Bi ez dira mahaian eseriko

LABek baieztatu du ez duela parte hartuko Eusko Jaurlaritzaren gizarte elkarrizketan.Ordezkaritza sindikalaren gehiengoaren iritzia ez aintzat hartzea aurpegiratu dio Muñozek Gasteizko gobernuari

Ivan Santamaria - Iker Aranburu
2014ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak bultzatu nahi duen gizarte elkarrizketarako mahai berria hankamotz sortuko da, azkenean sortuko bada. ELAk eta LABek bizkarra eman diote egitasmoari, baina Iñigo Urkulluren gobernuak aurrera jarraituko duela uste du Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak. «Eusko Jaurlaritzari bost axola zaio ordezkaritza sindikalaren gehiengoa», gaitzetsi du. Mahaia ez biltzeko eskatu dio Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak ere.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan langileen ordezkaritzaren %39,6 du ELAk, eta %17,94 LABek. Gehiengo zabala, hortaz. Mahaian esertzeko prest dauden beste indarrek, CCOOk eta UGTk,%32 baino pixkat gutxiago dute. Baldintza horietan elkarrizketa ireki nahi izatea gobernuari mesede egiteko baino ez da, Muñozen aburuz. «Urkulluk argazkiak nahi ditu sindikalismo otzanarekin». Jaurlaritzak mahaiaren antolakuntzari buruz bidali dien dokumentuaren edukia salatu du, horren helburua «jarduera sindikala mugatzea» delako. «Sindikalismo bertikala esaten zaio horri, gobernuak erabakitzea botere sindikalak zer egin behar duen». Baldintzak onartzen dituzten erakundeentzat, ondoren, diru laguntzak datozela azpimarratu du Muñozek. Haren esanetan, «erreskate planak» baino ez dira, «ideologikoki eta ekonomikoki porrot eginda dauden patronal eta sindikatuentzat».

Mahaiaren diseinua Patxi Lopez lehendakari zenean egindako «gauza bera» dela azpimarratu du, gehiengoa nork duen aintzat hartu gabe, eta Urkulluri mezu zuzena helarazi dio. «Errespetua zor zaio gehiengo sindikalari, eta errespetatzen ez duena demokraziaren aurkakoa da». LABek parte-hartzeari uko egin izana ontzat jo du ELAk, halaber.

LABen baieztapena

Atzo berretsi zuen LABek ofizialki aurreko egunotan iragarritakoa: ez du parte hartuko gizarte elkarrizketan. Agiri baten bidez, azalpen nagusi bat eman du LABek Jaurlaritzari ezezkoa emateko: ez du uste mahai horretan hitz egingo denak Espainiako Gobernuak indarrean jarritako lan erreforma baliogabetzeko balioko duenik. «Lan erreforma gainditu eta lan harreman eredu berri eta propio baten eztabaida egitea proposatu genion [...]. Aurkeztu diguten proposamenean ez dago lan harreman eredu berri batera eramango gaituen bidea egiteko inolako aukerarik». Gainera, LAB kexu da Jaurlaritzak ez duela arazo gisa aipatzen lan harremanetarako esparrua egiteko eskuduntza falta. «Beraz, elkarrizketa sozialerako gune hori ez dago pentsatua herri honek behar duen eztabaida egiteko»; hala ondorioztatu du LABek.

Goizean, Herri Irratian, Ainhoa Etxaidek ziurtatu zuen gizarte elkarrizketaren gai nagusia ez dela enplegua izango, baizik eta «nola egin aurrekontuetan egin beharreko murrizketak». Horrekin haserre agertu zen: «Jaurlaritzak deitu digu zertaz hitz egin behar dugun ikusteko, zer egin daitekeen aztertzeko; denok dakigu horrela ez dela herri bat gobernatzen».

Aberastasunaren banaketa

Ekonomiaren eta enpleguaren inguruko azken txostena aurkeztu zuen atzo ELAk, Bilbon. Sindikatuaren ustez, ez du merezi eztabaidatzea susperraldia gertatzen ari den edo ez, egoera eragin duten politiken inguruan eztabaidatzen ez den bitartean.

ELAk, aldiz, exijitu zuen eztabaida politiko eta ekonomikoaren erdian kokatzea aberastasunaren banaketa. Izan ere, langileek eskuratzen duten aberastasunaren partea hiru puntu erori da EAEn, eta ia bost Nafarroan. Aberastasun hori kapitalaren eskuetara joan dela azpimarratu zuen Mikel Noval sindikatuko gizarte arloko arduradunak. Muñozen ustez, ezinbestekoa da egoera horri aurre egitea: «Ez dago ezker praktikorik, hori ez bada eztabaidaren muina».

Madrilgo, Gasteizko eta Iruñeko gobernuek «berdin» jokatzen dutela uste du ELAko idazkari nagusiak. Hori dela eta, sindikatuaren helburu nagusietako bat «gobernuen propaganda borrokatzea» izango da. Gobernu guztiak murrizketa politika hedatzeko helburuarekin bat datoz, haren ustez, eta horrek ez du krisiaren irtenbidea ekarriko. «Murrizketak ez dira bateragarriak enplegua sortzearekin», adierazi zuen.

Jaurlaritzaren jokabideari egin zion errieta bereziki ELAko buruzagiak. Osakidetzan, hezkuntzan, EITBn, edo azpikontratetan etengabe enplegua ezabatzen da, haren aburuz, eta, aldi berean, 650 edo 700 euroko soldatak dituzten «miseriazko kontratuak» erabiltzen dira.

Borroka ideologikoan enpresaburuen zereginari buruzko eztabaida sartu zuen. «Esaten duteenplegua enpresaburuek sortzen dutela. Faltsua da. Galtzen denean ere enpresaburuak ezabatzen du?», galdetu zuen. Eskaeraren eta sektore produktiboaren arteko «bitartekari hutsak» iruditzen zaizkio enpresaburuak, ordea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.