Azken unera arte negoziatzen

Gaur goizean amaituko da Gazan asteartean ezarritako su-etena.Denbora amaitu arte negoziatu dute meniaren luzapena Palestinako eta Israelgo ordezkariek, Egiptoren bitartekaritzarekin

Gazako auzo batean etxe baten hondakinetan eraikitako txabola. MOHAMMED SABER / EFE.
Adrian Garcia.
2014ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Erlojuaren aurka ibili dira Kairoko bitartekariak, denbora irabaztea helburu. Palestinako alderdien eta Israelgo ordezkarien artean su-etena luzatzeko akordio bat lortu nahian aritu dira, denbora gehiagorekin su-eten iraunkorrago bat lortze aldera. Gaur amaituko da asteartean ezarritako menia, 08:00etan —07:00 Euskal Herrian—. Edizio hau ixteko orduan, artean negoziatzen ari ziren bi aldeak Kairon.

Menia amaitzeko ordu gutxi falta zirela, bi aldeek elkarri leporatu diote su-etena luzatzeko proposamena baztertzea. Maan albiste agentziaren arabera, Hamasen proposamenak ez du erantzunik jaso Israelen partetik. Mugimenduak ohartarazi du luzapena ez onartzeak «erasoak areagotzea» ekarriko duela. Hamasek aitortu du negoziazioetan «aldeak handiak» direla. «Bakerako aukera bazegoen, baina galdu egin da etxebizitzen hondakinen artean gure haurrak aurkitu ditugunean», azaldu du Kairon Hamaseko buru Mussa Abu Marzukek. Hamaseko adar armatuak esan du ez dutela akordiorik onartuko itsas portu bat eraikitzeko bermerik gabe.

Milaka palestinar bildu ziren atzo Gazako kaleetan Kairora joandako ordezkaritzari sostengua adierazteko. Hamaseko legebiltzarkide Muxir al-Masri aritu da manifestazioan hizlari lanetan. «Ez zaitezte itzuli gure eskubideak bermatu eta gure eskaerak bete arte», adierazi du ordezkaritzari erreferentzia eginez.

AFP albiste agentziak Israelgo armadako iturriak aipatuta argitaratu duenez, Israel prest legoke «baldintzarik gabe» menia egun batzuk luzatzeko. 27.000 erreserbista etxera bidali dituzte, baina beste 55.000 soldadu dituzte Gazako ateetan.

Hainbat hedabidek atzo eguerdian zabaldu zuten su-etena luzatzea adostu zutela bi aldeek, baina Hamasek gezurtatu egin zuen hori. Aldeek ez dute aurrez aurre hitz egin, Egiptoko negoziatzaileen bidez izan dute elkarren berri.

Efe albiste agentziak aipatutako Palestinako iturrien arabera, negoziazio mahaitik alde egiteko mehatxatu zuen atzo Azam al-Ahmedek, Kairora bidalitako Palestinako ordezkaritzaren buruak, Hamasek eta Jihad Islamikoak jarrera malgutzen ez bazuten.

Gaza desmilitarizatu

Su-etenari eusteko Israelek jarritako baldintzetako bat Gaza desmilitarizatzea da, hots, Hamasek armak ematea. Bide horretan, Europako hainbat herrialdek proposamen bat egin diote Israeli. Gaza berreraikitzeko prest leudeke Alemania, Frantzia eta Erresuma Batua. Trukean, Hamas eta beste milizien armatzea eragotziko lukeen nazioarteko zaintza erakunde bat ezarriko lukete.

Haatik, palestinarrak ez daude desarmatzearen marra gorria gurutzatzeko prest. Reuters albiste agentziak aipatutako Hamaseko iturri baten arabera, alderdia prest dago su-etena bukatu orduko erasoari ekiteko. Israelek ere egin ditu adierazpenak bide horretan. «Israelgo herritarren segurtasuna bermatzeko edozein motatako indarra erabiliko dugu», azaldu du Benny Gantz jeneralak.

Palestinako ordezkaritzak jarritako baldintza da azpi urteko blokeoa amaitzea eta dozenaka preso askatzea. Blokeoa amaitzeko, eginkizun garrantzitsua izan dezake Kairok, Gaza gainontzeko munduarekin lotzen duen igarobidea kontrolatzen baitu. Maan albiste agentziak aipatutako Egiptoko Gobernuko iturrien arabera, Kairo prest dago muga hori modu iraunkorrean irekitzeko, baldin eta PAN Palestinako Aginte Nazionala Egiptorekin batera arduratuko balitz Rafaheko igarobidea zaintzeaz.

Barack Obama AEBetako presidenteak ezinbestekotzat du «krisia» amaitzeko Gazaren blokeoa altxatzeko baldintza «luzera begira» betetzea. «Gazak ezin dio eutsi mundutik bakartuta». Hamas gaitzestearekin batera Israelera suziriak botatzeagatik, Obamak eskatu du palestinarren bizi-baldintza gogorrak leuntzeko «formulak» aplikatzeko. «Israelek ere ziurtasuna izan behar du suziririk berriro botako ez dutela».

Bien bitartean, gazatarrak bonbardaketarik gabe 72 orduz bizi ahal izan dira lehen aldiz uztailaren 8tik, Israelgo armadak erasoaldia hasi zuenetik. Hesi babesgarria deituriko operazioak hondamendia utzi du Gazan: 1.886 palestinar hil dituzte —432 haur—, 10.000 inguru zauritu, eta milioi erdi lagun etxerik gabe geratu dira. Israelen, hildakoak 67 dira: 64 militar eta hiru zibil.

Armak saltzeari utzi

Nick Clegg Erresuma Batuko lehen ministrordeak atzo irratsaio batean esan zuen Israelek su-etena hautsiko balu armak saltzeari «berehala» utziko ziotela. «Erresuma Batuko herritarrentzat onartezina izango litzateke Israeli armak saltzen jarraitzea».

Clegg liberal demokraten buru da, eta David Cameron lehen ministroaren Alderdi Kontserbadorearekin gobernua osatzen du. Bi alderdiek ez dute jarrera bera Gazako erasoari buruz. Cameronek ez du armak esportatzeko lizentzia gehiago eman erasoaldia hasi zenetik. Dena den, ez ditu bertan behera utzi hainbat sektoretatik eskatu duten bezala. Cleggek ohartarazi du Erresuma Batuko legeek jasotakoa «zorrotz» errespetatu behar dutela. «Azken asteetan zer gertatu den aztertu behar dugu baldintza horiek hautsik ote diren ikusteko». Cleggen ustetan, baldintzak errespetatu ezean lizentziak baliogabetu beharko lirateke.

Anmesty International erakundearen arabera, «zantzu handiak» daude baieztatzeko erasoaldian Israelek nahita egin zuela Gazako ospitaleen kontra. Eraso horietan gutxienez sei mediku hil zituzten. Al-Aqsa Martirien Ospitalea ordu erdiz bonbardatu zuten uztailaren 21ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.