«Greba bere horretan helburu bilakatzea» egotzi dio Aranburuk ELAri

Bere sindikatua grebetan ez dagoela esatea «ez da egia», LABeko idazkari nagusiaren arabera. Protesta «eraginkorrak» behar direla dio

Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusia, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Xabier Martin - Iker Aranburu
2018ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Sindikatu abertzaleen artean «dena ez doa ondo». ELArekikoharremanari buruz ahoan bilorik gabe mintzatu da lehen aldiz jendaurrean Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusia. Onda Vasca irratiari egindako adierazpenetan, Aranburuk leporatu dio ELAri greba egite soila helburu bilakatu izana, eta estrategia horrekin LAB bidaide ez duela izango azaldu du. «Grebak eraginkorra izan behar du, eta ezin da bihurtu helburu bat bere horretan».

Duela ia hamar hilabete, LABeko idazkari kargua hartu zuenean, Aranbururen lehentasunetako bat zen ELArekin aliantza indartzeko «apustu eta saiakera argia» egitea. Estrategia horri eusten dio sindikatuak, baina azken adierazpenek argi utzi dute saio hori itopuntuan dagoela.

Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak jendaurrean eman zuen abisua, joan den asteazkenean bere sindikatuko webguneanidatzitako iritzi artikuluan. Haserre azaldu zen LABekin, hark akordioa lortu zuelako Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin irakaskuntzako arlo batzuetan: haur eskolak, garbiketa eta sukaldeak, eta heziketa berezia —azken hori ez da gauzatu, Steilasek ez duelako onartu—. Muñozek «eduki txarrak» onartu izana aurpegiratu zion LABi, eta ohar bat egin zion: «Gatazkarik eta grebarik gabe ezin da emaitzarik lortu prekaritatearen aurka. Ez goaz bide onetik greba arazo bihurtzen bada mugimendu sindikalarentzat».

Greben inguruko gogoeta batekin erantzun zion atzo Aranburuk. LABeko buruak salatu zuenELAk «kontakizun bat eraiki» duela azken asteetan, eta kontakizun horretan esaten dela LAB ez dagoela grebetan, eta horregatik ezin dela «aurrerapausorik eman». «Ez da egia», aldarrikatu zuen.

Borrokaren helburuak

«Sektore bakoitzaren errealitateari buruzko eztabaida» eskatu dio LABeko idazkari nagusiak ELAri, «greba molde eraginkorrenari buruz». LABen abiapuntua da langileei «kostu sozial txikiena eragitea» eta patronalari «handiena». Aitzitik, Aranburuk dio «sarritan» Muñozen sindikatuak ez duela nahi izaten «borroka helburuen eta metodoen eztabaidan sartu». LABeko buruaren arabera, ELAk «egin beharreko greba egunak» jartzen ditu eztabaidaren funtsean, «edo greba mugagabea egin behar ote den».

LABeko buruak argi dauka «langile klaseak eta herri honen errealitateak» eskatzen dutela sindikatu abertzale nagusien arteko aliantzan sakontzea. Baina, Onda Vascari egindako adierazpenetan, auzitan jarri zuen ELAk ere xede hori baduenik. «Itxura batean, dauzkagun oztopoak gainditzeko saioa alboratzearen hautua egin du ELAk».

ELAren kontakizuna «oso zaila da justifikatzea», Aranbururen iritziz. LAB ez dagoela grebetan esatea «gezurra da, eta ELAk badaki, baita langile klaseak ere LABen proiektua ezagutzen dutenean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.