Eztanda kafeinatan

Europako gaztetxoen %70ek hartzen dituzte edari energetikoak, eta erdiek alkoholarekin nahasten dituzte. Edari horiek nerabeentzat duten arriskuaz ohar egin dute: «Bonba bat dira».

Garikoitz Goikoetxea -

2014ko ekainak 13
Astegun bat. Eskola bateko atarian, neska-mutil batzuk, lata bana eskuan hartuta. Kolore bizia dute, diseinu erakargarria. Zer edaten ari ote diren, galdezka joan zaie guraso bat. «Edari energetiko bat. Moda-modan dago», erantzun diote. Galdezka segitu du; nolatan hasi diren edaten. «Kirola egiteko», esan dio batek. «Nik, festan ateratzen naizenean». Ikasketetarako ere hartzen dute. «Kontzentratuago ikasteko». Edari energetikoak dira. Gainezka dituzte kafeina eta azukrea. Ikasleei galdezka joan zaien gurasoa, Jose Manuel Lopez biokimikaria, kezkatuta dago edari horien gorakadaz: «Ez dakite zer hartzen ari diren. Nutrizioaren ikuspegitik, bonba bat dira gorputzarentzat».

Asko zabaldu da kontsumoa. Elikagaien Segurtasunerako Europako Agentziak egin du ikerketa bat, eta emaitza argigarriak eman ditu: 10-18 urte bitarteko neska-mutiletan, hamarretik zazpik hartzen dituzte edari energetikoak. Helduen artean ere nabari da goraldia: hirutik batek kontsumitzen ditu 18-64 urte bitartean. Haurren kontsumoari buruzko datu harrigarri ere bat bada ikerketan: 10 urte baino gutxiagorekin, bostetik bati eman izan diote edari energetikoren bat.

Suspertzeko edariak dira. Kafeina asko dute, eta nerbio sistema bizkortzen dute. Salbuespenetarako edariak dira, berez, oso tarteka hartzekoak: akituta geratzean bizkortzeko, autoa gidatzen bidaia luzeren bat egin behar denean arretari eusteko... Arriskua ere badute, izan ere, kafeina kopuruaren ondorioz. Oharra, latan bertan: «Ez dago gomendatuta umeentzat, haurdunentzat edo bularra ematen ari direnentzat, eta kafeinarekiko sentikorrak direnentzat». Letra txikitan, oharkabean pasatzen dira ohartarazpenak. Hizki handiagoak erabiltzera behartuko dituzte enpresak.

Tasa bat Iparraldean

Egia da edari energetikoek gai osasungarri batzuk badituztela: bitaminak, kafeina bera —neurrian hartuz gero—... «Osagai jakin batzuk dira osasungarriak, eta neurrian hartuta», azaldu du Lopezek. «Baina kontua da osotasuna hartu behar dela aintzat, zeren edariak hartzen dituenak osorik hartzen baititu, ez osagai batzuk bakarrik. Eta, osotasunari begiratuta, ez da batere osasungarria». Kafeina neurriz kanpokoa eta azukrea jarri ditu adibide.

Hogei bat urte dira horrelako edariak merkaturatzen hasi zirela, baina lege aldetik linbo batean daude oraindik ere. Iparraldean emanak dituzte pauso batzuk: Frantziako Asanblea Nazionalak iaz onartu zuen tasa bat jartzea edari horiei, osasunerako arriskutsuak direlakoan. Litro bakoitzeko euro bateko gehigarria jartzea onartu zuten sozialistek eta berdeek, Red Bull tasa izenekoa. Urte hasieratik dago indarrean. Bide hori hartu beharko lukete Hegoaldean, Lopezen iritzian. «Ezin da onartu normal-normal saltzea, zuku batek adinako zergak izatea». Kontuz jokatu behar dela ohartarazi du, nolanahi ere. New Yorkeko kasua ekarri du gogora: azukre askoko edariak galarazi egin zituen alkateak, eta jendea oldean atera zen protestara. «Esaten zuten bazekitela zer hartzen ari ziren. Ez da horrela: jendeak ez daki zer hartzen duen benetan. Horregatik, lege aldaketekin batera, heziketa behar dugu».

Espainiako Gobernuak ez du neurririk hartuko edari energetikoak mugatzeko. PSOEk proposamen bat aurkeztu zuen maiatzean Espainiako Kongresuan, arau bat galdegiteko: ikerketak egiteko eskatu zuen, eta aztertzeko 16 urtez beherakoei horrelako edariak ez saltzea gomendatu behar ote den. Gaia aztertzea bera ere atzera bota zuen, ordea, PPk.

