Katalunian salbuespen neurriak ezartzea baztertu du Madrilek

«Denbora kontuengatik eta arrazoi juridikoengatik», galdeketari konstituzioaren 155. artikulua ez aplikatzea erabaki du PPk. Oporren ostean, gaur bilduko da Kataluniako Parlamentuko Mahaia

Iazko Diada egunean milaka pertsona atera ziren kalera Bartzelonan, independentzia aldarrikatzera. TONI ALBIR / EFE.
Igor Susaeta.
2017ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Duela bost bat urte Katalunian prozesu subiranista hasi zutenetik, Espainiako Gobernuak behin baino gehiagotan gogorarazi dio Kataluniakoari Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua hor dagoela, eta, salbuespen neurri gisa, aplika daitekeela. Espainiako Senatuak baimenduz gero ezar daiteke, eta Madrilek Kataluniako autonomia estatutuan esku hartu ahal izango luke. Baina Espainiako Gobernuak baztertu egin du Katalunian salbuespen neurriak hartzea datorren urriaren 1eko galdeketa dela eta. «Prozedura luzea eta konplexua da, eta ez du zentzurik», adierazi zion atzo Rafael Hernando Espainiako Kongresuko PPren bozeramaileak Europa Press berri agentziari. «Denbora kontuengatik eta arrazoi juridikoengatik» bazter uztea erabaki du Alderdi Popularrak.

«Badaude beste formula batzuk», Hernadoren iritziz, «independentisten desafioari» aurre egiteko; «eta oraingoz nahikoa dira». Formuletako bat da, hain zuzen, bide juridikoari jarraitzea. Autodeterminazio erreferenduma egiteko eta Espainiatik «deskonektatzeko» legeak bozkatzeko prozedura azkar bat onartu zuen Kataluniako Parlamentuak joan den uztailaren 26an. Madrilek, beraz, horren kontra egin zuen supituki, eta Auzitegi Konstituzionalak baliogabe utzi zuen legeak irakurketa bakarrean onartzeko araua. «Eskubide gehiegikeria bat» gertatu zela argudiatuz, Kataluniako Gobernuak helegiteajarri zion abuztuaren 3an, eta gaur emango du ebazpena Konstituzionalak; okerrik ezean, eta aurrekariak kontuan hartuz, arbuiatu egingo du.

Eta eztabaida bakarrarekin onartu nahi dituzten legeetako bat da Erreferendum Legea. Bi asteko oporren ostean, Kataluniako Parlamentuko Mahaia gaur bilduko da berriro, eta Carme Forcadell parlamentuko presidenteak joan den ostiralean jakinarazitako gai zerrendan ez dago Erreferendum Legea. Parlamentuko iturriek adierazi dute, baina, zerrendan ez agertzeak ez duela esan nahi helduko ez diotenik.

Horren guztiaren harira, Anna Gabriel elkarrizketatu zuen atzo ACN Kataluniako Albiste Agentziak, eta CUPeko legebiltzarkideak adierazi zuen bai Erreferendum Legea eta bai Trantsizio Juridikorako Legea modu «oso pedagogikoan» azaldu behar direla, eta komeni dela abuztuan egitea— Erreferendum Legea Diada baino lehenago, irailaren 11ren aurretik onartu beharko litzatekeela esan zuen duela bost egun—.

Espainiak jarritako oztopo juridiko guztiak gorabehera, bi lege horiek irakurketa bakarrean onartzea du asmo Junts Pel Sik eta CUPek Kataluniako Parlamentuan erreferendumari begira osatutako aliantzak. Legeen tramitazio arruntaren bidea ia baztertuta oso luze joko lukeelako, CUPek begi onez ikusten du Kataluniako Parlamentuaren araudiaren 81.3 artikulua aplikatzea —desobedientziaren hautua ere onesten dute ezkerreko independentistek—. Horren arabera, osoko bilkura bateko gai zerrenda alda daiteke bi talde parlamentariok hala eskatuta, eta, «gehiengo osoz egindako kontrako akordio espliziturik egon ezean», sar daiteke tramite guztiak bete dituen gai bat. Beraz, Junts Pel Sik eta CUPek aurkeztutako erreferendum legearen proposamena osoko bilkuran bozkatu ahal izango litzateke, ohiko bide arruntak ibili gabe. Datorren osoko bilkura irailaren 6an egitekoak dira.

Jada kanpainaurrean

Batez ere Diadan mobilizatzen dira eta hartzen dute kalea katalan independentistek, eta aurtengo ekitaldirako leloa Baiezkoaren Diada da. Galdeketarako kanpaina lau egun geroago hasiko dute baiezkoaren aldeko alderdiek, irailaren 15ean, baina kanpainaurrean daudela esan daiteke. CUP, esaterako, kanpaina egiten hasi da jada, eta lehengo astean kartela eta leloa aurkeztu zituen. Parlamentuan ordezkaritza daukaten baizkoaren aldeko alderdiek hiru ekitaldi handitan batera parte hartuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.