Ibon Fernandez Iradi preso atxikitzea erabaki du Parisko dei auzitegiak

Eritasuna ez dela gaitasunez gabetzeko bezainbestekoa erabaki du.Kasazio auzitegira joateko aukera aztertzen ari da abokatua

Baionako bardako elkarretaratzean 50 bat pertsona elkartu ziren. ISABELLE MIQUELESTORENA.
Erredakzioa
Baiona
2015eko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Ibon Fernandez Iradiren eritasunak zer bilakaera ukan dezakeenezin dela jakin iragarri du Pariseko dei auzitegiak atzo, Maritxu Paulus-Basurko presoaren abokatuak jakitera eman duenez. Esklerosi anizkoitza du Fernandez Iradik eta haren osasunak presondegian okerrera egin dezakeela eta, baldintzapean aske uzteko eskatu dute behin eta berriz. Epaitegiaren ustez, haatik, «ez dirudi gaitasunez gabetzeko bezainbestekoa» denik. Haren iduriko egoera bateragarria da presondegian egotearekin. Epaitegiak ez du baztertzen egoera okertzen balitz berriz aztertzeko aukerak izan daitezkeela.

Fernandez Iradiren abokatuak, bere aldetik, berretsi du erabaki hori «onartezina» dela: «Ez dugu onartzen debatea elementu horretan mugatzea». Paulus-Basurkoren irudiko, eztabaida ez da jakitea ea presoaren egoera gaitasunez gabetzeko bezainbestekoa den ala ez, «Eztabaida da ea presondegian eskura dezakeen presondegitik kanpo ukan lezakeen artamendu bera. Erantzuna da: ez». Abokatuak azpimarratu du epaileak berak onartzen duela tratamendu horiek ez direla emanak presondegian. Baina epailearen iritziz, «kartzelari da soluzioak aurkitzea. Bere ardura da». Alta, abokatuak gogoratu du nola «kartzelak eta ospitaleak esan duten artatze horiek ezin dituztela aseguratu».

Erabaki horren salatzeko berrogeita hamar bat pertsona elkartu ziren barda Baionako Herriko Etxearen aitzinean, Bagoaz kolektiboak deiturik. Horrez gain, EHBai koalizioak, eta euskal preso, iheslari eta deportatuen giza eskubideen alde ari den Sarek gogorki salatu zuten dei auzitegiaren erabakia: «Gaurtik aurrera ere, are ozenago salatu behar dugu Ibon eta gainontzeko preso gaixoen egoera. Ozenago eta urrunago helarazi behar dugu eskubide urraketa hauen berri», eskatu zuen Sarek bidali agirian.

Kasazio gortearen aukera

Bide judizialari dagokionez, Kasazio auzitegira jotzeko bost egun ditu abokatuak. Eta horren aztertzen ari da, hain zuzen. Hortik landa ere, «beti aukera badago Europara jotzea». Lannemezango presondegian da Fernandez Iradi, Okzitanian, eta hamabi urte daramatza preso. 2013ko urtarrilean diagnostikatu zioten esklerosi anizkoitza. Orduan eskatu zuen lehen aldiz baldintzapean aske uzteko. Bi mediku azterketa egin eta, 2014ko ekainean, epaileak onartu egin zion eskaera, baina bi baldintza ezarrita: Frantzian bizitzeko debekua baliogabetzea eta Pirinio Atlantikoetatik kanpo bizitzea. Erabaki horren kontra dei egin zuten bai prokuradoreak zein Fernandez Iradiren abokatuak.

Irailean epaileak hirugarrenmediku azterketa bat eskatu zuen. Aitzineko bi aldietan ez bezala, eritasuna eta espetxealdia bateragarriak zirela ondorioztatu zuen hirugarren azterketa horrek. Azterketa, ordea, baldintza txarretan egin zutela salatu izan zuen Bagoaz kolektiboak. «Aitzinetik iritzi batekin etorriak ziren: 30 minutu baino gutxiago pasatu dituzte harekin, eta hitza mozten zioten mintzatzen saiatzen zen aldiro», azaldu zuen auziaren erabakia aitzineko prentsaurreko batean Paulus-Basurko abokatuak. 40 orriko dokumentua «kontraesanez beteta» dagoela gaitzetsi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500