Albistea entzun

Federalismoaren ideiari argi ematen

Espainiako Konstituzioa aldatzeko proposamen sorta zehatza aurkeztu du Ramon Jauregik legebiltzarreko autogobernurako lantaldean.

Ziur dago horiek izango direla erreformaren oinarriak
Ramon Jauregi, atzo, legebiltzarrean azalpenak ematen.
Ramon Jauregi, atzo, legebiltzarrean azalpenak ematen. RAUL BOGAJO / ARP

Aitziber Laskibar Lizarribar -

2015eko otsailak 26

Azken urteetan, asko hitz egin da federalismoari buruz. Espainiako Estatuaren eredua agortua dagoela eta, gero eta gehiago dira eredu horri begira daudenak. Baina edukiz bete gabeko irudia izan da, orain arte; aldarrikapen lausoa, zehaztasunik gabea. Ramon Jauregi PSOEren europarlamentariak argi apur bat eman diio bideari, Eusko Legebiltzarreko Autogobernurako lantaldean bere proposamena azaldu duenean. Proiektu oso bat aurkeztu du. Landua eta zehatza. Espainiako Konstituzioa zertan aldatu behar litzatekeen zehaztu du, eta moldaketek zein ahalmen emango lizkiekeen erkidegoei.

Proposamena ez du aukera gisa aurkeztu. Etorriko denaren aurrerapen gisa azaldu du proiektua, gauzatuko dela ziurtzat jota. Sektore askotako pertsona garrantzitsuekin kontrastatutako lana dela iradoki du; etorriko dela, eta Euskal Autonomia Erkidegoari ere komeni zaiola lanketan aritzea. «Ez dezagun egin kanpoan geratzeko okerra».

Haren esanetan, Konstituzioa aurten zen aldatzekoa, hartarako. Egokiena horixe zela dio: Konstituzioaren erreforma egiteko erreferenduma behar dela, horretarako Espainiako Kongresua desegin behar dela, eta, hori guztia egin ondoren, hauteskundeak azaro edo abenduan egiteko aukera zegoela. PPri, ordea, ez zaio une egokia iruditu, eta, ondorioz, urtetan atzeratu daiteke aldaketa. «Datorren urtean gobernua hartzen duenak ez du osatu berritan desegin nahiko», azaldu du. Hortaz, federalismorako bidea zehaztuko lukeen Konstituzioaren erreforma 2018 aldera arte atzeratu daitekeela ohartarazi du.

Aldaketak Konstituzioan

Hala ere, Jauregik landua du, dagoeneko, Konstituzioa erreformatzeko proposamen zehatza. Espainiako Senatuaren izaera aldatzea aipatu du alor garrantzitsuenen artean, Alemaniako eredua oinarri hartuta. «Osaera erkidegoena izango da esklusiboki: erkidegoetako gobernuen edo parlamentuen ordezkariek osatuko dute».

Egun ere, erkidego bakoitzak bere ordezkariak ditu Senatuan, baina alderdietako kide gisa jarduten dute. Hori da, Jauregiren ustez, hutsa. Senatariek erkidegoen ordezkari izan behar dutela azpimarratu du. Azaldu du senatu berriak ahalmen legegile asko izango lituzkeela eta horrek orain ez duten ahalmena emango liekeela erkidegoei.

Inguruko erkidegoekiko «elkarlan mekanismoak» ere aldatuko lituzke Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Espainiako Gobernuaren Presidentetzarako ministro izana denak. Dioenez, Konstituzioak nork bere ondoko erkidegoekiko harreman motak hautatzeko aukera eman behar luke: «Ezin da horren zurruna izan». Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren eta Nafarroaren arteko harremanak sakontzen lagunduko luke horrek, eta hori garrantzitsua litzateke, Jauregiren ustez, euskal herritarrak erosoago egoten lagunduko lukeelako.

Erkidegoei norbere «berezitasunak» aitortzea ere beharrezkotzat du, eta sinboloak, hizkuntza eta eskubide historikoak aipatu ditu. Modua emango luke, halaber, nork bere erkidegoa nahi bezala antolatu ahal izateko.

Gainera, Europako Batzordean zuzenean parte hartzeko aukera eman behar litzaieke erkidegoei, europarlamentariaren ustez. «Europan izango dituzten zereginak berriz definitu behar dira».

«Estatu gaietan» parte hartzeko aukera ere eman nahi die erkidegoei, «leialtasuna eta elkarlana» oinarrian jarrita. Eta keinu egin dio EAJri. Hain zuzen, haren hitzetan, elkarbizitzan laguntzea da azaldutako neurrien helburua, eta alderdi sozialistak eta EAJk marraztu behar dute bide hori. EAJk mahai gainean duen estatus politiko berrirako proposamena zehaztugabea den arren, EAJk azkenaldian egin dituen hainbat aldarrikapen jaso ditu Jauregiren planak.

Proposamenaren zilegitasuna onartu ondoren, galdera egin diote bai EAJk, bai EH Bilduk PSOEkoari: «Gehiengoak independentzia nahiko balu, gauzatu ahalko luke amaieraraino?». Argi erantzun die Ramon Jauregik: «Espainiako Konstituzioak inoiz ez du onartuko autodeterminazio eskubidea, inork ez diolako jartzen Damoklesen ezpata norbere buruari».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Bego Atxa eta Joseba Azkarraga, atzoko prentsaurrekoan. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Sarek Auzitegi Nazionalaren «blokeo jarrera» kritikatu du

Isabel Jaurena

Sare Herritarraren arabera, 47 euskal preso daude orain urruneko espetxeetan. «Presoengandik gertuen daudenen» jarrera nabarmendu du, erabakiak «jarraipen egokia» egin eta gero hartzeagatik

Bego Atxa eta Joseba Azkarraga, gaur goizeko prentsaurrekoan. ©Andoni Canellada / Foku

Sarek Auzitegi Nazionalaren «blokeo jarrera» salatu du

Isabel Jaurena

Sare Herritarrak adierazi du 47 euskal preso daudela oraindik urruneko espetxeetan

Antonio Caño 2018an, 'El Pais' egunkarik zuzendari zenean. Don Mitxelen albiste faltsua sinistu duenetako bat da. ©Fernando Villar / EFE

Arralderi buruzko txio batek agerian utzi du albiste faltsuen ahalmena

Paulo Ostolaza

Fikziozko herri horretako udalak Miguel Angel Blancoren hiltzailea seme kutun izendatu duela idatzi du Twitterreko Don Mitxel erabiltzaileak. Besteak beste, Daniel Lacalle ekonomialariak eta Antonio Caño El País-eko zuzendari ohiak sinistu eta zabaldu dute mezua.

Iruñeko zezen plaza, uztailaren 14ko arratsean. ©Iñigo Uriz, FOKU

Aske utzi dituzte Mutilzarra peñaren salaketaren harira Iruñean atxilotuak

Uxue Rey Gorraiz

Poliziak bost lagun atxilotu zituen atzo, uztailaren 14an Iruñeko zezen plazan izandako istiluekin lotuta. Aske dira, baina epaileak deklaratzera deituko ditu. Gorroto delitua egozten diete. Mutilzarraren arabera, hainbat pertsonak eraso egin zieten peñako zenbait kideri.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...