Al-Assadek zin egin du beste zazpi urtez Siriako presidente izateko

Oposizioak «itxurakeriatzat» ditu bozak: presidenteak botoen %88 jaso zituen ekainean
Soilik Damaskoren kontrolpeko eremuetan egin zituzten bozak. Irudian, Baxar al-Assad, atzoko ekitaldian.
Soilik Damaskoren kontrolpeko eremuetan egin zituzten bozak. Irudian, Baxar al-Assad, atzoko ekitaldian. EFE

Adrian Garcia -

2014ko uztailak 17
Hirugarren legealdiari heldu dio Baxar al-Assad Siriako presidenteak. Beste zazpi urtez gidatuko du herrialdea ekainaren 3ko hauteskundeak irabazi ondotik. Nagusitasun osoz gailendu zen bozetan, gainera, botoen ia %89 eskuratuta. Lehen aldiz urteetan, hautagai bat baino gehiago lehiatu ziren. Haatik, oposizioko taldeek ez zituzten aintzat hartu; haien arabera, Al-Assadek bere burua zuritzeko iruzurra besterik ez dira. Siriako Gobernuaren menpeko eremuetan bakarrik bozkatu zuten. Izan ere, gerra zibil odoltsu batean itota dago herrialdea, 2011ko martxoan gobernuak haren aurkako protestak bortxaz zapuztu zituenetik.

Karguaren zina egin ostean, gogor egin zuen presidenteak ordu eta erdiko hitzaldian matxinoen eta haiek babesten dituzten herrialdeen aurka. Estatuko telebistak zuzenean eman zuen ekitaldia Damaskoko presidentearen jauregitik. «Terrorismoa sostengatzen duten arabiar eta Mendebaldeko herrialdeek gogotik ordainduko dute», ohartarazi zuen Al-Assadek. Ez zuen herrialde horiek zeintzuk diren aipatu. Besteetan, Turkiari, Saudi Arabiari eta Qatarri leporatu die matxinoak babestea.

Presidenteak ez du etengo «terrorismoaren aurkako borroka» herrialde osoan segurtasuna bermatu arte. Halere, adiskidetzerako atea zabalik utzi zuen. «Elkarrizketa nazionalera» batzeko dei egin zion oposizioari. «Estatuaren aurka armak hartzeko engainatu zituztenei borrokan etsitzeko eskatzen diet». Adiskidetze nazional horretara ez dituzte gonbidatuko «aberriaren aurkako jarrerak» erakutsi dituztenak. Al-Assaden ustetan, matxinoek ez dute jomugan gobernua, baizik eta «aberria bera».

Atzerrira erbesteratu diren siriarrekin hitz egiteko prest agertu da presidentea. Edonola ere, horiek ez ditu siriarren ordezkaritzat. «Leial diren herrialde horien ordezkari dira».

Ekaineko hauteskundeen garrantzia nabarmendu du Al-Assadek. Haren hitzetan, hauteskundeak irabaztean «terroristei gailendu» zaie. «Siriarrek beldur mota orori eta terroristei irabazi diete. Bozkatzera joan ziren, eta porrot egin dute etsaiek».

Haren jarraitzaileentzako hitzak izan zituen presidenteak: «Hiru urte eta lau hilabete pasatu dira batzuek 'askatasuna' oihu egin zutenetik». Al-Assaden arabera, «benetako iraultzaileak» dira gobernua sostengatu dutenak. «Zorionak zuen iraultza eta zuen garaipenagatik».

Palestinako gertakizunei buruz ere jardun zuen presidenteak, herrialdeak pairatzen duen gerra zibilarekin lotzeko. «Mendebaldearen plan bat da Ekialde Hurbilean gertatzen ari dena».

Estatu Islamikoa eta beste talde islamisten muturreko jarrerak erabili zituen matxino guztiak zaku berean sartu eta haien kontra egiteko. «Askatasuna eta iraultzaren benetako aurpegiak agerrarazi dira».

Azken urtean, Siriako Gobernuak hainbat gune berreskuratu eta haren menpekoak egonkortu ditu, Iranen eta Libanoko Hezbollah mugimendu xiitaren babesari esker. Al-Assadek mendean du hiriburutik Homs hirira, eta Hama eta Latakia probintzietara doan korridorea. Halere, iparraldeko eta ekialdeko lurraldeak matxinoen eskuetan daude. Iparraldeko Raqqa probintzian indartsu egin da Estatu Islamikoa. Siriako Giza Eskubideen Behatokiak salatu duenez, lurralde horretan zerga berezia kobratzen hasi da hango saltokiei ura eta elektrizitatearen truke.

Ekialdean, Deir ez-Zor eskualdean gotortu dira muturreko islamistak, Irakekiko mugan, eta kalifa-herria aldarrikatu dute Iraken eta Sirian kontrolpean dituzten eremuetan. Al-Qaedari lotutako Al-Nusra Frontearekin etsaituta dago, ordea, eta haien artean borrokak izan dituzte.

Beste matxino talde moderatuagoak, Mendebaldearen laguntza dutenak, Estatu Islamikoaren kalifa-herriaren aldarrikapena deitoratu dute, eta haiek ere aurka egiten diete islamistei.

Armadaren bonbardaketak

Alde askok borrokatzen dute, izan ere, Siriako gatazkan. Nahiz eta matxino guztien helburua Al-Assad boteretik kanporatzea izan, ugariak dira haien arteko liskarrak. Gatazka hasi zenetik 171.000 lagun inguru hil dira dagoeneko. Batez ere, aire erasoak erabiltzen ditu Siriako armadak matxinoen aurka. Jakinarazi dute Al-Assadek bozak irabazi zituenetik operazio horietan hil dituztenen kopurua: 743 lagun, Siriako Giza Eskubideen Behatokiaren arabera. Horietatik 197, adingabeak. Gobernuz kanpoko erakundeak nabarmendu du hildakoen ia erdiak Alepo eta inguruetakoak zirela, ohikoak baitira inguru horretan abiazioaren erasoak. Salatu dutene lehergailuz beteriko kupelak jaurtitzen dituela armadak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna