Entitateak aktibatzeko bidean

Aurtengo Euskaraldian herritarrak babesteko zeregina dute entitateek; 2019an, ardatz izango dira

Udaltop jardunaldiak egin dituzte ostegun-ostiralean Lasarte-Orian. UDALTOP.
Garikoitz Goikoetxea.
Lasarte-Oria
2018ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Urte erdi falta da Euskaraldia iristeko, eta dozenaka herritan ari da mugimendua areagotzen. Aurrera begira jartzen hasiak dira antolatzaileak, hala ere. Entitateek zer rol izan behar duten euskaldunen hizkuntza ohiturak aldatzeko bidean, hori izan zuten hizpide atzo Udaltop jardunaldietan. Aurtengo Euskaraldian herritarrak izango dira ardatz, eta entitateei eskatuko diete «babesle eta legitimatzaile» izan daitezela, herritarrei bidea erraztu diezaietela euskara gehiago erabiltzeko. Datorren urteko Euskaraldian, berriz, entitateak eurak hartuko dituzte jomugan: neurriak har ditzatela beren esparruan erabilera areagotzeko.

Ostegun-ostiraleko saioa izan da Udaltop. Lasarte-Orian (Gipuzkoa) bildu dira 270 teknikari, eta Euskaraldia izan dute hizpide. Ostegunean aurtengo egitasmoa izan zuten aztergai, eta ikusi zuten hainbat herritan zer dinamika daramaten; atzo, berriz, aurrerago jarri zuten begia, eta 2019ko Euskaraldiaren nondik norako nagusiez aritu ziren, abiapuntu gisa.

Euskaltzaleen Topagunea eta Eusko Jaurlaritza dira Euskaraldiaren bultzatzaile nagusiak —sustatzaile dira euskalgintzako eragile gehien-gehienak eta Euskal Herri osoko erakundeak ere—, eta bi horiek aurkeztu dituzte 2019ko Euskaraldirako oinarrizko gakoak. Ez dute proposamen egituraturik egin: dokumentu «irekia» egin dute, eta ekarpenak jasoko dituzte uztailera arte. Asmoa dute udazkenerako proposamena taxututa edukitzeko; hala ere, ez dute azken egitasmoa aurkeztuko aurtengo Euskaraldia egin arte.

Entitate desberdinak

Entitateen barruan askotarikoak daude, eta hiru maila bereizi dituzte. Lehenik, erakunde publikoak: «lehen mailako erantzukizuna» dute haiek. Bigarrenik, enpresa handiak, duten eraginagatik. Eta hirugarrenik, entitate txikiagoak, herrietakoak. Neurriak barnean eta kanpoan hartzea nahi dute, eta proposatu dituzte batzuk. Barnean, adibidez, batzarrak euskaraz egitea, euskarazko zirkuituak sortzea eta Interneteko harremanak euskaraz edukitzea; kanpoan, arreta euskaraz ematea eta jarduerak hala egitea. Gutxienez neurri horietako batek Euskaraldia amaitu ondoren indarrean segitzea proposatu dute.

Aurtengo Euskaraldirako sare zabala ari da osatzen, eta hori baliatu nahi dute entitateei neurriak eskatzeko. Lan arloan urteetan egindako bidea ere hartuko dute kontuan neurriak proposatzeko. Eta zabaldu beharra aipatu dute: enpresa handietara jotzeko, batera ekin behar dela, «lobby gisa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.