Hondakinak erraustea «baztertu» egin du Nafarroako Gobernuak

Hondakinak kudeatzeko plan berria aurkeztu du.

«Ahalik eta gehien birziklatzea» da helburua
Iazko irailean kendu zion Nafarroako Gobernuak Portland enpresari hondakinak erretzeko baimena.
Iazko irailean kendu zion Nafarroako Gobernuak Portland enpresari hondakinak erretzeko baimena. IÑIGO URIZ / ARP

Eskeine Legorburu -

2016ko martxoak 9
Etxeko hondakinak %10 murriztea, hondakin organikoen birziklapena %70 eta ontziena %90 izatea, eraikuntza lanetako hondakinen aprobetxamendua %70 izatea, eta tratatu gabeko hondakinik ez egotea. Horiek dira Nafarroako Gobernuak 2025. urtera bitartean hondakinen alorrerako zehaztu dituen helburuak. Gobernuaren ustez, asmoak betetzeko ezinbestekoa da prebentzioa, sortzen diren gunean bertan hondakinak bereiztea, eta horiek berrerabili ahal izateko sailkatzea. Hala, Isabel Elizalde Ingurumen kontseilariak zehaztu duenez, Nafarroako Gobernuak alboratu egiten du zehaztutako helburuak betetzeko hondakinak erraustea: «Aukera bat baino gehiago daude, eta hondakinen desagerpena ez dugu ahaztu, baina, oraingoz, hondakinak erraustea baztertu egin dugu; tratamenduaren azken aukeratzat daukagu».

Hondakinak kudeatzeko plan integratu berriaren zirriborroaren aurkezpenean eman zuen helburuen berri Elizaldek. Nafarroako erakundeen eta eragileen esku dago orain zirriborroa, haien ekarpenak jasotzeko. Urte amaiera arte egin ahalko dituzte ekarpenak, orduan aurkeztuko baitu gobernuak behin betiko plana. Ezingo du aurkezpena gehiago atzeratu, eginez gero Europako Batasunaren laguntzak jasotzeko zailtasunak izan ditzakeelako, Elizaldek azaldu duenez. Hainbat esparrutako 200 eragile inguruko taldea urtebete aritu da planaren zirriborroa egiten.

Nafarroako Gobernuarentzat, prebentzioa oinarrizkoa da zehaztutako helburuak bete eta Europako zuzentarauari eta Espainiako legeari erantzuna emateko, eta hala jaso dute zirriborroan: «Planak hondakinen kudeaketa eraginkorra egin nahi du, Nafarroako berezitasunak aintzat hartuz beti. Planaren zirriborroak Europako politika aurreratuenak bere gain hartzen ditu, eta haren jardueretan oinarritzen da hondakinen hierarkia berrantolatzeko. Horrenbestez, hondakinen sorrera saihesteko eta ingurumena nahiz pertsonen osasuna babesteko aukera egokiena prebentzioa da».

Hondakinak sortzen diren gunean bertan bereiztea eta horiek berrerabili ahal izateko sailkatzea ere jasotzen du planak. Elizaldek azaldu duenez, «baliabideen erabileran Nafarroa erreferente bihurtzea da planaren helburua; ekonomia lineal batetik zirkular batera eboluzionatu behar du Nafarroak, eta hondakinak errekurtso erabilgarriak direla ulertu». Nafarroak erreferentzialtasun hori lortzea posible dela uste du Elizaldek, eta Iruñeko eta Sakanako emaitzak jarri ditu adibide. Hondakinen bilketa ere hizpide izan du kontseilariak, eta zehaztu du mankomunitate bakoitzaren ardura izango dela aurrerantzean ere hondakinak nola bildu erabakitzea: «Mankomunitateek dituzten emaitzak alderatu nahi ditugu, hobetuz joateko».

Aurrekoa, baliogabetuta

Hondakinak kudeatzeko plan berriaren zirriborroa da atzo Nafarroako Gobernuak aurkeztutakoa, eta 2010ean egindakoa ordezkatuko du. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak 2013. urtean egin zuen 2010ean zaborrak kudeatzeko onartutako planaren aurka, eta Espainiako Auzitegi Goreneko epaileek erabakia berretsi zuten iazko urtarrilean. Planean errauste planta bat egitea jaso zuten, baina non kokatuko zuten ez zuten zehaztu, eta horregatik baliogabetu zuen.

2015eko urtarrilean foru dekretu bidez jarri zuten martxan berriz Nafarroako Hondakinak Kudeatzeko 2015-2025eko Plan Integratua idazteko eta onartzeko prozesua.

Industria hondakinak

Nafarroan sortzen den hondakin kopuruaren «gehiena» industria hondakinak direla zehaztu zuen atzo Eva Garcia Ingurumen zuzendariak. 2014ko datuak eman zituen: urtean 762.119 tona industria hondakin sortzen da Nafarroan. Etxeko hondakinak, berriz, urtean 262.602 tona. Garciak azaldu zuenez, azken urteetan industria hondakinen kopurua mantendu egin da, eta etxeko hondakinen sorrerak behera egin du. 2010ean 442 kilo hondakin sortzen zuen nafar bakoitzak, eta 2014an 410 kilora gutxitu zen kopurua —1,12 kilo pertsonako eta eguneko—. Nafarroako birziklatze tasa %32an zegoen 2014an.

Datuak eskuan, lurraldean dauden azpiegiturak ahal den gehiena optimizatu behar direla uste du Garciak, eta hondakin organikoak tratatzeko azpiegitura berriak behar direla aurreratu du: «Hondakin organikoak tratatzeko konpostatze guneak behar dira, eta daudenak indartu. Lehen sektorarekin elkarlanean aritzea da beste aukera bat».

Arangurenen dagoen Gongora zabortegia ere hizpide izan dute Garciak eta Elizaldek. 2030. eta 2040. urtera arte lurraldeko hondakinak hartzeko lekua dagoela ziurtatu dute, baina herriko udalarekin duten hitzarmena aztertu behar dutela esan dute. «Nafarroan dauden azpiegituren azterketa bat egin da eta Gongorako zabortegia da bizitza gehien izango duena».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna