Metroko 37 tren egiteko kontratua sinatu du CAFek Amsterdamen

Aurtengo lehen lau hilabeteetako kontratazioaren kopurua 350 milioi eurora igo du konpainiak

Jon Fernandez.
2018ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Kontratu garrantzitsua sinatu berri du Beasaingo CAF konpainiak Amsterdamgo metroarekin, eta lortu du aurtengo lehen lau hilabeteetako kontratazioaren kopurua 350 milioi eurora igotzea, berriki irabazitako kontratuak kontuan hartuta: Bartzelonako metroarena, Gasteizko tranbiarena, Napoliko metroarena, etaAmsterdamgo metroko unitate berriak hornitzeko kontratuarena. Azken horren berri atzo eman zuen trengile gipuzkoarrak, eta kontratuaren zenbatekorik eman ez bazuen ere, kopurua ez dago 150 milioi eurotik oso urrun,BERRIAk jakin ahal izan duenez.

GVB Activa BVk, Amsterdamgo garraio publikoko operadoreak, CAF hautatu du hiriko metro unitate berriak hornitzeko. Guztira, hiruna kotxeko 30 M7 tren hornituko ditu; halere, kontratuak aukera zabalik utzi du beste 30 unitate gehigarri eskatzeko eta bagoi kopurua ere hirukoa izan beharrean seikoa izateko.

Urte hasiera ona izaten ari da Andres Arizkorretak gidatutako konpainia: aurtengo lehenengo hiruhilekoaren amaieran, martxoaren 31n, 5.966 milioi euroren eskarien zorroa zeukan, eta horri gehitu behar zaizkio Bartzelonako metrorako 75 milioi eurotik gorako kontratua eta Amsterdamgoa.

Lehen hiruhilekoaren amaieran, Beasaingo enpresaren irabazi garbia 11.830 milioi eurokoa zen, 2017ko aldi berean izandako irabazia baino %27 handiagoa. Irabazien eta negozio zifraren igoera industria jarduera handiagoak eragin du, eta azpimarragarria izan da CAFen nazioarteko proiekzioa: aurtengo lehen hiruhilekoan nazioarteko negozioa taldearen negozio zifraren %90,1ekoa izan da.

Azken ekitaldietan izandako kontratazioei esker, zuzendaritzak espero du negozio zifrak bi digituko igoera izango duela aurten, iaz bezala.

Harreman luzea

Azken kontratuari dagokionez, konpainiak azaldu du tren berri horien helburua Amsterdamgo metro sarearen garraio gaitasuna handitzea dela, egungo tren zaharrak ordezkatzeaz gain. «Amsterdamek 800.000dik gora biztanle dauzka, eta Europako turismo erakargune nagusietakoa da. Hala, hiriak «bidaiarien hazkundeari erantzun behar die», eta CAFek azpimarratu du North-South Metroline berria irekita, metroa hiriko garraio publikoko bizkarrezur bihurtu dela.

Metro berriak hiru bagoikoak izango dira; hala ere, metroak binaka elkartzeko gaitasuna dute, sei bagoiko trenak osatuz. Konpainiak azaldu duenez, metroa prestatuta egongo da gidaririk gabe ibiltzeko, modu automatikoan. «Gainera, punta-puntako ekipamendua eta bidaiarien informazio sistemak edukiko dituzte, energia eraginkortasuna bermatzeko eta mantentze lan erraza izateko diseinatuta egongo dira».

Ez da estreinakoa CAFen eta CVBren arteko harremana. Batetik, 1994an CAFi adjudikatu zion 37 metro unitate hornitzeko eskaria, eta oraindik ere ibilgailu horiek Amsterdamgo sarean zerbitzuan dabiltza. Bestetik, 2016an 63 tranbia hornitzeko kontratua adjudikatu zion Gipuzkoako konpainia handienari, oraindik exekuzio fasean dagoena.

Hiriburutik kanpo, Herbehereetan beste bezero batzuentzat ere badabil lanean Beasaingo enpresa: 118 EMU Herbehereetako trenbideentzako eta 49 tranbia Utrechteko probintziarako. «Egitasmo horiek Europako merkatuan CAFen presentzia sendotzearen froga dira», konpainiak azpimarratu duenez, eta gogora ekarri du iaz Erresuma Batuan, Italian eta Belgikan, besteak beste, kontratu garrantzitsuak lortu zituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.