Ukrainako Gobernua eta matxinoak negoziazio mahaira itzuliko dira gaur

Minsken elkartuko dira Kiev, Donetskeko eta Luhanskeko herri errepubliken ordezkariak, Errusia eta ESLA, irailean bezala.

Greziak ez du onartu Europako Batasunak Errusiari zigor gehiago ezartzea
Apaiz ortodoxo bat frontera bidali dituzten Ukrainako soldaduei bedeinkazioa ematen, atzo, Kieven.
Apaiz ortodoxo bat frontera bidali dituzten Ukrainako soldaduei bedeinkazioa ematen, atzo, Kieven. SERGEY DOLZHENKO / EFE

Mikel Rodriguez -

2015eko urtarrilak 30
Ukrainako Gobernua eta hego-ekialdeko matxinoak berriz ere Minskeko negoziazio mahaira itzuliko dira gaur. Hilabete osoan gatazkak pairatutako gorabehera handien adierazle da atzo ezustean jakinarazitako erabaki hori. Gerra gogortuta ere, bi aldeen arteko elkarrizketak ez direla eten berretsi du horrek, baina aitzineko saioek zer-nolako emaitza eman duten ikusita, baikortasun handirik ez dago. Hain zuzen, gerra frontetik hildako gehiagoren berri eman dute bi aldeek: 11 zibilena matxinoek, eta bortz soldadurena Kievek. Debaltseve hiriko biztanleak, berriz, alde egiten hasi dira borroken gogortzearen ondorioz. EB Europako Batasunak Errusiari leporatu dio gatazkaren gaiztotze hori, eta, horregatik, 28 Atzerri ministroek erabaki dute zigor neurriak irailera arte luzatzea eta zigortutako pertsonen zerrenda handitzea. Hala ere, ez dizkio zigor gehiago ezarriko, Grezia aurka agertu delako.

Petro Poroxenko Ukrainako presidentea Mikhail Zurabov Errusiako enbaxadorearekin elkartu zen atzo, Kieven. ESLA Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundeko ordezkari Heidi Tagliavini izan zuten bitartekari. Poroxenkok adierazi zuen espero duela Minskeko bilkuraren ondoren berehala su-eten bat ezartzea, eta arma astunak borroka tokietatik erretiratzea bi aldeek iazko irailean sinatutako memorandumean erabaki zuten banaketa lerroetara —hamabortz kilometro zabal den eremu bana, alde bakoitzak kontrolatutako lurraldearen mugan zehar—. Horrez gain, Poroxenkok nahi du azken hilabeteetan matxinoek Errusiarekiko mugan hartu dituzten postuak Kieven kontrolera itzultzea.

Donetskeko eta Luhanskeko herri errepublikek —matxinoek eratutako estatuek—, ordea, ez dute su-etenaz eztabaidatu nahi Kievek bi eskualdeei blokeo ekonomikoa kendu arte, Igor Plotnitski Luhanskeko Herri Errepublikaren buruzagiak erran duenez. Luhanskeko Informazio Zentroak bildutako adierazpenen arabera, Plotnitskik erran du negoziatzaileez gain, bera eta Andrei Zakhartxenko Donetskeko Herri Errepublikaren buruzagia ere prest daudela Minskera joateko. «Gure baldintza ez da aldatu. Kievek ordezkari bat izendatu beharko luke erabakiak hartzeko agintea izan dezan».

«Borroka gogorrak»

Irailaren 5ean Minskeko Protokoloa sinatu zuten eragile berak elkartuko dira gaur: Ukraina, matxinoak, Errusia eta ESLA. Orduan bezala, Bielorrusia dute anfitrioi. Herenegun, Evard Basurin Donetskeko matxinoen buruzagiorde militarrak agortutzat jo zuen protokoloa, eta «bertze formatu bat» eskatu zuen negoziatzen jarraitzeko. Atzo, Aleksandr Lukaxenko Bielorrusiako presidenteak protokoloa defendatu zuen. «Bertzelako formatuak aipatu dira, baina ez dago bertze oinarririk, eta dagoena aldatzea hagitz nekeza litzateke, denbora galtzea esan nahiko lukeelako».

Bertze negoziazio saio bat abian den bitartean, garrantzi estrategiko handiko hirietan borroka izan dira. Matxinoek sortutako Novorrosija agentziaren arabera, Debaltseve eta ondoko Uglegorsk hirietan «borroka gogorrak» izan ziren atzo, Donetskeko miliziaren erasoaldiaren ondorioz. «Matxinoak Ukrainako tankeak suntsitzen ari dira artilleriarekin», jakinarazi zuen. Donbas agentziak bonbardaketetan hiru zibil hil zituztela argitaratu zuen. Donetsk eta Luhansk eskualdeen mugan dago Debaltseve, eta, hiria hartuz gero, bi eremuetako gerra fronteak bateratzea lortuko dute matxinoek. Donetskeko Herri Errepublikaren buruzagiorde militar Basurinek, berriz, adierazi du Ukrainako armadak atzo 11 zibil hil zituela: bortz Donetsk hirian eta bertze lau Horlivkan. Andri Lisenko Ukrainako bozeramaile militarraren arabera, atzo bortz soldadu hil ziren borroketan. Nazio Batuen Erakundeak dio apirilean gerra hasi zenetik 5.000 lagun inguru hil direla.

EB Europako Batasunak Errusiari leporatzen dio Ukrainako gatazkaren erantzukizuna. Horregatik, Federica Mogherini EBren Atzerri Gaietarako ordezkariak azaldu du zigorrak luzatu dituztela Moskuri «presio» egiteko. Hala ere, EBk orain arte Errusiarekiko mantendutako batasunari arrakala bat agertu zaio, Greziak ez baitu onartu zigor gehiago ezartzeko proposamena. Syriza ezkerreko alderdiak eta Anel eskuindar nazionalistak gobernua eratu berri dute Grezian, eta Errusiarekin harremanak hobetu nahi dituzte, Nikos Kotzias Greziako Atzerri ministroak adierazi duenez. Pavlo Kimkin Ukrainakoarekin elkartu zen atzo Kotzias, Bruselan. «Kezka» agertu zion matxinoen erasopean dagoen Mariupol hirian bizi diren greziar etniako biztanleengatik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna