Kurduak, Raqqaren atarian

YPGek Ain Issa herri estrategikoa hartu dute, eta Estatu Islamikoari Raqqa hirira atzera eginarazi diote.

Edonola ere, kurduek argitu dute oraingoz ez dutela aurreikusi EIren gotorlekuari erasotzea

Adrian Garcia -

2015eko ekainak 24
Siriako milizia kurduak EI Estatu Islamikoaren kontrolpeko lurraldean sartu dira bete-betean, eta Ain Issa herri estrategikoa bereganatu dute. Muturreko talde islamikoaren gotorlekutik, Raqqa hiritik, 50 kilometro eskasera daude orain, baina argitu dute momentuz ez dutela aurreikusita EIren hiriburua hartzea. Garaipen garrantzitsua dute kurduek. Alde batetik, jihadisten defentsa lerroa Raqqa hiriburuko kanpoalderaino atzeratu dutelako; bestetik, astebeteko epean EIri bi kolpe militar nabarmen emanda, agerian utzi dituztelako muturreko talde islamista sunitaren ahuldadeak; iragan astean, Tel Abyad (Gire Spi, kurdueraz) mugako hiria hartu zuten.

Milizia kurduek Ain Issa ondoko Siriako armadaren 93. Brigadaren basea hartu zuten herenegun gauean —EIk joan den udaran kanporatu zuen handik Siriako armada—. FSA Siriako Armada Askeari lotutako hainbat talderen laguntza eta AEBek gidatzen duen koalizioaren bonbardaketen babesa izan dute. YPGek atzo ziurtatu zuten Ain Issa osoa kontrolpean zutela. Horrez gain, inguruko herrixkak eta hainbat gari biltegi ere bere egin dituzte.

Hutsegite handia izan da EIrentzat, kurduek iparraldetik bakartu baitute haien egoitza nagusia. Ain Issa bidegurutze batean dago, eta Raqqa hiria jihadisten kontrolpeko beste eremuekin lotzen du; Alepo probintziarekin mendebaldean eta Al-Hasakarekin ekialdean, hain zuzen ere.

Muturreko islamistei atzera eginarazi die YPGek. Siriako Giza Eskubideen Behatokiak azaldu duenez, Ain Issa eta Raqqa artean ez dago beste oztoporik, eremua militarki defendatzeko zailtasunagatik Raqqa kanpoaldean ezarri baitute jihadistek hiriaren lehen defentsa lerroa. Londrestik jarduten du erakunde horrek, Sirian bertan dauden ekintzaileen informazioa jasota.

AEBek gidatzen duten aliantzaren eta YPGren arteko harremana sendotu egin da Kobane hiriaren defentsan lehen aldiz elkarlanean jardun zutenetik. Redur Xelil YPGko bozeramailearen arabera, «bikaina» da koalizioarekiko hartu-emana. Halere, muturreko islamisten aurka egiteko arma hobeagoak eskatu ditu. Irakeko armadak Ramadi hiria berreskuratzeko ezintasunak agerian utzi du, beste behin, indar kurduak direla eraginkorrenak EIren aurkako borrokan.

Edonola ere, ez dago argi milizia kurduak Raqqa hartzeko erasoaldia hasteko prest egongo ote diren. Xelilek adierazi du momentuz ez dutela horrelakorik aurreikusi. «Raqqa Siriako hiri bat da, Tel Abyad eta Kobane bezala. Siriar guztiek nahi dute Daex-en [EIren akronimoa, arabieraz] izualditik libre, baina une honetan ez dago gure agendan». Izan ere, Raqqa hiri arabiarra da, eta, nahiz eta YPG beste talde matxino arabiarrekin batera aritu borrokan, kurduak indar inbaditzaile gisa hartuak izan daitezke.

Raqqa da EIren kalifa herriaren de facto-ko hiriburua, eta hortik zuzentzen ditu Iraken eta Sirian burutzen dituen operazioak. Izen bereko Raqqa probintzia ere osorik kontrolatzen zuen orain gutxi arte. Lau hilabeteren ondoren, Kobane hiriaren setioa hautsi zuten kurduek urtarrilean, eta ordutik kontraerasoa jo EIk hartutako eremua berreskuratzen joan dira.

Siriako armada, aurrera

Pentagonoko ordezkari batek Reuters agentziari esan dionez, Tel Abyadeko porrotak ondoezik eta defentsa antolatzeko aukerarik gabe utzi ditu jihadistak, ez baitute erresistentzia askorik ipini Ain Issan. Izan ere, Tel Abyad mugako hiria hartzean, Turkiatik hornigaiak, boluntarioak eta bestelako laguntza jasotzeko zuen bidea itxi zioten EIri. Horretaz gainera, kurduek Kobane eta Jazira barrutiak elkartu zituzten.

Raqqa probintziakoa ez da EIk Sirian izan duen atzerapauso bakarra. Siriako armadak aurrera egin du Palmira mendebaldean, Homs probintzian, eta petrolio hornikuntzarako bide bat irekitzea lortu du, Al-Watan gobernuaren gertuko egunkariak jakinarazi duenez. «Erregimenak Jazal petrolio hobitik beste hirietarako garraiobidea ireki du», baieztatu du Siriako Giza Eskubideen Behatokiak. Erakunde horren arabera, Palmiratik hamar kilometrora dago armada.

Balio arkeologiko handia dute Palmirako erromatar garaiko hondakinek, eta, EIk hiria hartu ondotik, bere kontrolpeko beste eremuetan egin bezala, suntsituko ote dituen beldurra zabaldu da. Atzo bi mausoleo islamiko suntsitu zituen EIk, «politeismoaren adierazpenak» zirela esanda. Sare sozialetan zabaldu ditu bi monumentu horien suntsiketaren irudiak. Halere, Siriako Museoen eta Antzinateen zuzendariak jakinarazi du Palmirako hondakinek ez dutela oraindik kalterik jaso, nahiz eta EIk ingurua minaz josi duen armada gerturatzen ari dela ikusita.

Zibilak jomugan

Sirian fakzioak areagotzen joan diren heinean, gaiztotu egin da gerra, eta zibilen aurkako erasoak ohikoak egin dira «alde guztien» partetik. NBEk atzo kaleratutako txostenaren arabera, Siriako Gobernuaren eta beste talde armatuen erasoek zibilak dituzte jomugan.

Siriako armadak ospitaleak, eskolak eta garraio publikoko geltokiak bonbardatzen ditu, NBEk salatu duenez. Horrez gain, miliziek etxean geratzeko aginduak erabiltzen dituzte herritarrak gosetzeko. Halaber, kanpoko eragileek ere zibilak dituzte helburu. AEBek gidatutako koalizioak 162 zibil hil ditu bonbardaketak hasi dituenetik, Siriako Giza Eskubideen Behatokiaren arabera.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna