Zigorrik gabeko erruduna

Epaileen arabera, Christine Lagardek «axolagabekeriaz» jokatu zuen Tapieren aldeko arbitratzeari helegitea ez jartzean. Justizia Gorteak, ordea, ez du zigortu nahi izan, haren ospea ez zikintzeko

Christine Lagarde, hilaren 12an, bere aurkako epaiketaren lehen egunean, Parisen. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE.
Iker Aranburu.
2016ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Christine Lagarde zauriturik baina onik irten da Tapie auziko atakatik. Frantziako Errepublikako Justizia Gorteak ebatzi du «axolagabekeriaz» jokatu zuela, estatuaren eta Bernard Tapieren arteko gatazka luzea arbitratze batzorde batekin amaitutzat jo nahi izan zuenean, baina ez zigortzea deliberatu du, Lagardek «nazioartean hartu duen ospeari» kalte egin nahi ez diolako. Nazioarteko Diru Funtsak bilera zuen egitekoa atzo arratsean Lagarderen geroa erabakitzeko. Zigorrik ez dagoenez, karguan berretsiko zutela espero zen. Frantziako Gobernuak ere babes osoa adierazi zion Lagarderi. 2016 hasieran beste agintaldi baterako hautatu zuten.

Bernard Tapie enpresaburuak Frantziako Estatuarekin zuen afera luzea arbitratze batzorde baten bidez konpontzea hitzartu zuen Lagardek, 2007. urtean, Frantziako Finantza Ministeriora iritsi berritan. Ebazpena Frantziako Estatuaren oso aurkakoa izan zen, 403 milioi euroko kalte-ordaina eman behar izan ziolako Tapieri, horietatik 45 milioi kalte moralengatik. Arbitroen arabera, Credit Lyonnais banku publikoak Tapie engainatu egin zuen Adidas kirol jantzien enpresaren salmentan, 1992. urtean. Arbitratzearen erabakia baliogabetu egin zuten 2015eko abenduan. Orain ikertzen ari dira zer harremana zuen Tapierekin arbitratze batzordeko buru Pierre Estoupekin.

Errepublikako Justizia Gorteko epaileen arabera, Lagardek «axolagabekeriaz» jokatu zuen aferan, arbitratze batzordearenepaia estatuaren oso aurkakoa izan arren haren aurka helegiterik ez jartzeagatik. «Lagardek pertsonalki hartu zuen parte arbitratzearen aurkako errekurtsoa ez jartzeko erabakian», dio Justizia Gorteak. Helegitea jarri izan balute, balizko iruzurra agerian geratuko zela uste du.

Epaiketan, Lagardek argudiatu zuen ez ziola aferari garrantzi berezia eman bere garaian. Gainera, ziurtatu zuen ez zekiela Nicolas Sarkozy presidentea eta Stephane Richard bere kabineteburua Tapieren adiskideak zirela, AEBetan luzez bizitakoa zelako eta «berria» zelako Frantziako politikagintzan.

Richard Orange telefono konpainiako buruzagia da orain, eta ez du deklaratu nahi izan, Tapie aferaren auzi kriminalean akusatuta dagoenez, deklarazioak bere defentsari kalte egingo ziolakoan. Richardi diru publikoaren desbideratzea eta iruzurra leporatzen diote.

NDFko buruen arazoak

Sarkozyren agintaldian lau urtez Ekonomia ministro izan ondoren, Lagardek 2011ko uztailean hartu zuen Nazioarteko Diru Funtseko zuzendaritza, sexu eraso bat egiteaz akusatutako Dominique Strauss Kahn herrikidearen ordez. Eskandalu horrek kalte handia egin zion NDFren izenari ere, baina Lagarderen agintaldiak egoera bere onera ekartzeko balio izan duela uste zabaldua da erakundeko kideen artean.

Justiziaren arazoak ditu bi horien aurretik NDFko zuzendari izandakoak ere, Rodrigo Ratok. Bankia bankuaren burtsaratzean ustez izandako irregulartasunez akusatuta dago, eta berriki epaitu dute Madrilen, Bankiaren black txartelen aferagatik. Epaiaren zain dago.

Errepublikako Justizia Gortea gobernukideak epaitzeko auzitegi berezi bat da. 1993an sortu zuten, eta orduz gero hiru lagun zigortu ditu gobernuan zeudela egindako lege hausteengatik, baina ez du inoiz inor bete beharreko espetxe zigorrera kondenatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.