Laborategietara iritsi da kezka. Elikagaien Frantziako Agentziak, adibidez, egin du ikerketa bat. Ondorioa: kafeina asko dute horrelako edariek, eta bihotzeko arazoak izateko arriskua handitzen dute. Azterketa horrek, gainera, hankaz gora bota du edari energetikoei buruz zabaldutako uste bat: kirola egiteko lagungarri direla. Agentziaren arabera, horrelako edari bat hartu eta kirola egitean, are handiagoa da bihotzeko arazoak izateko arriskua. Bat egin du Lopezek: «Kafeinak, dosi batzuetan, handitzen du gaitasuna, baina gehiegi daukate edari horiek. Beste osagai asko ere badituzte; adibidez, azukrea».

Ameriketako Estatu Batuetan, Buruko Osasuneko Zerbitzuak ohartarazi du «azaleratzen ari den osasun arazo publikoa» dela edari energetikoek sortutakoa. Herrialde hartako unibertsitate batek, Michigangoak, azterketa batean azaldu du edari horiek kontsumitzen dituztenek gehiago hartu ohi dituztela alkohola, tabakoa eta bestelako droga batzuk ere, eta sedentarioak direla. Edari energetikoak bizi-estilo baten isla ere badirela, azken finean.

Alkoholarekin nahastuta

Freskagarriak balira bezala hartzen dituzte. «Eta ohartu behar dugu alde handiak daudela». Askoz ere azukre eta kaloria gehiago dute edari energetikoek. Lataren tamainaz ohartarazi du Lopezek: 330 mililitroko ontziak izaten dituzte freskagarri gehienek; edari energetikoentzat, berriz, gero eta handiagoak egiten dituzte. Red Bullek badauzka 250 mililitroko ontziak, baina harekin batera gehien kontsumitzen den markak, Monsterrek, 500 mililitroko latak saltzen ditu. Litro erdi. Kontsumoa handitzea dakar horrek, biokimikariaren arabera. Gehiegizko kontsumoa zabaltzen ari da. Europako agentziaren ikerketak ohartarazi du edari energetikoak hartzen dituzten adingabeen %12k gehiegizko kontsumoa dutela: zazpi litro inguru hilean.

Ez dituzte bere horretan hartzen, gainera. Europako ikerketak dio erdiek baino gehiagok alkoholarekin nahastuta hartzen dituztela energetikoak; vodkarekin eta ginarekin, adibidez. «Oso kaltegarria da», ohartarazi du Lopezek. Alkohola eta edari energetikoak nahastean, izan ere, kontrako bi efektu elkartzen dira nerbio sisteman: alkohola depresorea da; kafeina, berriz, estimulatzailea. «Alkohola kontsumitzean, tontotuta bezala geratzen gara. Baina, aldi berean, kafeinarekin estimulatu egiten gara, eta alkoholaren eragina ez dugu nabari. Eta zer egiten dugu? Edaten jarraitu. Ohi baino alkohol gehiago edatea dakar, azken batean».

Muturreko kasuen berri zabaldu dute AEBetan. Osasun arduradunek bost heriotza susmagarri zituztela baieztatu zuten 2012an. Bihotzekoak jota hil ziren bost gazte, eta familiek salatu zuten edari energetikoak hartzeagatik zendu zirela; Monster markako edariak edan zituzten. 14 urteko neska bat zen haietako bat: hil aurreko bi egunetan hartu zuen edari energetikoa —bat egun bakoitzean—, eta, familiaren arabera, horrek eragin zion bihotzekoa. Lopezek uste du ikertu beharrekoak direla kasuak, baina ondo baieztatu behar dela guztia, heriotza edari horiei egotzi aurretik.

Astegun bat. Arratsaldea. Gaztetxo kuadrilla bat, saltoki batean. Gozokiak erosten, eskolako motxila oraindik bizkarrean dutela. Alboan, kolore deigarria duten lata batzuk. Hau irakurri dute horietako batean: «Ausartu planetako edari muturrekoena probatzen. Gure laborategietatik atera da tamaina normaleko edari energetiko batek baino bi bider estimulu handiagoa emango dizun formula. Monsterrek zapore arinarekin emango dizu potentzia berdingabea. Bai, tamainak inporta du». Begiratu diote. Ez du prezio garestia ere: litro erdiko lata, euro bat pasatxo. Esku-eskura dute. Lopez: «Ezin dugu onartu horrelako edariak 6 urteko umeen esku horrela lagatzea».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna