CCOOk alde egiteak Elkarrizketa Sozialerako Mahaia hautsi du

Sindikatuak uste du Eusko Jaurlaritzak patronalaren esku utzi duela langileen formakuntza Confebaskekin sinatutako elkarlanerako itunarekin. UGTk datorren astean erabakiko du zer egin

Iker Aranburu.
2018ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Oreka eskasean eutsitako mahaia behin betiko hautsi zaio Eusko Jaurlaritzari. Atzo, CCOOk Elkarrizketa Sozialerako Mahaia uztea erabaki zuen, argudiatuta Iñigo Urkulluren gobernuak astelehenean Confebaskekin sinatutako elkarlanerako hitzarmenak edukiz hustu duela. Sindikatuen artetik, UGT baizik ez da geratzen mahaiaren bueltan eserita, eta agian ez luzarorako, haserre dagoelako gobernuaren eta patronalaren arteko akordio «desleialarekin». UGTk datorren astean erabakiko du zer egin.

Elkarrizketa Sozialerako Mahaia 2014ko abenduan sortu zen, Jose Maria Aburto orduko Enplegu sailburuaren ekimenez. Hankamotz sortu ere, ordezkaritza sindikalaren heren batek baizik ez zuelako eskainitako aulkia onartu: CCOOk (ordezkaritzaren %18,85, 2017. urtearen amaieran) eta UGTk (%10,68). Sindikatu abertzaleek ez parte hartzea erabaki zuten —ELA (%40,76) eta LAB (%18,98)—, argudiatuta organo horretan ez zirela funtsezko gaiak erabakiko, eta Jaurlaritzaren murrizketak zuritzeko tresna baizik ez zela izango.

Denborak arrazoi eman die mahaiaren eraginkortasuna auzitan jartzen zutenei, oso ekarpen murritza izan duelako. Errelebo kontratuak sustatzeko akordio bat lortu zuten 2015ean, baina, Jaurlaritzak hitzartutakoa indarrean jartzen ez zuela ikusita, mahaia uztearekin mehatxu egin zuen Unai Sordok, CCOOko orduko buruak. 2016ko uztailean, berriz, hauts asko harrotu zuen beste akordio bat sinatu zuten mahaikideek, gutxiengoan sinatutako lan itunak bilatzeko negoziazio kolektiboa desblokeatze aldera. Itun hark ELA eta LAB haserretu zituen, langileen gehiengoari «mespretxu» egitea zelakoan.

«Europan ez da halakorik»

Beste akordio batek eragin du orain CCOOren erabakia. Astelehenean, Jaurlaritzak eta Confebaskek itun bat sinatu zuten, haien arteko lankidetza sakontzeko bete beharreko lanpostuen azterketan. «Izugarri larria da», atzo Loli Garcia Euskadiko CCOOko idazkari nagusiak salatu zuenez. Gai hori mahaian eztabaidatzekoa zela iritzi dio sindikatuak, eta «desleiala» iruditu zaio patronalarekin soilik hitzartzea. Garcia bereziki haserre agertu zen Gasteizko gobernuarekin, «hautsi egin baitu negoziazio kolektiboan patronalen eta sindikatuen arteko oreka prekarioa». Mari Cruz Vicente CCOOko ekintza sindikaleko idazkariak gaineratu zuenez, itunak «enpresen trebakuntza beharrak soilik hartzen ditu kontuan», eta patronalen esku utziko ditu langileen eta langabeen formakuntza.

«Europa osoan ez da halakorik; inguruko inor ez zen hori egitera ausartu, eta diru publikoarekin egingo du, gainera», gehitu zuen Vicentek. Itun horren ondorioz gazteen prekaritatea handituko dutela uste du. «Elkarrizketa sozialaren aurkako proposamen gogorrenak nagusitu dira: Enplegu Sailarenak eta Adegirenak».

Elkarrizketa Sozialaren Mahaia ez ezik, CCOOk generoen arteko soldata arrakala aztertzen ari den negoziazio esparrua ere utzi du, Vicenteren esanetan, Jaurlaritzak eta Conbaskek bakarrik negoziatu nahi dutelako arazo horri buruz.

Itzultzeko deia

Jaurlaritzak tentuz erantzun dio CCOOri. Maria Jesus San Jose Lan sailburuak mahaira itzultzeko eskatu dio. «Desadostasunak badaude, irtenbideak ezin du izan elkarrizketa sozialaren bidea, elkar adostearena, uztea. Euskadik ezin du aurrera egin adostasun sozialik gabe».

Confebaskek, bestalde, ziurtatu du Jaurlaritzarekin sinatutako akordioa bateragarria dela Elkarrizketa Sozialaren Mahaiarekin. Patronalak ukatu egin du sindikatuekin «desleial» jokatu duela, eta mahaira itzultzeko eskatu dio. «[CCOOren erabakiak] zinez harritzen gaitu; ez dugu ulertzen, eta pena ematen digu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.