Berlinek ez ditu igo nahi EBko aurrekontuak, Bruselaren asmoen aurka

Alemaniaren iritziz, nahikoa da 2021-2027 bitarterako aurrekontuak BPGaren %1ekoak izatea. Bruselak BPGaren %1,11era igo nahi ditu

Angela Merkel eta Emmanuel Macron, Akisgranen (Alemania), joan den astean. RONALD WITTEK / EFE.
Jon Fernandez.
2018ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Alemania, printzipioz, aurrekontuetan diru gehiago jartzearen alde zegoen, atzo arte. Brexit-aren osteko Europan, EBko hurrengo aurrekontuetan, 2012-2027 bitartekoetan, diru gehiago jartzearen alde daude herrialde gehienak, sei izan ezik: Austria, Herbehereak, Danimarka, Finlandia, Suedia eta Zipre. Berlin ez da talde horretara pasatu, baina gehiengoaren taldetik bereizi da: hau da, ez du gutxiago jarri nahi, baina ezta gehiago ere. Olaf Scholz Alemaniako Finantza ministroak atzo defendatu zuen nahikoa dela aurrekontua BPG barne produktu gordinaren %1izatea, orain arte bezala, eta ez BPGaren %1,11, Europako Batzordeak proposatu berri duen bezala.

«Gauzak %1 batekin alda daitezke Europan», esan zuen Shcolz sozialdemokratak Alemaniako Parlamentuan. Azaldu zuen Erresuma Batuak ekarpen garbia egiten duela aurrekontuetan, eta hura joaten denean gutxiago izango dela banatzeko geratuko den dirua, nahiz eta herrialde batzuk diru gehiago jarri.

Handiak dira zuloak. Erresuma Batuaren agurrak 15.000 milioi euro gutxiago utziko ditu Bruselaren hurrengo aurrekontuetan, eta horri gehitu behar zaio 10.000 milioi euro gehiago beharko direla hiru lehentasun berriak finantzatzeko: immigrazioa, defentsa eta segurtasuna.

Diru gutxiago eta behar gehiago dagoenez, Europako Batzordeak maiatzaren 2an proposatu zuen aurrekontuak pixka bat handitzea: 1,28 bilioi euro gehiago, EBko BPGaren %1etik %1,11ra. Era berean, kohesio eta egitura funtsak %7 murriztea proposatu zuen, eta NPB Nekazaritza Politika Bateratua %5 apaltzea.

Aurrekontu berrien gaineko akordioa datorren urteko maiatza baino lehen lortu nahi du Bruselak, Europako hauteskundeak baitira orduan, baina estatu kideek zail ikusten dute epe hori betetzea. Eztabaida luze eta korapilatsua izateko osagarri guztiak ditu proposamenak.

Baldintza gehiago

Herrialdeak ados daude lehentasun berriak finantzatzeko —immigrazioa, defentsa eta segurtasuna—, eta gehienak prest daude diru gehiago jartzeko, baina ez dute murrizketarik nahi EBren oinarri tradizionaletan: funtsetan eta NPBn. Ekialdeko estatuak bereziki arduratuta daude kohesio eta egitura funtsen murrizketekin, eta Frantzia, Espainia eta Irlanda NPBrenarekin.

Alemaniak jartzen du diru gehien aurrekontuetarako, eta orain arte prest agertu da bere ekarpena handitzeko, baina, trukean, funtsak jasotzeko baldintzak gogortu nahi ditu. Baldintza makroekonomikoez gain, zuzenbide estatuari lotutako gutxieneko bermeak eskatu nahi ditu, eta berehala jarri dira kontra hiru bazkide: Hungaria, Polonia eta Txekiar Errepublika.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.