AEBek, mehatxuei muzin egin, eta aire erasoekin jarraitu dute Iraken

Islamistek diote bonbardaketak geratu ezean beste kazetari bat exekutatuko dutela.

Kurduek lau herri hartu dituzte Mosuldik gertu
Irakeko kristau batzuek Jordaniako elizetan aurkitu dute babesa.
Irakeko kristau batzuek Jordaniako elizetan aurkitu dute babesa. JAMAL NASRALLAH / EFE

Adrian Garcia -

2014ko abuztuak 22
AEBek ez diete jaramonik egin Estatu Islamikoaren mehatxuei. Armadako hegazkinek eta droneek talde jihadistaren kokaguneak bonbardatu dituzte Irakeko iparraldean. Pentagonoak azaldu du sei bonbardaketa egin dituztela Irakeko eta Kurdistan Autonomoko armadei babesa emateko, Mosulgo urtegitik gertuko herrixketan. Peshmergen arabera, urtegiaren mendebaldera dauden lau herrixkatatik kanporatu dituzte islamistak. Sirian 2012an bahitutako AEBetako James Foley kazetaria exekutatu ondotik, jihadistek ohartarazi dute bonbardaketekin jarraitzen bazuten beste estatubatuar bat hilko dutela. Steven Joel Sotloff kazetaria jihadisten esku dago. Haien arabera, Sotloffen «bizitza Obamaren hurrengo erabakiaren menpe dago».

Foley kazetariari lepoa moztu, bideoan grabatu eta sare sozialetan zabaldu zuten islamistek. Horrela mendekatu nahi izan dute AEBek gatazkan izandako esku hartzea. «Estatu Islamikoak ez du lekurik XXI. mendean». Barack Obama AEBetako presidentea «atsekabetuta» azaldu zen herenegun hedabideen aurrean. «Mundu osoaren kontzientziari eragiten dio ekintza horrek». Presidenteak adierazi du «egin beharrekoa» egingo dutela islamistak amaitzeko.

Kazetaria hil ondotik, Etxe Zuriak aitortu du Sirian bahitutako estatubatuarrak askatzeko saialdia egin zutela iaz. «Aire eta lurreko operazioak huts egin zuen, bahituak lekuz aldatu zituztelako», adierazi du Pentagonoak. Lehen aldiz aitortu du Washingtonek Sirian operazioak egin izana gerra zibila hasi zenetik. The New York Times egunkariak aipatutako iturri militarren arabera, Siriako iparraldeko petrolio findegi batean egin zuten operazioa.

AEBetan ez ezik, Erresuma Batuan ere zer esana eman du jihadisten bideoak. Izan ere, kazetaria exekutatu duen Estatu Islamikoko kideak Londresko azentuarekin hitz egin du, eta Erresuma Batuko zerbitzu sekretuak hura identifikatzeko lanetan hasi dira. Uste dute borreroa bahituak atxikita dauzkaten taldearen buruzagia dela. The Guardian egunkariak, Downing Streeteko iturriak aipatuta, azaldu du Erresuma Batuko 500 herritar inguru egon daitezkeela Sirian eta Iraken talde islamisten alde borrokan.

Jihadisten bideoak, sarean

Estatu Islamikoak erabilitako metodo mediatikoek bira eman diote munduari. Beste bideo bat argitaratu berri dute: gatibu hartutako dozenaka yezidi islamera indarrean konbertitzen grabatu dituzte. Kurduen arteko gutxiengo erlijioso bat dira yezidiak, eta muturreko islamista sunitek heretikotzat dauzkate. Kalkulatzen dute 150.000 yezidik etxetik ihes egin dutela islamisten hedapenaren ondotik. Irakeko Gobernuak uste du 690 emakume yezidi eta xiita Sinjar herrian atxikita dauzkatela.

Herrialdeko segurtasun gabezia konpontze aldera, Haider al-Abadi Irakeko lehen ministrogaia gobernua osatzeko lanetan dabil. Konstituzioaren arabera, 30 egun ditu gobernua osatzeko eta legebiltzarraren gehiengoaren babesa lortzeko. Al-Abadik uste du gai izango dela desadostasun politikoak gainditzeko. Herrialdeko kurdu eta sunita gutxiengoek bidali dizkiote gobernuan sartzeko baldintzak, eta Al-Abadi programa horiek aztertzen ari da. «Gobernua osatzeko negoziazioak ondo doaz». Politikariak esan du Ali al-Sistani xiiten buruzagi erlijiosoaren aholkuei jarraituko diela: «Gobernuak onarpen zabala izango du, eta eraginkorra eta gardena izango da». Haren lehentasuna «herrialdearen segurtasuna» bermatzea bada ere, ustelkeriaren aurka ere borrokatuko da.

Herrialdeko tribu sunita batzuek gobernua babestuko dute Estatu Islamikoaren aurka. Rudaw hedabidearen arabera, Al-Anbar probintziako hainbat tribuk jidadisten aurkako erasoaldia hasi dute, eta 30 borrokalari hil dituzte.

Halere, muturreko talde islamistaren hilketek Irakeko etnien arteko gorrotoa pitz dezakete. Lekukoek Rudaw hedabideari kontatu diotenez, yezidiei eginiko erasoetan inguruko herrietako arabiar batzuek parte hartu zuten. Saddam Husseinek 1980ko hamarkadan kurduen aurka hasitako kanpainarekin alderatu dute yezidiek jihadisten erasoa, eta peshmergei batu zaizkie asko.

Indar kurduak, aurrera

Mosulgo urtegiaren inguruko herrixkak hartu nahian dabiltza kurduak. Kurdistan Autonomoko iturrien arabera, lau hartu dituzte, azpiegituraren mendebaldera. Peshmergek diote Zummar herritik hamabost kilometrora daudela, eta hara iristeko sarbideak kontrolatzen dituztela. Islamistek hilaren hasieran kanporatu zituzten kurduak hiri horretatik.

Bestalde, YPG Herriaren Babeserako Unitateak —Siriako kurduen miliziak— adierazi du Jazaa eskualdeko borroketan, Siriaren eta Irakeko arteko mugan, 140 islamista hil dituztela. YPGko hamabost kide ere hil dituzte. Irakeko armadak ere eraso die Estatu Islamikoaren posizioei. Armadako bozeramaileek esan dute gutxienez hamabi islamista hil dituztela Haditha hiriko kanpoaldean, Al-Anbar probintzian.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna