Legatzaren kuotak nabarmen murriztea proposatu du Bruselak

Iberiako uretan %30 apaldu nahi du harrapaketa, eta Ipar itsasoan, %19. Guztira 25.400 tona legatz gutxiago arrantzatzea nahi du Batzordeak

Irune Lasa - Xabier Martin
2017ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Azterketa zientifikoen emaitzenaurrerapenak ez ziren onak, eta euskal portuetara ekaitza etor zitekeela ziotenek bazuten oinarria mehatxu hori aurreikusteko. Europako Batasunak legatz murrizketa handia egitea proposatu du: %30ekoa Iberiako uretan eta %19koa Ipar itsasoan. Bruselak mahairatu dituen zenbaki horiek aurrera aterako balira, ia 25.400 tona legatz gutxiago arrantzatu ahal izango lirateke 2018an; aurretik esanda doa: kalte esanguratsua litzateke euskal arrantzaleentzat.

Urtero lez, Europako Batasuneko arrantza ministroek abenduko Kontseiluan negoziatu eta finkatuko dituzte Ipar itsasoari eta Atlantikoari dagozkien hurrengo urterako arrantza kuotak, eta baita Batasuneko herrialdeen artean banatu ere. Hain zuzen, negoziazio horietarako oinarri izango diren datuak atzo aurkeztu zituen Bruselak. Txosten zientifikoaren emaitzak oinarri hartuta, arrantza eremu bakoitzean espezie bakoitzetik gehienez harrapa daitezkeen tona kopuruak proposatu ditu.

Bada, euskal arrantzaleentzat ez da albiste onik iritsi Bruselatik. Ipar stockean —Sole Handian eta Bizkaiko Golkoan— 22.185 tona legatz gutxiago arrantzatuko lirateke (-%19), eta Kantauri itsasoan, Portugalgo uretan eta Cadizko golkoan, 3.154 tona gutxiago(-%30). Legatza diru iturri garrantzitsua izaten da euskal arrantza flotarentzat.

Oilarra, zapoa eta txitxarroa

Eta beste espezieekin zer egin nahi du Bruselak? Batetik, zapo gutxiago arrantzatzea ere proposatu du Europako Batzordeak. Ipar stockerako baimendutako kopurua %12 apalduko litzateke euskal ontzientzat. Bizkaiko golkoan, murrizketa txikiagoa litzateke: %2koa.

Bestetik, Bruselak uste du gehiago babestu behar diren beste espezieetako bat dela oilarra, ipar stockean behintzat. Bizkaiko golkoan eta Irlandako uretan %10 apaldu nahi ditu harrapaketak, eta Eskoziako uretarako %17ko murrizketa proposatu du. Aldiz, hegoaldeko uretan oilar gehiago arrantzatzeko aukera ikusten du, Bizkaiko golkorako eta Portugalgo kostarako kuota %20 handitzea proposatu baitu. Atzo iritsitako albiste positibo bakarrenetakoa da hori arrantzaleentzat.

Baina ez bakarra, txitxarroaren harrapaketetan ere kuotak igotzeko aukera ikusten baitu Bruselak zenbait eremutan, hala nola Sole Handian, Bizkaiko golkoan eta Kantauri itsasoan: horietan harrapaketak %21 handitzea proposatu du.

Horiek guztiak baino arrantza garrantzitsuagoa da, ordea, antxoarena euskal arrantzaleentzat; baina itsasoko arrain preziatuenetakoaren kuotei buruzko proposamenik ez du oraindik egin Bruselak, ez behintzat Bizkaiko golkoari eta Kantauri itsasoari dagokienez. Portugalgo eta Cadizko uretan %43ko murrizketa nahi du. Bizkaiko golkoan dagoen biomasaren datuak ezagutu ondoren iritsiko da proposamena. Itxura batean, espezie hori ugaldu egin da azken urteetan gure uretan, bost urteko debekuaren ostean (2005-2009).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.