Estu, baina ez itorik

Aurrekontuen egitasmoa aurkeztu du EHUk; Iñaki Goirizelaia errektoreak dio «mugak» dituela proiektuak, baina «kalitatea bermatzeko» balioko duela.

Iñaki Goirizelaia EHUko errektorea, Bizkaia eraikinean hartutako irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
gotzon hermosilla
Leioa
2015eko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Aste honetan aurkeztu dute EHU Euskal Herriko Unibertsitateko 2015eko aurrekontuen egitasmoa. Orotara, 396.557.681 euro gastatzea kalkulatu du EHUk aurten; iazko aurrekontuarekin alderatuta, %0,26 gehiago. Oso igoera txikia, hutsaren hurrengo ia. Krisiak segitzen du egoera baldintzatzen.

Iñaki Goirizelaia (Bilbo, 1958) EHUko errektoreak ez du arazorik onartzeko aurrekontuak «estuak» direla eta «mugak» dituztela: «Proiektu berriak abian jartzeko aukera handirik ez dute ematen».

Hala ere, baliagarriak izango direlakoan dago: «Aurrekontu hauekin bermatzen dugu gure irakaskuntzaren eta ikerketaren kalitatea, eta eguneroko kudeaketari eusteko aukera ematen digute». Dioenez, aurrekontu horiekin unibertsitateak «ona» izaten jarraituko du, baina ez du ukatzen «hobea» izatea gustatuko litzaiokeela eta horretarako zailtasun handiak daudela aurrekontu hauekin.

Unibertsitate plana

Neurri handi batean, aurtengo aurrekontuen ezintasunak Eusko Jaurlaritzak joan den abenduan onartutako unibertsitate planetik datoz. «Oinarrizko tresna» eta «motorra» da unibertsitate plana EHUrentzat. «Gakoa», Goirizelaiaren hitzetan; aurrekoa 2011-2014 eperako egin zuen Jaurlaritzak, eta orain 2015-2018 epean indarrean egongo dena aurkeztu du. Eta murrizketa dakar plan berriak: EHUra diru gutxiago bideratuko dute, %14 gutxiago aurreko planarekin alderatuta.

Goirizelaia «kritiko» agertu da planaren inguruan: «Ez da guri gustatuko litzaigukeena, bide berriak zabaltzea eta proiektu berriei ekitea zailtzen duelako». Baina unibertsitateak «arduraz» jokatu behar duela deritzo: «Badakigu egoera ekonomikoa zaila dela, oraindik denbora beharko dela horri buelta emateko, eta euskal gizarteak erabaki badu gure eskuetan diru hori jartzea, guk erantzukizunez jokatu behar dugu».

Aurreko plana abiatu zeneko egoera eta gaur egungoa ez dira berdinak, Goirizelaiak gogoratzen duenez. Hala ere, nahiago du konparazioetan ez sartzea: «Unibertsitate planaren azalpena Jaurlaritzari dagokio, eta badakit agerraldi bat egingo dutela Gasteizko legebiltzarrean. Gure aldetik, uste dut argi dagoela zein den gure jarrera».

Bestelako diru sarrerak

Zailtasunak gorabehera, EHUren aurtengo aurrekontuetan igoera txiki bat agertzen da. Goirizelaiaren esanetan, unibertsitateak berak dituen bestelako diru sarrerei esker lortu dute hori: «Sarreren zati bat EAEko aurrekontuetan unibertsitatera bideratzen den diru poltsatik dator, baina bestelako sarrerak baditugu: ikasleek ordaintzen dituzten tasak, kanpoko deialdietan lehiatuz lortzen ditugun baliabideak, eta enpresa eta erakunde publikoekin sinatzen ditugun kontratuak, gure ikerketaren lana eskaintzeko».

Bigarren atal horretan egindako ahaleginari esker lortu dute aurrekontuak orekatzea. Batez ere, tasen bidez lorturiko baliabideetan egon da igoera, «eta ez tasak modu nabarmenean garestitu direlako, baizik eta graduondoko ikasketetan ikasleen kopurua handitu delako».

Edozein modutan, aurrekontuak «estuak» izateak hainbat egitasmo behin-behinean albo batera uztera behartuko du EHU. Batzuk aipatu ditu Goirizelaiak: Medikuntza fakultatea, San Mamesko Polo Teknologikoa, graduen eskaintza hobetzeko egitasmoak eta beste zenbait proiektu geldi antzean egongo dira aurten. Langileen soldatan hobekuntzak egitea ere zail ikusten du.

Desadostasunak desadostasun,Jaurlaritzarekin harremanak «onak» direla dio EHUko errektoreak: «Instituzioen arteko harremanek onak izan behar dute beti. Gu saiatzen gara hori zaintzen. Ez dut jokatzeko beste modurik ikusten».

Oraindik goiz da jakiteko EHUko gainerako eragileek nola hartuko dituzten aurkeztu berri diren aurrekontuak, baina Goirizelaia baikor agertu da: «Nik neuk esan dut aurrekontuak estuak direla, baina Euskal Herriko gizarteari erantzuna eman behar diogu, eta, beraz, arduraz jokatu behar dugu. Uste dut gehienek onartuko dutela hori, eta espero dut martxoaren 12an proiektu hau aurrera ateratzea».

Unibertsitate plana aurkeztu zuenean, «malgutasuna» aipatu zuen Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak. Itxaropenez dago Goirizelaia: «Malgutasun hori erabiliz, datozen urteetan aurrekontu hauek hobetzeko modua izango dugula espero dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.