Jaurlaritzak askatasun sindikalari eraso egiten diola salatu du Muñozek

ELAko idazkari nagusiak gobernuaren «jarrera hipokrita» gaitzetsi du. Sindikatuak ez du parte hartuko «aldarrikapenak lokartzeko foroetan»
Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusia artxiboko irudi batean.
Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusia artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

Irune Lasa -

2018ko otsailak 23
Jaurlaritzaren eta ELA sindikaturen arteko ika-mikak ez du apaltzeko zantzurik eman aste honetan ere. Alderantziz. Herenegun, soldata arrakalari buruzko mahaiari «oztoporik ez jartzeko» eskatu zion Iñigo Urkulluk sindikatuari. Eta Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak ere atzo beste lerro bat idatzi du liburu horretan. «Jaurlaritzak askatasun sindikalari egiten dion erasoa» salatu du industriako eta eraikuntzako milatik gora afiliaturen aurrean Donostian egindako hitzaldian.

Alde horretatik, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko sailburuak PwC aholkularitza agentziaren ekitaldi batean parte hartu izana gaitzetsi du Muñozek, Ekitaldi hartan aurkeztutako txostenak gehiengo sindikala «anomalia» zela nola esaten zuen gogoratu du ELAko buruak. «Gobernua ez dabil urrun pentsamolde horretatik. Tapiak esan du gehiengo sindikala aldatu egin behar dela. Hori ezin da onartu». Muñozen aburuz, «oso larria da Jaurlaritzak patronalarekin batera parte hartzea horrelako ekitaldi batean, non jarrera predemokratikoak aldezten diren. ELAk gogoratu nahi dio Jaurlaritzari askatasun sindikala oinarrizko eskubidea dela, eta, botere publikoek zaindu egin behar dutela».

«Jarrera hipokrita» izatea ere leporatu dio ELAko idazkari nagusiak Jaurlaritzari. «Egiten duenak ez dauka zerikusirik bere erretorika propagandistikoarekin». Soldatak igotzeko esaten duen gobernuaren ardurapeko eremuetan «miseria ezartzen» dutela salatu du, lan publikoak adibidetzat jarriz.

Soldata arrakalaren mahaia

Emakume eta gizonen arteko soldata arrakalari buruz hitz egiteko aste honetan Jaurlaritzak antolatutako mahaian ELAk zergatik ez duen parte hartu ere azaldu die Muñozek afiliatuei: «Ez gara horrelakoetara joaten, mugimendu sindikala entretenitzeko dira, aldarrikapenak alde batera utziarazteko, lokartzeko».

Sindikatu buruaren iritziz, soldata arrakalaren gaian Legebiltzarrak akordioa lehenetsi du edukien gainetik, eta proposamena «puntu lausoz josita dago. Ez du inolako konpromisorik jasotzen». Mahai horretan parte hartu zutenek han zertaz hitz egin zuten esplikatzeko arazo handiak dituztela ere uste du ELAko ordezkariak. Gai horretan ere, Jaurlaritza aipagai du Muñozek, Bizkaiko zahar etxeetako greba gogoan: «ELA ez da gobernuaren kanpainetan laguntzaile izango, emakumeek borrokara jotzea erabaki dutenean gobernu horrek greba zapuzteko gutxieneko zerbitzu handiagoak ezarri baititu; emakumeei manipulatuta daudela leporatzen baitie; lizitazio gero eta merkeagoak onartzen baititu emakumeen esplotazioa posible eginez».

ELAk erasora jotzeko asmoa duela ere azaldu du Muñozek hitzaldian. «Sindikalismoak eraso egin behar du. ELA prest dago negoziazio kolektiboan erasoa jotzeko». Horretarako, greba eta erresistentzia kutxa funtsezkoak direla uste du sindikatu buruak, «sindikalismoak prekaritateari taxuz aurre egingo badio».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna