Trapuak ikusi nahi zituena

Argentinako Gobernuko goi kargudunak 'AMIA auzian' nahastu zituen fiskala hilda topatu dute
Nisman, artxiboko argazki batean.
Nisman, artxiboko argazki batean. CEZARO DE LUCA / EFE

Samara Velte -

2015eko urtarrilak 20
Buenos Airesko Puerto Madero auzo esklusiboko bere etxebizitzan topatu dute hilda Alberto Nisman fiskala, bizkartzainak atarian, atea giltzaz itxita eta aldamenean pistola bat zeukala. AMIA auziko ikerketa zuzentzen zuen, eta handik ordu gutxira agertu behar zuen Argentinako Kongresuan azalpenak ematera. Inplikazio handiko akusazioak eginak zituen aurretik, eta gobernuko goi kargudunak ere nahastu zituen auzian, tartean Cristina Fernandez presidentea.

Interes eta indar ilun ugari korapilatzen dituen auzi bat da AMIA Argentinako Elkarte Israeldarrarena. 1994an birrindu zuten haren Buenos Airesko egoitza, auto bat leherrarazita; atentatuan 85 lagun hil eta 300 baino gehiago zauritu ziren. Argentinako komunitate juduak presio handia egin zuen erasoaren ondotik; hasieratik Hezbollah Libanoko alderdi xiitari egotzi zioten atentatua egitea, ustez Irango Gobernuaren aginduetara.

Nisman ere uste horretakoa zen. Nestor Kirchner presidentea zenak —gaur egungo presidentearen senarrak— 2004an izendatu zuen auzia zuzentzeko, eta hark, Iranek Argentinan zeuzkan ordezkariak ez ezik, gobernuko kideak ere ipini zituen ikerketaren jomugan: Carlos Menem presidente ohia eta Juan Jose Galeano epailea atxilotzeko aginduak eman zituen, ikerketa «nahasi, oztopatu eta neutralizatzen» saiatzeagatik. 2013an, Argentinako eta Irango gobernuek elkar ulertzeko memorandum bat sinatu zuten atentatua argitzeko. Agiria Kongresuak onartu zuen, eta Interpolek eta Amnesty Internationalek ere txalotu zuten bere garaian, susmagarriak epailearen aurrera eraman eta «justizia lortzeko aukera bat» izan zitekeelakoan. Nismanek, ordea, irandarrak errugabetzeko saiotzat jo zuen ituna, eta hainbat goi kargudun salatu zituen —besteak beste, Fernandez presidentea eta Hector Timerman Atzerri ministroa—, atentatuaren egileen «errugabetasuna fabrikatzeagatik».

Oposizio eskuindarrarekin harreman estua izateagatik zen ezaguna Nisman, eta haren aurkako hainbat filtrazio eta akusazio ez- formalek AEBetako enbaxadaren aginduetara aritzea leporatzen zioten. Presidentearen eta haren ingurukoen aurkako salaketak egiteko, Argentinako zerbitzu sekretuetako kontaktu bat eta hark ahalbidetutako entzuketak baliatu zituen. Akusazio larriak ziren, inondik ere: memorandum harekin atentatuaren egileak bilatzeko aginduak arintzea egozten zion gobernuari, arreta haietatik desbideratuko zuten pista faltsuak sortzea, eta trukean petrolioa jasotzea.

Gobernuak behin eta berriz ukatu ditu bata zein bestea. Página12 egunkariak xehetasunez aztertu ditu ustezko delituetako bakoitza, eta ondorioztatu du Nismanek «arazo larriak» izango zituela atzo, bere akusazioak Kongresuan defendatu behar zituenean: «Gauza horietako bakar bat ere ez zen gertatu. Ez zen tokiko faxistei buruzko pista faltsurik sortu, ez zituzten alarmak kendu eta [gobernuak] ez zion petrolio tanta bat ere erosi Teherani». Enbargoaren ondorioz, Argentinak «oso gutxi» saltzen dio Irani, eta horren %80 enpresa talde pribatu batek ekoitzitako soja da. Petrolioa Nigeriatik inportatzen du.

Argitzeko dagoen gertaera

Larrialdi zerbitzuek etxeko komunean topatu zuten fiskalaren gorpua atzo goizaldean, haren amak abisua eman ostean semeak ez ziolako telefonoa hartzen. Lokian tiro bat eta 22 milimetroko pistola atzeman zizkioten, Poliziak gerora jakinarazi duenez. Nismanen heriotza ikertzen ari den fiskalak zuhurtzia eskatu du; ofizialismotik suizidiotzat jo dute; eta oposizioak bestelako konspirazioak egon litezkeela iradoki du, Nismanek mehatxuak jasotzen zituela argudiatuta. «Morroi honek mundua aurrean zeraman, sinetsi ezinezko uste sendoarekin, eta bat-batean adorea falta izan zitzaion bere bizitzarekin jarraitzeko», esan du Fronte Zabal Aurrerakoiko Luis Juez senatariak: «Utziko didazue zalantza egiten».

Nismanen heriotzak esparru politiko osoa astindu du. Kargudunek agendak geldiarazi dituzte, eta Fernandezek fiskalaren materiala desklasifikatzeko eskatu du. Urte garrantzitsua dator Argentinako Gobernuarentzat. Udazkenean boz orokorrak dituzte, eta Fernandez ezin da berriro aurkeztu. Oraindik argitu gabe dago, gainera, nor izango den haren ordezkoa kirchnerismoan —edo, zirkulua zabalduta, peronismoan—. Nismanena suizidioa izanda ere, orain gobernua bera dago berriz begirada guztien jomugan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna