Netanyahuk bertan behera utzi du errefuxiatuak ez deportatzeko akordioa

Gobernu koalizioaren barrutik jasotako kritiken ostean, lehen ministroak muzin egin dio bezperan UNHCR erakundearekin egindako akordioari

Kristina Berasain Tristan.
2018ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Benjamin Netanyahuk onartu eta biharamunean utzi du bertan behera errefuxiatuak deportatzea baztertzen zuen ituna. Israelgo lehen ministroak astelehen goizean iragarri zuen hitzarmena, baina koalizio gobernuko kideen presioen kritiken ondorioz, atzera egin du. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariarekin egindako akordioak aurreikusten zuen 16.000 asilo eskatzaileri behin-behineko bizileku baimena ematea eta beste 16.000 hainbat estatutara bidaltzea, besteak beste, Italia, Alemania eta Kanadara.

«Konpromisoa hartzen dugu alde egiten duen immigrante irregular bakoitzeko beste bati behin-behineko bizileku baimena emateko». Holaxe esan zuen astelehen goizean agintariak. Iluntzean, baina, lehen pausoa eman zuen atzera, sarean idatzitako mezu labur baten bidez: «Akordioaren ezarpena bertan behera uztea eta baldintzak berriz pentsatzea erabaki dut». Biharamunean zehatzagoa eta irmoagoa izan zen: «Alde onak eta alde txarrak aztertu ostean erabakia baliogabetzea erabaki dut. Batzuetan berriz pentsatu behar diren erabakiak hartzen dira».

Gobernu koalizio osatzen duten alderdiek, bereziki eskuin muturrekoek, neurriari egindako kritikak izan dira lehen ministroak atzera egin izanaren arrazoiak.Likud barruan ere ez dute akordioa begi onez ikusi, eta hainbat ministrok jendaurrean eskatu diote agintariari ituna ezereztatzeko.

Oposizioko alderdiek, berriz, auzitan jarri dute lehen ministroaren lidergoa. Haren «ahultasuna eta koldarkeria»nabarmendu dituzte, «ordu gutxitan espektakulu absurdoa» eman duela salatuz. Giza eskubideen aldeko erakundeek, bestalde, protestekin erantzun diote atzera egiteko erabakiari. Amnesty International, Hotline eta ASSAF erakundeek komunikatu bateratu bat argitaratu dute erabakia gaitzetsiz eta «migrazio politika justu bat» aldarrikatuz.

Erakundeen kritikak

UNHCRren kritika ere jaso du Netanyahuk. Nazioarteko erakundeak jakinarazi du prentsaren bidez izan duela erabakiaren berri, eta, bide batez, berriz pentsatzeko eskatu dio lehen ministroari, argudiatuz ituna «gerratik edo jazarpenetik ihes egiten duten lagunei nazioarteko babesa emateko» modua zela.

Israelgo Gobernuak 35.000 etorkin baino gehiago kanporatzeko plan polemikoa onartu zuen urtarrilean. Herrialdea uztearen truke 2.900 euro eta jaioterrira hegazkin txartela eskaini zien gobernuak, hori onartu ezean, preso sartuko zituztela ohartaraziz. Apirilean zen neurria indarrean sartzekoa, baina, honezkero ehunka lagun kartzelatu dituzte, deportazioa edo kartzela dilemaren aurrean, askok nahiago izan dutelako ziega batean bizi jaioterrira itzultzea baino.

Tel Aviven protesta ugari egin dituzte azken hilabeteotan, eta giza eskubideen aldeko erakundeek bide judizialetik egin zuten egitasmoaren kontra. Israelgo Auzitegi Gorenak, alde horretatik, planari behin-behineko betoa jarri zion duela pare bat aste, eta gobernuak horren ostean egin zuen akordioa nazioarteko erakundearekin.

Israelen 35.000-50.000 immigrante artean bizi dira, gehienak eritrearrak eta sudandarrak. Sinaiko penintsulatik sartu ziren herrialdera errefuxiatu gehienak, 2006. eta 2012. urteen artean. Egiptoko mugan, baina, harresia altxatu zuten 2013an. Tel Aviv hiriburuko hegoaldeko auzo pobreetan bizi dira errefuxiatu gehienak, linbo juridiko batean.

Gazako mugan, berriz, bere horretan da egoera. Israelek beste palestinar bat hil zuen atzo tiroz. Ostiraletik Itzuleraren Ibilaldi Handia izeneko protesta egiten ari dira milaka palestinar, mugankanpatuta, eta ordutik hemeretzi lagun hil dituzte.

Arabiar Ligak, bada, gertatutako ikertzeko eskatu dio aho batez Nazioarteko Zigor Auzitegiari. Nazio Batuen Erakundeari, berriz, galdegin dio gertatutakoa ikertzeko batzorde independente bat sor dezala, eta egin ditzala urratsak hilketen erantzuleak epaitzeko. Palestinako Aginte Nazionalak Liga Arabiarraren premiazko bilera eskatu zuen. Israelek, izan ere, uko egin zion gertatutako ikertzeari. HRWek ere hilketak salatu ditu «legez kanpokoak» eta «aldez aurretik prestatuak» izan zirela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.