Katalunia. Errepublika

Belgikan deklaratzeko prest

Puigdemontek baieztatu du ez dela Auzitegi Nazionalera joango. Madrilek «epaiketa politikoa» hauspotu izana salatu du. Baliteke Kataluniako presidentea atxilotzeko agindua ematea epaileak

200 bat lagunek parlamentuko mahaiko kideak agurtu zituzten atzo, Auzitegi Gorenean deklaratu bezperan. M. PEREZ / EFE.
Igor Susaeta.
2017ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Berari eta Kataluniako Gobernuko kontseilariei egin nahi dietena «epaiketa politikoa» da, «Espainiako Gobernuak hauspotutakoa», Carles Puigdemonten ustez. «Oinarririk» ez dauka sumarioak, eta ideiak dira «zigortu» nahi dituztenak, haren hitzetan. Horixe adierazi zuen Kataluniako presidenteak, atzo gauean kaleratutako komunikatu batean. Eta baieztatu zuen, bide batez, ez dela Audientzia Nazionalera joango, nahiz eta gaur eta bihar han deklaratzera deituta dagoen (09:00), Carmen Lamela epailearen aginduz —Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart ANC Kataluniako Biltzar Nazionaleko eta Omnium Culturaleko presidenteak duela hamazazpi egun kartzelatu zituena—. Bruselan jarraituko du, hortaz, Meritxell Borras Gobernazio kontseilariarekin, Meritxell Serret Nekazaritza kontseilariarekin, Antoni Comin Osasun kontseilariarekin eta Clara Ponsati Hezkuntza kontseilariarekin batera.

Bruselan geratu dira, baina ez, ordea, «justizia saihesteko» asmoarekin. «Hain justu, hori da [presidenteak eta kontseilariek] aldarrikatzen dutena, eta halako egoeretarako EB Europako Batasunak aurreikusten dituen mekanismoak aintzat hartuta, erantzungo diete egun batetik bestera helduko diren zitazioei». Han jarraituta, gainera, beste bi helburu dituzte. Batetik, nazioartean «salatzea» gertatzen ari dena; eta, bestetik, «bereziki Europari eskatzea konponbide elkarrizketatua gatazkarentzat».

Belgikan deklaratzeko aukerari dagokionez, Paul Bekaert abokatuak, Puigdemontek Belgikan duen aholkulariak, hauxe esan zion AP berri agentziari, goizean: «Belgikan galdekatua izan dadila iradoki dut». Haren esanetan, legediak ahalbidetzen du hori egitea. Auzitegi Nazionalak deklaratzera deitzeko idatzi zuen aginduak dio, dena den, zitaziora agertzen ez bada Puigdemont atxilotzeko agindua emango dutela.

Matxinada, sedizioa eta diru publikoa arduragabe erabiltzea egotzi dizkie Jose Manuel Maza Espainiako fiskal nagusiak Kataluniako Gobernuko kideei. Kereila hori tramiterako onartu zuen auzitegiak herenegun, eta ikertu gisa epaileak gaurko eta biharko deklaratzera deitu ditu kontseilariak.

Joaquin Forn (Barne) eta Dolors Bassa (Lan, Gizarte eta Familia) herenegun gauean itzuli ziren Bruselatik, eta deklaratzera joatekoak dira, Oriol Junqueras (presidenteordea), Jordi Turull (bozeramailea), Raul Romeva (Atzerri), Josep Rull (Lurralde) eta Carles Mundo (Justizia) kontseilariak bezala. «Kataluniako Gobernu legitimoak» sinatutako dokumentuak dio kontseilari horiek deklaratzera joko dutela, baina «Espainiako Justiziaren berme falta» salatzeko intentzio hutsarekin. Haien abokatuek egindako galderei soilik erantzungo diete.

Puigdemont ez dute alboan edukiko. Bekaertek dioenez, Kataluniako presidenteak ez du, oraingoz, asilo politikorik eskatuko. Estrategia izango da, haren hitzetan, Espainiako Gobernuak hauspotutako edozein balizko estradizio eskaera inpugnatzea.

Dena dela, gaur eta bihar Madrilera joango ez denez, haren kontrako kautela neurriak har ditzake epaileak kasu horretan, eta horietako bat izan daiteke Puigdemonten kontrako Europako atxilotze agindua aktibatzea.

Jaume Alonso-Cuevillas Puigdemonten abokatuarentzat, ez litzateke bidezkoa izango, kautela neurri gisa, Kataluniako presidentea espetxeratzea. Ez da fio, ordea. «Ikusten ari naizenean defentsa eskubideak urratzen ari direla, ez nuke ezezko borobila emango. Ez dago [kartzelatzeko] motiborik, baina hori bera esaten nuen Jordien kasuan», ohartarazi zuen Catalunya Radion.

Epaile batek Europako atxilotze agindua emango balu, Espainiako Polizia Belgikakoarekin jarriko litzateke harremanetan. Hortaz, EBn 2002tik indarrean dagoen prozeduraren arabera, Poliziak Puigdemont atxilotuko luke, eta jarraian epaile baten aurrera eraman, hark, 60 eguneko epean, Espainiari entregatzeko.

Baina Puigdemontek ez du Belgika kasualitatez aukeratu. Izan ere, tradizioz, eskuzabal jokatu izan du arrazoi politikoengatik jazarriak direnekin. Presidenteak eta Belgikan daukan aholkulariak azpimarratu dute oraingoz ez dutela asiloa eskatzeko intentziorik. Dena dela, Lisboako Itunaren 24. protokoloak dioenez, Europako Batasuneko herritarrei lau kasutan onar dakieke asilo eskaera EBko estatu kide batek. Laugarrenari helduz gero, Belgikaren borondatearen araberakoa litzateke eskaera onartzea. Eta Belgikak hartu izan ditu errefuxiatu politikoak; tartean, ETAko kideak.

Horrek gatazka diplomatikoak sorrarazi izan ditu Espainiako eta Belgikako gobernuen artean. Azken hilabetean ere izan da halakorik, Charles Michel Belgikako lehen ministroak kritikatu egin baitzuen Espainiako segurtasun indarrek urriaren 1eko erreferendumean izan zuten jokabide biolentoa. Gainera, koalizio gobernuko kide da N-VA alderdi flandriar subiranista, zeinak begirunez begiratzen dion Kataluniako mugimendu independentistari.

Babesa emanez

Generalitateko kideei egotzitako arrazoi berengatik deklaratuko dute, gaur eta bihar, Madrilen, baina Auzitegi Gorenean, Kataluniako Parlamentuko Mahaiko kide subiranistek. Pablo Llaneza magistratuaren aurrean agertzekoak dira Carme Forcadell, Lluis Corominas, Joan Josep Nuet, Anna Simo, Ramona Barrufet eta Lluis Guino. ANCk deituta —nahiz eta gero deialdia bertan behera utzi zuen, auzipetuek berek hala eskatuta—, 200 bat pertsona bildu ziren atzo arratsaldean Bartzelonako Sants tren geltokian, Madrilera abiatu aurretik parlamentuko kideei animoak emateko. Goizean, Catalunya Radion, deklaratzera joango ez dela eta, Puigdemonten jarrera kritikatu zuen Nuetek. «Arduragabekeria da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.