Epaitegira eraman nahi ditu aldundiak Olano eta Goia Bidegiren auzia dela eta

Arabako Diputazioak adierazi du Bidegik pagatutako hamar milioien obrak ez zituztela egin.Lekuko gisa deklaratzera deitu nahi ditu aldundiak aurreko agintariak.«Ustelkeria» izan zela uste du Ugartek

Arlabango tuneleko obrak, orain hamar urteko irudi batean. Ustezko iruzurra hango lanei dagokie. RAUL BOGAJO / ARP.
Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2015eko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Ardura politikoa aipatu du orain arte, baina beste pauso bat iragarri du orain Gipuzkoako Aldundiak Bidegi auzian: deklaratzera eraman nahi ditu aurreko gobernuko arduradunak. Tartean dira Markel Olano diputatu nagusia eta Eneko Goia Bide Azpiegituretako diputatua. Lekuko gisara deklaratzera deitzeko eskatuko du aldundiak. «Gutxienez lekuko gisa. Epaileak erabaki beharko du gero zer neurri hartu». Arlabango tuneleko kasuari buruz eskatuko dituzte azalpenak. Arabari zegozkion hamar milioi Bidegik ordaindu zituen, diputazioaren arabera. Arabako Aldundiak dio berak pagatu zituela lan guztiak. Bilduren gobernuaren tesia da egin gabeko lanei dagozkiela Bidegik ordainduriko milioi horiek.

Hauteskunde kanpainako azken egunean, atzo eman zuen deklarazio eskariaren berri Larraitz Ugarte diputatuak. Ez zela apropos egindakoa adierazi zuen. Arabako Diputazioari azalpenak eskatu zizkioten Bidegik pagatutako hamar milioi horiei buruz, eta herenegun jaso zuten erantzuna —eskutitza bera erakutsi zuten—; biharamunean bertan kazetarien aurrean agertzea erabaki dute. Gipuzkoako Aldundiaren tesia indartu egin du gutunak: Arabak adierazi du obra osoa pagatu zuela, eta ez dakiela nondik atera den hamar milioiko gastua.

Arlabango tunelari dagokio kasua. Gipuzkoako eta Arabako lurrak hartzen ditu, eta obrak egitean, erabaki zuten Bidegik hartzea ardura, ondoren Arabak bere zatia pagatzekotan. Hala egin zuten: 36 milioiko likidazioa adostu zuten Bidegik eta Arabat enpresak—Arabako errepideen ardura du—.

EAJko lau ordezkari

Gipuzkoako Diputazioaren arabera, ordea, zati osoko obrak likidatu zituztenean, Arabako zatian beste hamar milioi euro pagatu zituen Bidegik. Arabak erantzun du neurketak bat datozela berak eginiko likidazioarekin: 36 milioi.

«Ondorio argia» egin du Ugartek: egin gabeko lanengatik pagatu zietela enpresei. Bidegiko buru izandakoen deklarazioa eskatuko du horregatik. Olanoren eta Goiaren izenak dira nagusiak —ahaldun nagusitarako hautagaia da lehena, eta bigarrena, Donostiako alkategaia—, baina badira EAJko beste bi ordezkari ere: Felix Urkola —Lazkaoko alkategaia da— eta Luis Mari Apraiz —Arrasateko listan dago—. Arabako Aldundiko kideek ere deklaratzea nahi du Gipuzkoako Diputazioak, gutunean adierazitakoa baieztatzeko.

«Betiko ezker abertzalea»

Salaketa guztiak batuta, 30 milioikoa baino handiagoa da Bidegi auziko ustezko iruzurra. Denetan jokabide bera dagoela dio diputazioak: fakturak «puztu» egin zituztela, egin gabeko lanak ere sartu, eraikitzaileei gehiago pagatzeko. «Ustelkeria» aipatu du Ugarte diputatuak. Aurreko arduradunek azalpenak eman behar dituztela nabarmendu du: «Ezin dute jarraitu ostrukarena egiten».

Ohar baten bidez erantzun du EAJk. Ez da salaketaren oinarrian sartu. Berretsi du «salaketa faltsua» dela. «Hasi bezala amaitu du kanpaina Ugartek: gezurretan». Jeltzaleen ustez, auziaren funtsa da botereari eutsi nahi diola EH Bilduk, eta EAJ «zapaldu» nahi duela horretarako. «Ezker abertzaleak egunero erakusten du betiko ezker abertzalea dela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.