Gipuzkoak talentua sortu eta erakartzeko plan oso bat diseinatu du 2018rako

Aldundiak lau milioi euro bideratu ditu hainbat programatara, enpresek langile estrategikoei eusteko, eta atzerrian daudenak erakartzeko

xabier martin
2018ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Urtero 27 milioi euroko gastua industriara bideratzeko konpromisoa hartu du Gipuzkoako Foru Aldundiak legegintzaldi honetan, eta 2018.ena talentuaren urtea izango dela esan daiteke. Markel Olano ahaldun nagusiak azaldu zuenez, atzo, «funtsezkoa da gure enpresen lehiakortasuna mantentzeko eta indartzeko talentua sortzea, erakartzea eta atxikitzea». Horregatik, estrategia oso bat garatu du aldundiak, enpresetako lantaldeen gaitasunak indartzeko, talentua sortzeko hezkuntza zentroetan eta zentro teknologikoetan, eta atzerrira joandako gipuzkoar talentudunak erakartzeko. Atzerritarrak gipuzkoaratzeko aukera ere ez du baztertzen estrategia horrek.

Lau milioi euroko aurrekontua izango dute hainbat esparrutako programek. Hamasei neurri zehatzetan gauzatuko da estrategia, besteak beste, Gipuzkoako enpresek eta teknologia zentroek eskatzen dituzten profil espezializatuak sortzeko, edota kanpotik erakartzeko. Ainhoa Aizpuru Ekonomiaren Sustapeneko diputatuak gogoratu zuen 7.000 lanpostu daudela lurraldean bete ezin direnak, enpresek ez dituztelako langile egokiak aurkitzen. Horregatik, bost lan ildo azaldu zituen.

Talentuaren ekosistema bat sortu behar dela esan zuen lehenik, eta talentuaren aldeko ituna egiteko ekinaldia martxan dagoela jakinarazi. Talentuaren jarraipen sistematikoa, koordinazioa eta sustapena, elkarlanean egin beharrekoa dela uste du. Talentua erakartzea litzateke bigarren ildoa, Gipuzkoa Talent plataforma teknologiko moduko tresnekin, eta lurraldearen marketina egiten ere, «atzerritik datorrenak bizitza proiektua Gipuzkoan egitea interesgarri ikus dezan». Talentua sortzea da hirugarren zutabea; Talentia programa sartu zuen hor, gaztetatik talentua garatzeko egitasmoa. Talentua atxikitzea da laugarrena; horretarako, talentuari lotutako enpresak trebatzea proposatu zuen; alegia, enpresak erakargarri egitea langile talentudunak joan ez daitezen, edo kanpotik hona etor daitezen. Eta bosgarrena eta azkena,zerga sistema da, talentuari laguntzeko tresna gisa. Kanpotik datozen langile batzuek hobariak izango dituztela iragarri zuten.

Gipuzkoaren BPG barne produktu gordinaren %28 industriak ordezkatzen duela gogoratu zuen Markel Olanok, enpleguaren %24 ematen duela. «Industriak egiten du indartsu lurralde hau, eta industriari esker eusten diogu ongizateari». Europako abangoardian jarraitzeko lehiakortasuna handitu behar dela uste du Olanok, eta horretarako pertsonak direla gakoa, langile espezializatuak, ingeniariak, adimen artifizialean dabiltzan langileak, robotikan, digitalizazioan...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.