Irlandako unionistei EBko merkatuan jarraitzeko eskatu die Varadkarrek

Errepublikako lehen ministroaren arabera, Ipar Irlandarentzat errazagoa izango da Erresuma Batuan jarraitzea aduana batasunari eutsiz gero

Leo Varadkar Irlandako Errepublikako lehen ministroak lehen bisita ofiziala egin du Belfastera. EFE.
2017ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Belfastera eginiko lehen bisita ofizialean, Leo Varadkar Irlandako lehen ministroak adierazi du, brexit-a gertatuz gero, «muga ekonomikorik» ez duela nahi. Brexit-aren inguruan, Erresuma Batuaren eta EBren erantzuna «bateratua» izan behar dela azpimarratu du, eta mezua eman die unionistei: «Alderdi unionistek [Erresuma Batuaren] batasuna babestu nahi dute, eta askozaz errazagoa da hori Erresuma Batua aduana batasunean eta merkatu komunean mantentzen bada». Adierazpenak ikuspegi ekonomikora mugatu ditu, eta ez dio aipamenik egin aste honetan errepublikako parlamentuak Irlandaren batasunaz eginiko proposamenari. Ipar Irlandako alderdi politiko guztiekin elkartu zen atzo, Arlene Foster Ipar Irlandako lehen ministroarekin barne.

Brexit-ak Irlandako mugetan izango duen eragina jakiteko dago oraindik. Varadkarrek gogorarazi du brexit-ak «eragin zuzena» izango duela Ipar Irlandako herritarrengan. «Erronka bat da gure belaunaldiarentzat». Brexit-aren negozio buruek bi lurraldeen artean mugak «ahalik eta leunenak» ezarri nahi dituztela esan duten arren, Bruselak ohartarazi du «ukaezina» izango dela ondasunen, zerbitzuen eta pertsonen zirkulazioan neurriak hartzea. Hori dela eta, herritarren ongizatearentzat «irtenbiderik onena» bilatu behar dutela esan du Varadkarrek. «Merkatu librea behar dugu bi herrialdeen artean, ez ekonomia oztopatuko lukeen zergarik».

Herritarren egunerokotasunean, Erresuma Batua merkatu bateratutik irtetea «arazoa» izango litzatekeela esan du. Bi ideia proposatu ditut: Erresuma Batuak eta EBk bien arteko merkatu hitzarmen bat sinatzea, eta hori bideragarria ez balitz, Erresuma Batua EFTA Europako Merkataritza Librerako Elkartean sartzeko aukera luzatu du. «Brexit-ak Ipar Irlandaren eta Irlandako Errepublikaren artean banaketa handitu nahi duen arren, guk zubiak eraiki behar ditugu bi herrialdeen artean», gaineratu du Varadkarrek.

«Aho batez» erantzuteko

Ipar Irlandako egoera politikoaren harira, Varadkarrek desadostasunak albo batean uzteko eskatu die alderdi politikoei. «Brexit-aren auzian Ipar Irlandak aho batez erantzun behar du, eta ados jarri behar dira gobernuaren etenaldiarekin amaitzeko».

Martxoan hauteskundeak egin ondoren, gobernua osatzeko negoziazioak geldirik daude oraindik ere. Uda ondoren ekingo diote berriz elkarrizketei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.