzen kasuan suma daiteke: duela bi hamarkada, batez beste 90 langile hiltzen ziren urtero Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta kopuru horren heren bat gaur egun. Edonola ere, «oraindik egiteko lan handia» dagoela aitortu zuen sailburuak.

Istripuen beherakada orokor horrek, ordea, baditu gorabehera batzuk. Laneko jatorria duten istripuak ugaritu egin ziren iaz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Osalanek 33.564 lan istripu erregistratu zituen 2017an, urte bat lehenago baino %6,6 gehiago. Hazkunde horren zergatia Alberto Alonso Osalaneko zuzendari orokorrak eman zuen: «Ordu gehiago egiten da lan, eta horrek eragina dauka laneko istripuetan; baita behin-behineko lanen tasak ere».

Behin-behinekotasun tasa handiak eragina duela azaldu zuen Alonsok, iaz izandako ezbeharretatik %15 lanpostu batean hilabete zeramaten langileen kasuak izan baitziren, eta %30, berriz, urtebeteko antzinatasuna zuten beharginena. Hala ere, istripuen %99,5 arinak izan ziren, eta lanean hildako langileen kasuak ere gutxitu egin ziren. 2017an 32 heriotza kasu erregistratu zituzten hiru lurraldeetan, eta urtebete lehenago 40 izan ziren. Sindikatuek gehiago zenbatu dituzte. LABek dio 57 izan zirela Euskal Herri osoan.

Gaixo agiria jaso zuten 1.365 gaixotasun erregistratu zituen Osalanek, eta agiririk gabeko 1.557. 2016. urtean baino %14,9 gehiago dira horiek. «Igoera hori, hein batean, Osalanek hobetu eta bultzatu duen osasun datuen informazio sistemaren eragina izan daiteke». Hau da, lanaren eraginez sortutako gaixotasunak zenbatzeko garaian medikuekin datuak zuzenean partekatzen dituzte, eta sistema berri horren eragina dela uste du Alonsok.

Minbizien jarraipena

Alonsok ere aipamena egin zion Osalanek laneko minbizi kasuei egindako jarraipenari. Amiantoarekin kontaktuan egon daitezkeen 900 langile berriren erregistroa egin zuten iaz, eta arriskuan egon daitezkeen lanpostuen jarraipena egiten ari direla ere zehaztu zuen: «Txandakako lan jardunen eta bularreko minbiziaren arteko harremana ikertzen ari gara; gaueko txandetakoa batez ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.