Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Ekonomia Estatuari behar baino gehiago pagatu dio Nafarroak: 100-250 milioi artean

Publizitatea

Ekonomia

Estatuari behar baino gehiago pagatu dio Nafarroak: 100-250 milioi artean

Ogasun departamentuak egindako txosten baten arabera, 2015eko ekarpen oinarriak 341 milioi eta 494 milioi euro artekoa izan beharko luke, baina iaz 590 milioi ordaindu zizkion Nafarroak estatuari
Mikel Aranburu, Luis Esain Ogasuneko zuzendariarekin iragan ekainean.
Mikel Aranburu, Luis Esain Ogasuneko zuzendariarekin iragan ekainean. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS

2016-10-11 / Joxerra Senar

Espainian gobernurik ez izateak Nafarroa zamatzen du. Ogasun eta Finantza Politikako departamentuak landutako txosten baten arabera, uneotan dagokiona baino gehiago ordaintzen dio Nafarroak estatuari. Berez, 2015etik 2019ra bitartean, Nafarroaren eta estatuaren finantza harremanak hitzartuta egon behar lukete. Hala ere, ia bi urte iraganak dira, eta, Madrilen gobernua osatu gabe dagoenez, negoziazioak ez dira ofizialki hasi ere egin, eta aurreko bost urteetako akordioa automatikoki aplikatzen zaio. Iaz, adibidez, Nafarroak 590 milioi euro pagatu zituen; baina, txostenaren arabera, ekarpen oinarriak 341 milioi eta 494 milioi euro artekoa izan behar luke. Hau da, Nafarroak iaz, gutxienez, 100 milioi euro gehiago ordaindu zituen, eta, gehienez, 250 milioi euro.

Bi aldeek euren gain hartzen dituzten eskumenez gain, elkarren artean partekatzen dituzten 350 aurrekontu sail aztertu ditu txostenak, eta horren berri eman zuen atzo Mikel Aranburu Ogasun kontseilariak: «Adibidez, estatuaren politika orokor batzuk hemen aplikatzen ditugu. Ondorioz, guk ez dugu %100 ordaindu behar, ezta ezer ere. Joan behar dugu ikusiz bakoitzetik zenbat ordaindu behar dugun».

Alta, Nafarroako Gobernuak aldebakartasunez ezin du zehaztu zenbat ordaintzea dagokion, baina kalkulatu du nondik nora mugi daitekeen 2015etik 2019rako (eperako) ekarpen oinarria: hipotesirik baikorrenean, 341 milioi euro izango da, eta ezkorrenean, 494 milioi, txostenaren arabera.

Ia bi urtez, negoziazioak etenda egon dira, hauteskundeek baldintzatuta. Abenduaz geroztik, Madrilen jarduneko gobernua izateak dena geratu du: «Logikoa da Ogasun Ministerioaren jarrera. Jarduneko funtzioak dituzten arduradunek etorkizuneko aurrekontuak baldintzatu ditzaketen konpromisorik ez dute hartu nahi», arrazoitu zuen Aranburuk. Azken egunetan, panorama zertxobait argitu da, nahiz eta ikusteko dagoen ea PSOEk Mariano Rajoyren inbestidura ahalbidetuko duen. Aranbururen esanetan, behin gobernua osatuta, baliteke ekarpenari buruzko akordioa izatea abendu amaierarako. «Ez da hain konplikatua».

Azken bi urteak egokitu

Akordioa balego, 2015ean ordaindutako 590 milioi euroak erregularizatu egingo lirateke, eta aurten pagatu beharrekoa ere egokituko litzateke —printzipioz, akordiorik ez balego, estatuak aurten 613 milioi erreklamatzen ditu; oraingoz, 460 milioi ordaindu dira—.

Ogasun kontseilariak ziurtatu zuen atzo behin akordioa lortzen denean, 1990eko hitzarmen ekonomikoa berritzea izango duela helburu Nafarroako Gobernuak. Besteak beste, inputazio indizea aldatzea edo estatuko zorraren interes tasaren zati bat kentzea bilatuko du.

Publizitatea

Sortu kontua
Joxerra Senar Joxerra Senar

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak